Errudunak, erantzuleen faltan

Eskolako jazarpena ardatz hartuta, 'Soka' antzezlana estreinatuko dute Donostian, asteazkenean

Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, estreinatuko duten leku berean, aurkeztu zuten obra, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Julen Aperribai.
Donostia
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Nekez imajina dezake irakasle batek irudi bortitzagorik bere lantokian, ikasle duen haur bat soka batetik zintzilik aurkitzea baino. Egoera hori hartu du abiapuntutzat Mikel Gurreak, Tanttaka Teatroak datorren asteazkenean taularatuko duen Soka antzerki obraren egileak. Donostian, Viktoria Eugenia antzokian estreinatuko dute lana, eta bertan aurkeztu zuten atzo.

Eskola jazarpena ardatz hartuta, gertakizun gogorrak atzetik ekarriko duen soka are luzeagoa egingo da, haurraren irakasle Igorren jokabidea jo puntuan jartzen dutenean. Erruaren eta erantzukizunaren arteko muga finean aurkituko du bere burua Iñaki Rikartek antzeztutako pertsonaiak, eta soka batzuetan tenkatzen eta bestetan lasaitzen den barne gogoeta batean murgilduko da. Mendekutik asko duen errudunaren bilaketak estaltzen dituzte, askotan, egoera den modukoa egin dutenak; erantzuleak, azken batean. Paradoxa horretan posizionatzeaz eta posizionatu beharraz ere ari da: «Erruduna bilatzen dugu beti, eta, behin topatuta, lasai, zerraldo egiten dugu lo. Aldiz, erantzukizuna amorfoa da. Denok harrapatzen gaitu, eta ez digu uzten atseden hartzen».

Bullying-a gertutik bizi izan duen norbaiten larruan jarriz, «oso mediatikoa» den gai bati buruzko gogoeta ikuslearekin partekatu nahi izan du Gurreak, «erantzun jakin bat emateko asmorik gabe». Gogoeta pertsonal hori bakarrizketa moduan aurkeztuko zaio hartzaileari. Gaiarekiko distantzia hartu, eta testuinguru oso berezi batean, pertsona batek buruan darabiltzanak erakusteko balio izan dio bakarkako taularatze horrek, jokabidearen inguruko edozein epaiketa albo batera utziz. «Gai oso delikatua izanik, lehenengo pertsona erabiltzeak eman dit subjektibotasuna sartzeko aukera». Produkzioa ere erraztu du horrek, elementu gutxirekin «jolastu» ahal izan baita horrela. Aldi berean, zintzoki utzi ditu agerian obra idazteko orduan buruan izan dituen bi erreferentzia nagusiak: Hattie Naylor antzerkilaria eta Thomas Vinterberg zinemagilea.

Ikus-entzunezkoetan aritua da, batez ere, Gurrea, eta D2016k martxan jarritako Antzerkigintza Berriak proiektuak eman dio aukera antzerki obrarako gidoia Tanttaka konpainiarekin lantzeko. Mireia Gabilondoren eta Patxo Telleriaren laguntza ere izan du testuan. «Uste dut irratian izan nuela egitasmoaren berri. Beti izan dut gogoa antzerkia idazteko, betidanik izan bainaiz antzerkizalea». Helburu argia du egitasmoak, «idazketa propioa sustatzea, ahots eta testu berriekin». Donostiako Viktoria Eugenia, Bilboko Arriaga eta Gasteizko Principal antzokien elkarlanari esker, hiru leku horiek izango dituzte hasierako plaza diruz lagundutako obrek. Olatz Gorrotxategiren Coordenadas izan zen estreinatzen lehena, iazko azaroan.

Teknikari eta antzezteko erari dagokienez, zailtasun handiko obra dela uste du Fernando Bernues zuzendariak. Aurrez antzerkirako gidoirik idatzi gabeko norbaiti horretarako laguntza ematean, D2016ren proiektuak arriskatzeko ausardia izan duela txalotu du, eta, aldi berean, azaldu du halako egitasmoek diziplinen arteko elkarlana bultzatzen dutela, Gurrearen ohiko esparrua, zinema eta ikus-entzunezkoak, adibidetzat jarriz. Alde horretatik, halere, egiteko asko dagoela iritzi dio: «Oso egonkorrak eta zurrunak dira diziplina desberdinak, eta bat bestearen eremuan sartzen denean, eraso moduan hartu ohi da». Zehaztasun handirik eman gabe, antzezlanean ikus-entzunezkoak presente daudela ere aurreratu du. Pertsonaia nagusiaren etengabeko memoria ariketak irudikatzeko erabili dituztela azaldu du.

Begiak, kanpora ere bai

Bernuesek uste du proiekzio handiko antzezlana izateko osagaiak badituela Soka-k, oso egungo gaia delako bertan jorratzen dena: «Bai hemen eta bai kanpoan, oso gertu bizi dugun errealitate batetik idatzia dago. Edonon gerta daiteke antzezlan honetan gertatzen den hori». Lana beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera zabalik dagoela esan du, atzerrikoak euskarara eta gaztelaniara itzultzen diren modu berean. «Oso eskura» egon daitekeen aukera bat da harentzat, eta adierazi du Etxepare institutuaren lana lagungarri izan daitekeela eginbehar horretan. Bestalde, kritikatu du Euskal Herrian ez dagoela ia publikoki babestutako antzerki produkziorik, eta «hiriburutzaren markoan» soilik izan dela posible obra hau plazaratzea. «Potentzial handia dago, baina baliabiderik ez».

Donostia Kulturaren antzerki eta dantza programatzaileNorka Chiapussok bat egin du Bernuesekin Soka-k bertako eta atzerriko antzokietan ibilbidea izateko nahi horretan. Oraingoz, Montevideon emanaldi bat egiteko asmotan dabiltzala ere azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.