Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Erroma IV

2024ko ekainaren 9a
05:10
Entzun

Sarrera guztiak agortuta daude aberats hauen lorategian egingo dugun kontzerturako. Sarrera horien dirutik ezer ez dut ikusiko. Aurrena, D-k Dj set batekin irekiko du saioa, eta gero nik joko dut. Egun eguzkitsu bat da, txoriak entzuten dira, hemen usoak izango ziren, han loroak dira. Habia erraldoiak pinu mediterraneoen adarretan egiten dituzte, eta alturetatik kantatzen dute etengabe.

Iritsi zait ateratzeko ordua. Baso metaliko polit batean ematen didate ura, polita bai, baina zaporea ere badu, burdinazkoa bezala. Hartu eta banoa belarretan nire instrumentuak dauden tokira.

Kontzertua jotzen dut, jendea nire inguruan dago. Bat-batean, ume bat jartzen zait atzean, bere amarekin batera. Hitz egiten hasten zait, italieraz, gero bere amari gauzak kontatzen dizkio… Nire kontzentrazioari eustea zaila egiten zait. Ez dut ulertzen nola jar daitekeen hor pertsona bat bere haurrarekin. Kontzertuaren irudi orokorra imajinatzen dut. Ni, helburu estetiko-artistiko batekin, nire abestien bidez sortu nahi dudana; eta nire atzean, ume bat eta bere ama, kontu-kontari. Nolabait, kontzertuaren asmo guztia umorera eramanez. Tira, hitzak ahazten zaizkit, eta, beraz, erdi-asmatzen ditut. Eutsi, esaten diot neure buruari, zu zurera. Hala ere, pertsonak eguzkitan, lur berdinean, maila berdinean ikustea zaila egiten zait, zehaztasun guztiak ikus ditzakegulako batak besteari begira, nire dardara, nire izerdi-tantak, haien begiradak, keinuak. Akatsak egiten ditut, betiere, egingo ez banitu bezala.

Bukatzen da, txaloak. Jendea etortzen zait. D pozik dago. Nire barne-epailea, ordea, ez, baina egia esan, ez diot jaramon gehiegirik egiten, tentsioa pasatu delako. Guztia pasa da, bihar etxean egongo naiz, nire dutxan, nire toallekin, eta ez beste pertsona hauen diseinuzko negutegian, ederrak bai, baina sikatzen ez duten lihozko toallekin.

Denok batera afaldu behar dugu, kontzertua ospatu eta agur esateko. Ricotta, lasagna, pasta, entsalada… Pixkanaka, pertsonak hurbiltzen zaizkit. Gehienak, begi-niniak dilataturik, «I love you». Besarkatzen naute. Irribarre egiten dut, eta min egiten dit aurpegiak, keinu hori gehiegitan egin izan banu bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.