Errua: nork eragiten duen, zer eragiten duen eta artearen bidez nola azaleratu eta, bidenabar, neutralizatu daitekeen. Lankidetzan atera berri duten Quítame la culpa (Ken iezadazu errua) fanzineaz hitz egitean, hori dute ahoan, hain justu, Cris Lizarraga eta Alejandra Gomez egileek, eta obraren izenburuak berak argi uzten du bertan ageri diren istorioen gakoa zein den. Baina orobat ari dira erruaz Olatz Salvador abeslaria eta Jone Laspiur aktorea ere beren ibilbide profesionalaren inguruan hitz egitean; ez da hain agerikoa, baina azaleratu egiten da ezinbestean, izan norberaren potentziala etengabe zalantzan jartzearen ondorioz, izan pandemian lan egin ahal izateagatik —nahiz eta, Salvadorrek jakinarazi duenez, aurten egindako hamahiru emanaldietatik bat bera ere ez dioten ordaindu oraindik—.
EHUk antolatutako Birsortzen: kultura loratuz egitasmoaren barruan azaldu dute egoera, Edurne Garmendia Gaztea irratiko esatariak gidatuta. Halaber, fanzinearen nondik norakoak ere aletu dituzte Lizarragak eta Gomezek, telematikoki azken horrek. Indarkeria psikologikoa pairatu duten andreen lekukotza errealak biltzen ditu fanzineak, lehen pertsonan kontatutakoak, eta Lizarragaren esperientzia pertsonala du abiaburu. «Nire historiaz lagunekin modu naturalean hitz egitean kontziente izan nintzen indarkeria psikologikoa sistematikoki erreprimitzen dela». Inguruko andreei jazotakoa helarazteko asmoarekin, haien istorioa idatz zezatela eskatu zien, eta berea bidali zien eredu gisa.
Gomezen memeek ilustratu eta laburbiltzen dituzte testigantzok; Irantzu Varelak idatzi du hitzaurrea; Haizea Ogetak diseinatu du liburua, eta Pikara magazinak eman du argitara. Lizarraga bezala, Arte Ederretan lizentziaduna da Gomez, eta bere izengoitia, @culomala, ezaguna egin da sare sozialetan partekatzen dituen meme feministei esker: «Bizitakoa digeritzen dut memeen bidez. Hitzaldiak, liburuak... eduki hori esaldietan sintetizatzen dut, mundu guztiarengana hel dadin». Fanzinea biribiltzeko, molde hori aukeratu du ilustratzaileak: «Hainbat orritan esaten zutena bi esalditan sintetizatzea lortu dut». Lizarragaren ustez, Gomezen ilustrazio eta hitzek «dinamismoa» ekarri diote lanari.
Errua kentzeko deia egiten du fanzineak izenburutik beretik, eta hori da bildutako istorioetan behin eta berriro agertzen den aldagaia. Areago, obraren «haria» da, Lizarragak nabarmendu duenez, eta bere bizipenetan ere ageri izan da, orobat: «Zailena da zeure burua ez epaitzea, zeure buruari errua ez botatzea, izenburuak dioen bezala».
«Indarkeria sinbolikoaren» izaerak oztopatu egiten du, ordea, erasoaren erantzulea nor den argi ikusi ahal izatea: «Kartzela ikusezina da, eta bertan giltzapetuta dagoen pertsona isolamendu horren parte da». Harremana bukatu eta gero jabetzen da bat egoeraren larritasunaz, Lizarragak azaldu duenez: «Ez duzu antzematen; onartu egiten duzu, eta denbora igarotakoan ulertzen duzu zer gertatu den». Baliteke horrek erru sentsazioa areagotzea, eta bigarrenez gertatzen bada, norbere buruari ezarritako «zigorra» gaiztotu egiten da: «Errua metatuz doa, eta konturatzen zarenean berriro egin dizutela, bikoitza da zama».
Gomezek dio mota horietako harremanetan erasotzaileak biktima «lausotu» egiten duela, eta hori jarri du agerian memeetako batean: «Gasezko argia amatatu ezazu indarkeria ikus ez dadin». Gaslighting-ari egiten dio erreferentzia Gomezen esaldiak: indarkeria zorrotz bat, zeinaren bitartez erasotzaileak zorotzat jotzen baituen biktima. «Kontatzeak lotsa ematen du, eta, indarkeria egiten duena defendatzeko joera dagoenez, nola aipatuko duzu, jakinda ez dizutela sinetsiko?». Emakumeak izandako joeran jartzen dute arreta, dioenez: «Komentatzen dute: 'nolatan izan da gai hori guztia jasateko?'». Lizarragari ere ezagunak zaizkio iruzkinok, «baina indarkeriak ez du zerikusirik azkarra izatearekin, hitzaldietara joatearekin edota liburuak irakurtzearekin».
Kontatzea, aringarri
Esan liteke Quítame la culpa lana ezustean sortu zela, eta are ezustekoagoa izan dela eduki duen oihartzuna. Izan ere, helburu finkorik gabe hasi zen idazten Lizarraga; «pultsio ariketa» gisa baino ez hasieran: «Aspertuta nengoen behin eta berriro gertatzen ziren istorio horiek entzuteaz». 2018an izan zuen bulkada, eta, hiru urteren ondoren, mila ale inguru saldu ditu har horren emaitzak. Alegia, fanzineak aukera eman dio Lizarragari hasieran modu indibidualean pairatu beharrekoa sozializatu, eta egoera berdintsuan zeuden beste hainbat emakumerekin bat egiteko: «Publikatu ondoren, gainera, emakume askok mezuak bidali dizkigute haien bizipenak partekatzeko».
Hala, indarkeria psikologikoa agerrarazteko ez ezik, haiek pairatutako indarkeriaren aringarritzat ere balio izan die obrak, hein batean: «Norbere penak kontatzea eta besteenak entzutea terapia kolektibo bat izan da. Enpatia sentitzen duzu, eta lasaitua hartzen duzu bakarra izan ez zarela jakitean». Dena dela, Lizarragak nabarmendu du «terapia erreal eta profesionala beharrezkoa» dela, eta haren inguruko aurreiritziak uxatzeko saiakera ere egin du. Hemen ere kidearekin bat egin du Gomezek: «Dibulgatzailea baino ez naiz; ez ditut terapeuta baten tresnak. Laguntza eskaintzen dut, ez terapia».
Arrakasta izateagatik, errua
Ez dute horren inguruko fanzinerik argitaratu, baina Jone Laspiurrek eta Olatz Salvadorrek era berean eska dezakete erruak kentzeko. Izan ere, lehenak dio iruzurtiaren sindromea delakoa sentitzen duela aktore gisa aurkezten dutenean, eta bigarrena «gaizki» sentitzen da, are, «insolidario», musikaren arloko hainbati gertatu ez bezala, bere jardunarekin jarraitu ahal izan duelako pandemia garaian: «Paradoxikoa da zenbat eta oihartzun handiagoa eduki, orduan eta gehiago txikitzen zarela, horri aurre egiteko bertigoa izango bazenu bezala», dio musikariak. Dena dela, Salvadorrek argi du, eta Laspiurrek bat egiten du harekin, zein den egoerari aurre egiteko moduetako bat, bederen: «Ezinbestekoa iruditzen zait ekosistema feministetan egotea».
Musikari afizionatu izatetik profesional izatera igaro da Salvador, eta harentzat, sentimendu artegagarria ez ezik, ogibidean bete-betean eragiten duen indarra ere izan daiteke errua. 2010ean hasi zen musikaren arloan, Skakeitan taldearekin, baina ez dira urte asko musika ofiziotzat hartu zuela, auto istripu baten ondoren hala erabakita. Ez zaio begitantzen atzera bueltarik gabeko hautua, halere. Psikologoa da ikasketaz, eta hori zen ofizioz ere istripua izan zuen arte, baina uste du edozein momentutan buelta daitekeela psikologo izatera.
Salvadorrek bezala, ikasitakotik kanpo ari da garatzen orain bere karrera Laspiur ere, hein batean. Arte Ederrak ikasi zituen, eta, artearen munduan sartuta segitzen duen arren oraindik ere, antzezpenean jarri du jomuga berriki. Mursegoren proposamenari kasu eginez aurkeztu zen lehen hautaprobara: «Ez nuen pentsatzen aukerak nituenik. Gero, katigatzen zara. Konturatzen zara aktore izatean edozein izan zaitezkeela». Zehazki, «kontraesanak» dituzten pertsonaiak interpretatzea du gustuko, eta Ane-n horretarako aukera izan du: «Interesgarrienak dira. Haiek interpretatzean, bizitzarako ere ikas dezakezu».
Goya sariak hauspoa eman dio begiz jotako bide horri jarraitzeko, baina, hala ere, egoera erraz alda daitekeela uste du, Salvadorrek bezala: «Ez nago prest etenaldirako. Paperik heldu ezean, gauza pila bat ditut egiteko: artea, musika...».
Aurrekoak zein atzekoak
Euskal emakumezko musikari trebe andana dauden arren, Salvadorrek zuhurtziaz dihardu musika sektoreko andreen ikusgaitasunaren inguruan: «Ez dezagun ahaztu panorama musikalean emakumeak ez garela %20ra heltzen». Baina, horrez gain, musikariak dio agertokitik kanpo ari diren langileengan ere arreta jarri behar dela. Baita Laspiurrek ere: «Zinemako gremio teknikoetan gero eta emakume gehiago daude». Halere, egoera batzuk ez dituzte soilik emakumeek pairatzen, azaldu duenez: «Gidoilariak, adibidez, ezkutuan daude, eta pobreak dira sarritan. Gidoia prozesu luzea da, askotan berrikusi beharra dago... Ane-ren gidoia idazteko lau urte behar izan zituzten».
Hasieran, atentzioa eman zion film batean parte hartzen duten langile kopuruak: «Industrian pertsona pila daude, eta asko harritu ninduen sindikatu propio bat ez egoteak». Izan ere, dioenez, «sekulako arrakala» dago batzuen eta besteen soldaten artean, aktoreek teknikariek baino «askoz gehiago» kobratzen baitute. «Ohiko lanaldia hamaika ordukoa da, baina gehiago ere izaten dira».
Alabaina, egoera batzuek emakumeei eragiten diete modu bereizgarrian, edo, bederen, haiek dute horiek bizitzeko aukera gehien. «Benetan eroso gauden oso leku gutxi daude emakumeontzat», dio, eta aktorearen gorputza da zinema industriak ez-seguru bihurtzen duen gune horietako bat, haren iritziz: «Zure gorputza ez da zurea guztiz, haiena baizik. Epaituta sentitzen zara hautaprobetan, makillatzeko tokian, arropen probetan, baita depilatuta joan behar izateagatik ere. Denbora guztian tentuz ibili behar zara. Me too icebergaren punta baino ez da».
Erruaren trazuak eta doinuak
Indarkeriazko harreman batetik irteteko eta norbere lana behar den neurrian baloratzeko, errua oztopo izaten da sarritan andre askorentzat, izandako lorpenak gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu