Errugabe direla diote

SOS Iruña-Veleia taldeak uste du ez dagoela frogarik Lurmen enpresa faltsifikazio batean nahasteko. Auzia artxibatzeko arrazoiak badirela berretsi dute

SOS Iruña-Veleia plataformak azken autoaren balorazioa egin zuen atzo. Irudian, Koenraad Van den Driessche, Juan Martin Elexpuru eta Idoia Filloy. JUANAN RUIZ / ARP.
edurne begiristain
Gasteiz
2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Arabako Probintzia Auzitegiak Iruña-Veleia auzia epaiketarako bidean jarri eta astebetera, Lurmen arkeologia taldearen errugabetasuna berretsi du SOS Iruña-Veleia plataformak. «Aurkitu al dute ustezko faltsifikazioak egindako lantegia? Grabatzeko tresnak? Paperak, gutunak, mezu elektronikoak, telefono deiak? Zerbait? Ezer ere ez». Galdera horiek mahai gainean jarrita, plataformakoek nabarmendu dute ez dagoela frogarik Eliseo Gil eta Oskar Escribano Sanz arkeologoak faltsifikazio batean nahasteko. «Lantaldearen errugabetasuna defendatzen dugu, Lurmenen izan ziren guztiena», argitu du Juan Martin Elexpuru SOS Iruña-Veleia taldeko bozeramaileak. Hori hala, babesik ez diote agertu auzian auzipetuta dagoen Ruben Cerdani, garai hartan Lurmenen enkarguz piezen egiazkotasuna frogatutzat eman zuen fisikari nuklearrari.

Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoek gidatutako taldeak2006ko ekainaren 8an aurkeztu zuen Kristo ondorengo III. mendeko 400 piezatik gorako multzoa jendaurrean. Aztarna horien artean, kristautasunaren hedapenari buruzko teoriak aldaraziko zituzten marrazkiak zeuden, bai eta euskarazko idazki sorta garrantzitsua ere. Haatik, Arabako Foru Aldundiak bi urte geroago ebatzi zuen inskripzioak faltsuak zirela;Lurmen arkeologia enpresari aztarnategia ustiatzeko baimena kendu zion, eta arkeologo taldea auzitara eraman zuen.

Denbora luze honetan, Lurmen enpresako arkeologo taldeak eta haien alde sortutako SOS Iruña-Veleia plataformak azpimarratu dute ez dagoela zientifikoki frogatuta grafitoak faltsuak direnik, eta, beraz, kasua bera zalantzan jartzen duela horrek. Auzia epaiketarako bidean dela, piezen «egiazkotasuna» eta lantaldearen «errugabetasuna» berretsi dituzte plataformakoek. Taldearen izenean mintzatu da Elexpuru: «Ezagutzen dugu 700 orrialdetik gorako polizia txostena, eta ziurta dezakegu han ez dagoela Eliseo Gil eta Oskar Escribano balizko faltsifikazio batean nahasten dituen ezer».

Epaiketaren atarian, halere, epailearen autoak auzipetuen defentsarako alde «positiboak» ere badituela nabarmendu dute, artxibatu egin dituelako iruzur larriaren eta ondare desplazamenduaren delituak, eta, beraz, akusatuei ez dietelako irabazi asmorik leporatzen ustezko faltsutzean.

Hutsuneak zaintzan

Auzia artxibatzeko aurkeztutako helegitea atzera bota du auzitegiak, baina horretarako «arrazoi ugari» daudela diote taldeko kideek. Besteak beste, uste dute auzitan dauden piezak ez direla behar bezala zaindu, eta «ulertezina» dela urte luze hauetan grafitoak Arabako Foru Aldundiaren esku egon izana. «2009ko martxokoa da Lurmeneko kideen aurkako kereila nagusia, eta une horretan bertan zigilatu behar ziren grafitoak, eta Auzitegian gorde. Ez zen horrela egin. Piezak Bibat museoan egon dira urte hauetan guztietan, eta ez dakigu noiz zigilatu ziren», salatu du Elexpuruk.

Haren esanetan, grafologo talde batek aztertu zituen piezak 2009ko bukaeran eta 2010eko hasieran, eta ez du zalantzarik «beste esku askotatik» ere pasatu direla. «Begi bistakoa da hautsi egin dela eztabaidan dauden piezen zaintza katea; ez da zaintza katerik egon. Horrek automatikoki auzia artxibatzea ekarriko luke».

SOS Iruña-Veleiaren aburuz, une honetan arkeometria laborategi espezializatuek «soilik» erabaki dezakete auziaren inguruan. Taldeak berak British Geological Survey erakundeari eskatu zion azterketa egiteko, eta analisi-proiektua jaso bazuen ere, aldundiak eta Gasteizko Epaitegiak uko egin zioten proposamenari. «Zigor epaitegia ez da erakunderik aproposena grafito batzuen benetakotasunaz eta faltsutasunaz erabakitzeko, soilik zientifikoa den gai baten aurrean baikaude», azpimarratu du Idoia Filloyk.

Ikerketak, ezbaian

Grafitoen faltsutasuna erakusteko egin diren ikerketak ere ezbaian jarri ditu plataformak. Besteak beste, salatu du «azaletako analitiketan» oinarritu dela epaitegiak IPCE-Espainiako Kultur Ondasunaren Institutuari eskatu zion grafitoen azterketa, eta ohartarazi Kultura Ministerioaren laborategi horrek frogatu duen gauza bakarra dela azaletan metal modernoak daudela, ez karbonato, ke edo sedimentuen azpian, gainean baizik. «Metal horiek garbiketa eta errestaurazio prozesuan itsatsi ahal izan zaizkie erraz asko piezei, eta baita batzordekideek, grafologoek eta abarrek esku artean erabili dituztenean ere», adierazi du Filloyk.

Koenraad Van den Driessche geokimikari eta plataformako kideaksalatu du «zentzugabekeria» dela afera guztia, haren aburuz Gilen ospea auzitan jarri nahi delako «neurriz kanpoko» akusazioak leporatuta. «Burutik ondo dagoen inork sinetsi ote lezake Eliseo Gilek, duen prestakuntza akademikoa izanda, Descartes idatzi zuela zeramika batean?», galdetu du.

Orain, Arabako Aldundiak eta fiskaltzak epe labur bat dute akusazioa formulatu, balizko delituak zehaztu eta zigorrak eskatzeko. Plataformako kideek uste dute aldundiaren esku dagoela auziaren etorkizuna, eta erakundeari galdetu diote ea zerbitzu juridikoak erabiliko ote dituen Gilen eta beste auzipetuen kondena bilatzeko. Haien aburuz, «doilorkeria ikaragarria» litzateke sufrimendu gehiago gaineratzea auzipetuek jasan duten bederatzi urteko «aulki zigorrari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.