Erromantizismo arantzatsua

Rosa Valverde artistaren 200etik gora obra dituen atzera begirako erakusketa antolatu dute Iruñean

Rosa Valverdek Iruñeko Ziudadelan duen erakusketako piezetariko bat. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Sartu, eta gainera etortzen zaio berehala Iruñeko Ziudadelako mistoen aretoa bisitariari. 230 bat piezak hartzen dute Rosa Valverde artistaren (Donostia 1953) atzera begirako erakusketak, eta gainezka dirudi. Valverderenak dira piezen %90, Valverderenak baino ez, baina, hala ere, Erakusketa Kolektiboa 1953-2012 jarri diote izena bildumari. Alvaro Matxinbarrena artista aritu da komisario lanetan, eta esaldi bakarrean eman ditu izenburuarentzako eta piezen pilaketarako justifikazioa: «Rosa [Valverde] asko biltzen dira Rosa [Valverde] bakarraren baitan». Eta egia da. Sarrerako atea gurutzatu, eta berehala ohartzen da horretaz bisitaria. Azaroaren 4ra bitartean egongo da zabalik erakusketa.

Nahasian doaz biografia eta artea Valverderen kasuan, eta bere bizitza osoa hartzen du erakusketak horregatik; jaiotza urtetik hasi, eta 2012rainokoak. Matxinbarrenak azaltzen duenez, Valverdek ez daki lanbidea eta bizitza bereizten. Horregatik erabaki du komisarioak piezei datarik ez jartzea, guztiak bultzada berak gidatu dituelako. Margolanak, marrazkiak, eskulturak, instalazioak... Denak datoz indar beretik. «Oso poliedrikoa da, aldakorra, indartsua, delikatua eta basatia, eta baita gehiegizkoa ere».

Txikitatik erakusten omen zuen indar hori, eta txikitatik jaso zuen bere ingurukoen bultzada. Aitarena, bereziki: Antonio Valverde Ayalde artistarena. Hark ere ikusi zuen alabaren sormen gaitasuna, eta, eskoletara eramanez gero, garai hartan nagusi zen akademizismoak ito egingo ote zuen beldur, Jose Antonio Sistiagak gidatutako Pintura Libreko Akademiara eramatea erabaki zuen. Eta bere gisa aritu da beti geroztik Valverde. Vicente Ameztoi, Jose Llanos eta Andres Nagel artistekin batera askotan, bai, baina bere gisa beti. Libre.

Bihurria da donostiarraren jarduna. Inozo itxurakoa da batzuetan, gaiztoa besteetan, eta inozo eta gaiztoa ere bai beste zenbaitetan. Naif kutsuko irudi erromantikoak eta bihotz formako eskultura bitxiak, bai, baina baita maitasunaren irudi publizitarioa iraultzen duten panel ironiatsuak, eta kaiola batean sartutako umetxo baten panpina ere. Erromantikoa dela esatekotan ere, erromantiko arantzatsua dela esan behar. Matxinbarrenak ematen du azalpena: «Kapaza da larrosa beltz ezin erromantikoago bat urkatzeko, eta apropos ezin eder eta pinpirinagoa den dantzari bat egiteko ere. Ez du inolako beldurrik». Dioenez, azken urteetan baretzen ari omen da bere estiloa, baina komisarioa ez da askorik fio. «Adinak ekarriko zion baretasun hori, agian, baina baliteke haren beste broma bat izatea, eta hemendik gutxira berriz ere munstroa agertzea».

Valverdek azaltzen duenez, jasotako hezkuntzak badu garrantzirik horretan. «Sistiagaren akademian ikasi nituen bat-batekotasuna etaaskatasuna txikitan, eta oso barruan gelditu zait hori». Erakusketako piezetan agerikoa da geldi egon ezina ere. Hortik dator estilo aniztasuna, eta hortik erakusketa betetzen duen pieza kopuru handia ere. Barrutik aritzen dela dio berak. Behar-beharrezkoa zaiola sorkuntza. Hil edo bizikoa. «Ni arterik gabe hila izango nintzatekeen. Ez nintzatekeen existituko. Arteak laguntzen dit bizitzen».

Beste artisten begirada

Valverderen lanaren atzera begirakoa da erakusketa, eta horregatik harenak dira lan gehien-gehienak, baina ez guztiak. Bereen artean, bere lagun eta gertuko diren artisten pieza batzuk ere jarri nahi izan ditu donostiarrak. Valverderi egindako erretratuak dira gehienak. Handia da lan horiek sinatzen dituzten artisten itzala zenbaitetan: Sistiaga, Jose Miguel Corral, Ameztoi, Jose Luis Zumeta... Lankideak eta lagunak ditu Valverdek, eta horregatik egin die tarte bat Ziudadelan. Bizitza eta ofizioa partekatu dituztelako.

Belaunaldi kide ere baditu haietariko batzuk. Nazkatu xamarra dagoela ere onartzen du, halere. Kexu da maiz bere lana besterenaren itzalpean aurkeztu dutelako. Bere sorkuntzak berezko pisurik ez balu bezala-edo.«Hedabideetan nire izena agertzearekin batera, beti agertzen dira Ameztoi, Llanos, Nagel eta beste guztien izenak ondoan. Eta egia da lagunak direla, eta gauza asko partekatzen ditugula, baina nire obra aparteko obra bat da. Ez da haien eraginpean sortutako lan bat». Urrunago jo du Matxinbarrena komisarioak. Kasu bakana da Valverderena, haren hitzetan. «Talde hartako emakumezko bakarra zen Rosa, eta bere nortasun indartsuagatik, liluratu egin zituen gizonezko artista haiek. Baina eragozpen bat ere izan da hori bere kasuan, badirudielako gizonezko artistak emakumezkoen gainetik jartzen direla, eta nahikoa izorratzen du horrek».

Objektuekiko lilura

Propio egindako sorkuntza lanez gainera, objektu asko ere badaude erakusketan. Familiari eskainitako panelean, aitarena izandako paleta bat da erakusketako lehen pieza, esaterako. Bere bizitzaren parte diren objektuak bildu ditu artistak erakusmahaietan maiz. Eta halakoen kasuan, banan-banan konta dezake haien atzean dagoen historia. Oteizarekin bizitakoez mintzo da bien argazki baten aurrean, adibidez, eta Guardia Zibilarekin izandako aurrez aurreko baten ondorioez desagertutako koadroez gero, aitaren arte aldizkariez... Besterik gabe arraro edo bitxi egin zaizkion gauzak ere bildu ditu, ordea.

Bigarren eskuko azoketan bildutako objektuekin dabil azkenaldian lanean. Hala sortu ditu jostailuzko zaldiekin osatutako instalazioa, eta baita aretoko horma oso bat hartzen duten zenbait kutxa ere. «Txikitatik daukat objektuekiko lilura, eta hamahiru urterekin Madrilgo Rastroan aritzen nintzen gauzak erosten. Orain Ipar Euskal Herrian bizi naiz, Azkainen (Lapurdi), eta askotan joaten naiz bigarren eskuko azoketara. Aste bukaera oro. Eta hilabetean behin, nik neuk ere saltzen ditut nire gauzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.