Bilboko Azkuna zentroko terrazan, erromatar estiloko arkuen artean eta uztaileko eguzkiaren azpian aurkeztu du Manu Muniategiandikoetxea artista piktoriko eta plastikoak (Bergara, Gipuzkoa, 1966) bere obra berria: Schola Navicolare di Traiano. Konposizio hori osatzen duten hiru artelanek, bakoitzak bere erara, Ostia Anticaren espiritua biltzen dute, Erromako antzinako portuarena, alegia. Bertako arkitekturatik eta forma geometrikoetatik tiraka sortu ditu artistak, baina ezein anfiteatro edo jauregi erromatar erreproduzitzeko ideiatik urrun. Artista inspiratu zuen eraikinari arreta handiz begiratzen dionak Ostia Anticako zoladuretako mosaikoak eta erraldoien arteko borrokak aurkituko ditu kolore biziko eta neurri titanikoko lanetan, baina baliteke zerbait ikusteko obra urrunetik behatu edo hura zapaldu behar izatea.
Muniategiandikoetxeak Italiako hiriburuan egindako arte egonaldi baten fruitua da lana. Figurazioa lantzera joan zen hara, baina forma geometrikoek topatu zuten, eta beste bide bat zabaldu zitzaion. Horiek analizatzen hasi zen orduan, haiekin lan egiten. «Bertan zeuden duela 2.000 urteko erromatarren zoladurak, eta nire hizkera bera zerabilten», kontatzen du artistak; «altxor bat topatzearen modukoa izan da; nik jaso besterik ez dut egin».
«Bertan zeuden duela 2.000 urteko erromatarren zoladurak, eta nire hizkera bera zerabilten».
MANU MUNIATEGIANDIKOETXEAArtista
Duela bi hilabete eskas, altxor hori Bilbora ekartzeko eskatu zioten. Baina, Azkuna zentroaren terrazak dagoeneko erromatar arkitekturaren kutsu nabarmena bazuela iritzita, obrak era berritzaile batean planteatu zituen, erromatar arteaz espero daitezkeen kolore eta estilo kodeak errespetatu barik.
Margolan nagusia hiru bider hamar metroko toldo batean egin du, gigantomakia edo erraldoien arteko norgehiagokak islatzen dituzten irudiak inspirazio iturri hartuta. Figurak, halere, abstrakzio, kolore eta forma geometrikoen artean ezkutatuta daude, erromatar estetikaz espero daitekeenaren zantzuetatik urrun. Hasieran margolan horren euskarria izango zen egitura bera ere eskultura bilakatu du Muniategiandikoetxeak. Hiru bat metroko egurrezko egitura, margotzeko erabilitakoa, haizearen ondorioz, arriskutsua zatekeen euskarri gisa. Hori dela eta, erakusketaren parte bihurtuta, erakusgai jarri du artistak.
Zoladuretan argiago ikus daiteke erromatar garaiko mosaikoak erreproduzitzeko gogoa. Nolanahi ere, artistak koloreekin eta tamainarekin jolastu du, eta artelanak aurkezteko arau tradizionalak apurtu ditu. Izan ere, puzzle baten piezak balira bezala, zoladuren atalak kode baten arabera zenbakituta daude, nola muntatu jakiteko. Artistak, horiek ezabatu beharrean, ikusgai utzi ditu prozesu artistikoa zintzoki islatzeko, eta, hala, beldur barik lana zapaltzeko ausardia biltzen dutenek horrelako zantzuak topatu ahal izango dituzte.
Obra esperimental eta amaitu gabea
Halere, espazioaren arauek eta eguraldiaren baldintzek gidatu dute obra. Bilboko alondegia izandako eraikin enblematikoaren zorua, hormak eta gainontzeko elementuak errespetatzeko beharra lanaren parte izan dira. Borroka baten gisan deskribatu du artistak prozesu hori: «Ideia batzuekin zoaz eta lekuak zure lekuan jartzen zaitu; berak agintzen du». Eta gaineratu du prozesu hori ez dela amaitu; izan ere, haren ustez, obra bat baino gehiago, prozesu bat da ikusgai jarri duena: «Egun hauetan egin dudana oparitzen dizuet; beste hamabost egun eduki izan banitu, beste zerbait izango nuke eskaintzeko». Artistak esperimentutzat jo du obra, horrek udan izango duen bilakaera ere lanaren partetzat baitauka: «Obraren parte da piezek denboraren joana jasotzea, edo, behintzat, eguraldiaren ondorioak». Horrela, klimak eta bisitarien oinatzek osatuko dute artistak garatutako eta espazioak eta eguraldiak baldintzatutako prozesu artistikoa.
Artelan multzoa Azkuna zentroko terrazan egongo da ikusgai, doan, irailaren 29ra arte; egunero bisitatu ahalko da, 09:00etatik 21:00etara, eguraldia oso euritsua ez bada.