Mundu osoan zehar dabiltza erromesak. Bai erlijio bati edo besteari jarraitzen dioten pelegrinak, bai erlijioaz gaindiko arrazoiak direla-eta hara eta hona dabiltzanak. Hala izan da mendeetan, eta hala da egun ere. Erlijioaren harira, mundua ezagutuko zuten askok, baina erlijioen bidez ere ezagutu daiteke mundua, uler daitezke kulturak eta zibilizazioak. Uste horrekin idatzi du Jose Enrike Urrutia Capeauk Pelegrinak narrazio liburua. Bere lumaren bidez, hainbat erlijioren inguruko kondaira, ipuin eta gertakari historikoak kontatu ditu liburuan, Japoniatik hasi, Indiatik eta Europa erdialdetik pasatu, eta Antilletarainoko bidaia eginez. Begirada kritikoz eta ironikoz zenbaitetan; literaturatik betiere. Pamielarekin argitaratu du lana, eta atzo aurkeztu zuen, Donostian, Jose Angel Irigarai editorea eta Jose Julian Bakedano zinemagile eta laguna alboan zituela.
Erlijioarena ez duela gai berria, aurreko bere lan gehienetan aipatu izan duela adierazi zuen idazleak. Beti interesatu izan zaio. «Zibilizazio edo kultura guztietan erlijioa da gauzarik nabarmenena; baten bat nolakoa den jakiteko, zer erlijio duen jakitea izaten da zuzenena». Haren eraginaz jabetzeko, adibide bat jarri zuen: musulmanek, salbuespenak salbuespen, ikonografiarik apenas garatu zutela, eta, aldiz, kaligrafiarik ederrenak asmatu zituztela. «Hori gertatzen da erlijio batek agintzen duelako modu horretan. Eta gaur egun ez da bazterreko kontu bat; maila askotan, segitzen dugu horren esklabo izaten, gu konturatu gabe ere, eragin oso handia izaten segitzen baitu».
Erlijioaren eta politikaren arteko harremana ere interesatu izan zaio idazleari, esaterako. Baita erlijioek izandako garapena edo bilakaera ere, «erlijioak moldatzen direnean eta teologoek esku sartzen dutenean, nola traditu egiten duten fundatzailea». Katolikoak jarri zituen adibide, «Jesu Kristok ez bezala, geroko elizak borreroak erabili» izan dituela aipatuta. Eta budismoarekin gauza bera gertatzen dela gehitu zuen, azalpenari adibide gehiago erantsita. «Halakoetan nabaritzen da fundatzaileak muntatu zuen txiringitotik kanpora joan direla gero egiazko praktikan».
Horiek eta beste hainbat kontu islatzen dira liburuko hogei narrazioetan. Idazten aurrera egin ahala jabetu zen Urrutia Capeau «nahi gabe komikotasunera» jotzen ari zela. «Azken ipuinak pixka bat ironiaz eginak daude, zeren, esaterako, irakurri nuenean Akitaniako monasterio batean sagu bat saindu izendatu zutela ostia kontsakratu bat jan zuelako... Berez da barregarria, baina, molde berean, kontua Jesu Kristoren esanetatik noraino urrundu den ere erakusten du». Bestelako bitxikeriak ere jaso ditu idazleak. Ipuinetako batean, esaterako, juduen hainbat sektak duten debeku bat aipatzen du, zeinaren arabera ezin duten jan oiloek sabbath egunez errundako arrautzarik, «sabbath eguna jaungoikoarena delako, eta ez arrautzak jan edo jartzekoa». Bitxikeriak bitxikeria, bere asmoa ez dela «umore txarrez sartzea edo inkisizioari halako kritika bat egitea» izan azaldu zuen idazleak.
Askotariko erlijioen ingurukoak ageri dira kontakizunetan, nagusiagoetakoak ez ezik, minoritarioagoetakoak ere bai. Izan ere, erlijio bakoitzaren barruan adar eta sekta asko daudela adierazi zuen. «Kuban, orain, esate baterako, sartu dira metodistak, zazpigarren zapatuko ez dakit zer... eta horiek ere ez dira denak berdinak. Jehovaren Lekukoek, esaterako, aldarrikatzen dute beraiek soilik joango direla zerura; beste batzuek uste dute beraiek baietz, baina beste batzuk ere beharbada... Ezberdintasun asko daude». Guztiek partekatzen duten zerbait ba ote dagoen galderari, barrez erantzun zion: «Orokorrean, ez direla oso gauza ona. Pentsatzen baduzu mendeetan egon direla europarrak, adibidez, elkar hilka, izpiritu santurik dagoen edo ez dagoen dela-eta... Hori topatu dut orokorrean. Batez ere monoteismoak oso krudelak izan dira beti, eurena baino beste jainkorik ezin onartu sekula». Liburu sakratuetan «gauza ikaragarri batzuk» ere badirela gehitu zuen. Baina, aldi berean, kulturak ezagutzeko duten balioa eta, oro har, duten eragina nabarmendu zuen. «Kuriosoa da, esaterako, Kuban, errepublika ateo eta sozialista batean, Marti da apostolua, hildakoak dira martiriak, infernu kapitalistaz hitz egiten da...».
Idazle eta ilustratzaile
Sortzaile «jori eta prolifikoa» da Urrutia Capeau, Jose Angel Irigarai editorearen hitzetan. Duela ia hiru hamarkada argitaratu zuen bere lehen lana, Kadrila alegera festan da (1988), eta orain arteko azkena 2015ean, Jururu, Pamielarekin biak ere. Liburu berria «pitxi bat» da, Irigarairen iritzian. «Nire ustez, euskal letretan ez dago Capeauk bezala idazten duenik, ez eta istorioak kontatzeko duen maneraz jabetuta dagoenik ere». Maiz errealismo magikotik, askotariko munduak hona ekartzeko duen «dohain handia» goraipatu dio editoreak. «Eta gainera, ñabardura berezi batekin: kontatzen dituen istorioak, nola kontatzen dituen, eta zer hizkuntzarekin kontatzen dituen izugarriki ongi uztarturik daude».
Baina idazlea ez ezik, margolaria ere bada Urrutia Capeau. Hark eginak dira liburuko ilustrazioak, eta, Irigarairen ustez, «badirudi marrazten dituen pertsonaia horien baitan daudela istorioak». Sortzailearen margolari izatea goraipatu zuen Jose Julian Bakedanok ere. Idazle gisa, berriz, lan berrian erlijioa ardatz hartu izanaren harira, Isaiah Berlin pentsalariaren ideia bat ekarri zuen gogora: erlijioa mespretxa daitekeela, baina mundua ulertu nahi bada, ezin dela bazter utzi esan ei zuen. «Mundua ulertzeko saio bat da Capeauren liburua, oso atsegina eta dibertigarria, eszeptiko baten ikuspegitik egitate erlijiosoan sakontzen duena».
Erromesaldia kulturetan barna
Jose Enrike Urrutia Capeauk 'Pelegrinak' narrazio liburua plazaratu du. Hainbat erlijiori lotutako hogei ipuin edo kondairaren bidez, Asiatik Antilletarainoko bidaia egiten du lanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu