Erroetan berpiztu da swinga

Anita Parker taldeak jatorrizko elektro-swing nahasketari fidel baina rock, rap eta pop ukituekin kaleratu du hirugarren lana: 'Reset'

Anita Parker osatzen duen hirukotea, Bilboko Bira Kulturgunean egindako aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Indartuta atera da Anita Parker pandemiatik. COVID-19ak sortutako egoerak hainbat oztopo ipini dizkio taldeari, baina LP berri bat atera dute hondamendiaren errautsetatik: Reset (Mauka Musikagintza). Taldekideak Bizkaian eta Nafarroan bizitzeak zaildu egin die lana, Olatz Andueza taldeko teklatuak adierazi duenez. Prozesu luzea izan dela esan du. Itxiera perimetralak eta Euskal Herriaren banaketa administratiboa dela medio, birtualki eta telematikoki ondu behar izan dituzte diskoaren zenbait atal. Lanaren argitalpena ere atzeratu dute eragozpen horiek. «Kostatu egin zaigu, baina oso pozik eta harro gaude», esan du Anduezak. Hamar abestiko diskoa da emaitza, eta hamabi kontzertuko bira iragarri dute oraingoz.

Fikziozko emakume baten izena baliatuta, laukote moduan hasi zuten ibilbidea, 2017an, baina hirugarren estudio lana hirukote gisa aurkeztu dute. 60 kontzertu baino gehiago eman dituzte hasieratik, eta, Euskal Herrian ez ezik, ibili izan dira Espainian, Hego Korean eta Japonian ere. Lehen lana Anita Parker izendatu zuten; bigarrena, Anita Parker!!. Hirugarrenean hautsi dute konbentzioa, eta Reset deitu diote. Usurbilgo (Gipuzkoa) Higain estudioan grabatu dute, eta masterizazioa Bartzelonako Ultramarinos estudioan egin. Diskoa ilusioetan, indarrean eta gogoan «reset eginda» aurkeztu dutela esan dute.

Ibilbide luzea dute hiru musikariek. Skalariak-en aritu zen Andueza, Pentatonix Folken Ane Martinez abeslaria, eta The Cherry Boppers eta Mamba Rocken Mikel Piris. Disko berrian entzuleek «denetarik» aurkituko dutela esan du Anduezak: adierazi zuten elektro-swing genero nahasketa badagoela, baina badaudela rap estilotik gertuagoko abestiak, baita «rockeroagoak» eta «pop kutsu bat dutenak» ere. Jatorrizko esentzia atzean utzi barik, soinu elektronikoei zerbait «bereziagoa» bilatzen saiatu dira oraingoan, eta esperimentazioarekin jolas egin dute.

Egunerokoan bizi dituzten egoeretatik abiatuta idatzi dituzte hitzak. Beren kezka eta bizipenetatik. Ane Martinez abeslariak azaldu du kantuen berbetan ikuspegi feminista ageri dela: «Emakumeok zoritxarrez bizi ditugun egoera matxisten inguruan hitz egiten dute abestiek». Haren arabera, nabaritzen da taldekideetako bi emakumeak direla, eta «nahi eta nahi ez» bizi duten matxismoa hitzetan islatu dela. «Azalean bizi dugun hori kontatu, kantatu eta idatzi egiten dugu».

Egungo balioen inguruko hausnarketak ere egin dituzte. Emakumeek historian izan duten rola ekarri dute gogora; isilpean egindako lanak eta lorpenak nabarmendu, «bigarren edo hirugarren planoan» gelditu behar izan dutenenak. Ikustezinak kantua eskaini diete emakume horiei. «Munduko liderren» jarduna ere kritikatu dute. Martinez: «Donald Trump-a abestia hitz joko batetik abiatu dugu, baina politikan bizi dugun krisialdiaren inguruan hitz egiteko erabili».

Hutsuneak betetzen

Aldatu egin da formazioa urteekin. Iñaki Bengoa eta Jon Zubiaga Osoron aritu ziren taldean hasieran, baina jada ez dira haren parte. Arrasateko Gose taldetik zetozen Bengoa eta Zubiaga; lehenak 2019an utzi zuen proiektua, eta bigarrenak, pandemian. Oraingo Anita Parker osatzen duten taldekideek ez dute uste formazio berriak beren estiloa aldatu duenik. «Saiatu gara hutsune hori guk geuk betetzen», azaldu du Anduezak. Disko honetan protagonismo handiagoa daukate Mikel Pirisen saxofoiak eta ahotsak, baita sampler-ak ere. Esperimentazioak eta «kolore berri» horiek produktua asko aberastu dute, Anduezarentzat. «Egoera berrira egokitu gara; ikusi genuen musikalki baginela gai taldea aurrera ateratzeko, eta hori egin dugu».

Biniloan, CDan eta formatu digitalean argitaratu dute lana, baita hirurak biltzen dituen pakete modura ere.

Kulturaren sektorearentzat berba goxoak izan dituzte. Areto txikien lekua goratu, eta gogorarazi dute pandemiaren ondorioz geldi egon direla luzez. Pirisen arabera, «kristoren plazera» izango da taldekoentzat leku txiki horietaz gozatzea programatutako biran. «Reset horren ostean, gehien gustatzen zaiguna dator: kontzertuen berotasuna, izerdia eta wattak». Durangoko Azokan emango diote hasiera birari, larunbatean, eta martxo amaierara arte arituko dira biran. Martinezek ere goraipatu du kulturgintza, eta, esan duenez, taldekideek hainbat hausnarketa egin dituzte sektoreak bizi duen egoerari buruz. Ez da azkena izango kantuaren hitzak parafraseatu ditu: «Ilun daude agertokiak. Argizta ditzagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.