EUSKADIKO ORKESTRA
Zuzendaria: Stanislav Kotxanovski. Biolontxeloa: Daniel Muller Schott. Egitaraua: S. Prokofieven Sinfonia kontzertantea eta A. Scriabinen 2. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoaren 27a.
Zama handiko programa izan zen ostegunean Euskadiko Orkestrak aurkeztu zuena, XX. mende hasierako Errusiako orkestra-musikaren bi izen handi taula gainera ekarri zituena: Sergei Prokofiev eta Aleksandr Scriabin. Konplexutasun emozional eta originaltasun handiko musika-paisaiaz gozatzeko aukera ederra izan zen, Sobietar Batasunaren aurretik eta ondoren idatzitako sinfonismoaren bi eredu.
Prokofieven Sinfonia kontzertantea obra berantiarra da, hainbat berrikuspenen ondoren Rostropovitxek 1954an lehen aldiz interpretatu zuena. Partituran intentsitate dramatikoa eta lirika fina batzen dira, bi munduen arteko baturan, eta egitura formal konplexuak bizitasuna hartzen du biolontxelo bakarlariaren eta orkestraren arteko hartu-emanean. Daniel Muller-Schottek teknika apartaz hornitu zituen Prokofieven musika-hizkuntzaren berezko baliabide tinbriko eta harmonikoak. Gaien garapenean oparotasunez aritu zen, dinamiketan eskuzabal, une oro fraseatze samur eta zorrotzak erakutsiz. Tradizio klasikoa eta soinu-egitura berritzaileen konbinazioan orkestra ere fin aritu zen, pieza goitik-behera menderatzen zuen batuta apartaren gidaritzapean; nabarmenki, azken mugimenduan orkestrako lehen hari boskoteak izan zuen parte-hartze bikainean.
Bigarren zatian, Scriabinen 2. sinfoniak dentsitate eta abstrakzio maila altuagoak hartu zituen. 1901 eta 1903 artean konposatuta, post-erromantizismoaren eta XX. mendeko abangoardia musikalen arteko inflexio-puntua irudikatzen du. Berriro ere agerian geratu zen Kotxanovski eskarmentu eta ezagutza handiko zuzendaria dela, errepertorio hau gorenera eramateko gidari ezin hobea. Zeinen ederra biola, biolontxelo eta kontrabaxuen soinua, zeinen trinko eta argi ari diren zurezko-haize sekzioan euren tinbreak garatzen —klarineteak eta zeharkako txirulak aipatu behar ditut ezinbestean—, eta zeinen ondo mantendu zuten metalek masarekiko oreka.
Errusiar sinfonismoaren ur aberats eta sakonetan murgiltzeko aukera eskaini zitzaigun; salbamendu-jaka soinean, ez ginen ito.