Ilunorduak eta argilaurdenak Joxantonio Ormazabalen poema liburua —euskaraz eta gazteleraz—, Aienatze-marra eta Haur korapiloak Juan Kruz Igerabideren poema eta aho-korapilo liburuak—errumanieraz, gazteleraz eta euskaraz lehendabizikoa, eta euskaraz eta gazteleraz bigarrena—, Karlos Linazasororen Bestiarioa eta Hilerrikoiak bi nobela laburrak biltzen dituen liburua —euskaraz eta gazteleraz— eta Aizpea Goenagaren Arrainontzia —euskaraz eta errumanieraz— liburu eleaniztunak argitaratu ditu Atenea Linguistika Aplikatuko Zentroak.
Ilunorduak eta argilaurdenak lanaren itzulpenaz Jose Luis Padron arduratu da, eta Igerabidek hitzaurrea egin dio: «Zuhaitzaren adarraren puntaren puntan kantari zegoen txoria. Irudi horrekin nolabait definitu nahi izan nuen Joxanen izaera», azaldu du. Padronek nabarmendu du giza existentzia ulertzeko modu bat dela literatura, eta bereziki poesia jo du horren adibidetzat: «Ormazabalek ere horrela sinesten zuela ziur nago. Horregatik aukeratu zuen poesiaren ahotsa bizitza eta munduaz ulertzen zuen guztia liburu honen bitartez guri adierazteko». Poesiak mundua ez duela aldatuko ere esan du: «Poetak gara, baina ez inozoak. Baina ez dio utziko munduari gizatasunetik geratzen zaigun apur horretan gu ere aldatu gaitzan». Horren adibide garbitzat jo du Ormazabalen lana: «Oso ondo idatzia, musikaltasun handiz eta ahots poetiko finez, ironiaz eta umorez» osatua dagoela gaineratu du.
Bere liburuaz jardun du Linazasorok: «Gazteentzako eleberri modura planteatu nuen. Ispilu-joko bat da, eta protagonista nire antz dezente daukan liburuzain bat da. Eleberri bat idatzi nahi du; ezin du, ordea, mila problema dauzka... Ironia eta autoironia asko dauka, barre asko egiten diot neure buruari». Irakurterraza dela esan du, eta munduan eta gizartean atsegin ez dituen gauzak kritikatzeko baliatu duela ere bai: «Gauza sakonak esaten dira: filosofiaz, heriotzaz, maitasunaz. Baina modu umoretsu batean, irakurlearengana errazago iristeko».
Indarkeria psikologikoari buruzkoa da Goenagaren Arrainontzia, hark esan duenez, eta antzerki gidoi gisara idatzita dago. 2009an argitaratu zen, eta orain errumanieraz izatea «opari bat» begitandu zaio. Olatz Beobide aktoreak bultzatu zuen lan hori idaztera: «Lehenago ere lan egin nuen tratu txarren inguruko kontu batean, eta Olatzek buruan bazerabilen gai hau hartzea. Nik ez nuen ikusten gaia antzerkian. Baina bazegoen modu bat: psikologikoa. Ez da fisikoa, baina min berdina egiten du, eta zurrunbilo horretan sartzen den pertsona baten istorioa da». Izenburua horrekin identifikatu du: «Itxia da, non daukazun ur horrek berak ito egiten zaituen, eta zuk zerorrek zikintzen duzu». Tratu txarrik ez duela jasan esan du Goenagak, baina badaudela beste bizipen propio batzuk lanean islatuak.
Bi urtez «lo» egon ostean, euskarazko lanak itzultzeari ekin diotela berriz ere eman du aditzera Matilde Rovira Ateneako buruak. Orain arte 27 liburu, lexiko liburu bat eta euskarazko egitura gramatikalei buruzko lau zenbaki argitaratu ditu Ateneak. Kaleratu berri dituzten liburuak itzultzeko orduan, gaztelerazko bertsioak baliatu dituzte errumanieraratzeko, baina une oro egileekin harremanetan izan direla itzultzaileak azaldu du Rovirak.
Errumanierara eta gaztelaniara itzuli dituzte euskal letretako bost lan
Joxantonio Ormazabal, Aizpea Goenaga, Karlos Linazasoro eta Juan Kruz Igerabideren lanak dira argitaratukoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu