Errobiko festibalak bere 25. aldia eginen du bihartik igandera bitarte, Itsasun (Lapurdi). Iazkoa osagarri krisiak ezeztaturik, lau egunez musikaz, sorkuntzaz, dantzaz eta erakusketaz beteko da herria. Aurten sekula baino dantza haboro ikusten ahalko da: Bilaka konpainia, Kukai eta Biarritz Ballet baitira gomit. Gainera, Itxaro Bordaren poema bildumaren inguruko sorkuntza eskainiko dute: Memoriaren atabala gerezien denboran.
Azpimarratzekoa da erdi umezurtz heldu dela jaialdia aldi honetan: Maite Etxemendi Axiari Ezkandrai elkarte antolatzailearen lehendakaria zendu baita iragan otsailean. Mikel Hiribarren Itsasuko auzapezak hitzok eskaini dizkio: «Itsasuko herriak eta Errobiko festibalak elkarrekin alaba kuttuna izendatu behar zintuzkete zu, Maite». Festibala hari eskainia zaio.
Kultura ekitaldi gehienetan bezala, Errobiko festibalak ere osagarri pasea eskatuko dio publiko guziari: 48 oren baino gutiagoko PCR froga edo test antigenikoa, txertoa osoki hartu izanaren ziurtagiria edo COVID-19a ukan denarena egiaztagiria.
Julen Axiari antolatzaile eta artista oroitzen da duela 25 urtekoaz. 8 urte baizik ez zituen: Atekagaitzan (Itsasu), Maddi Batista Sobiet kantariaren eta Amalur abesbatzaren arteko tartean linterna eraman zuen.
Geroztik, Axiarik bidea egin du: antolatzailea izateaz gain, Haratago musikari laukoteko kide baita. Etzi ariko da, 18:00etan, elizan, basa ahaideen emateko.
Aurtengoa berezia izanen dela onartu du: «Familiaren batzarra bezalakoa izanen da: festibalean jadanik parte hartu dutenak arra-jinen baitira, baita sekula etorri gabekoak ere. Baina denek dute puntu amankomun bat: norberaren sustraiak galdekatzea. Sorkuntza garaikidea egiten dute, baina tradizioa ahantzi gabe». Kukai dantza taldearen lana hartu du adibide gisa, Euskal Herriko «sortzailerik aktiboenetariko bat» den aldetik. Preseski, tropak larunbata arratsean erakutsiko du Erritu ikusgarria, 20:30etan, Atharriko plazan, Biarritz Balleteko Thierry Malandain koreografoaren bi piezen ondotik.
Ipar Okzitaniako San Salvador seikotea da bertze adibidea: musika garaikidea eta ondarea uztartzen baititu, okzitanieraz. Bihar ariko dira, 21:00etan, Atharriko plazan, eta aurrez, Revolutionary Birds, Bretrainia, Libano eta Tunisiako hirukotea.
Hitzordura ezin zuen huts egin Joseba Irazoki «soinu esploratzaile handiak», Axiariren hitzetan: «Duela urteak ari da lantzen inprobisazioa eta musika esperimentala. Denbora berean, frankotan aditzen da txistua, joarea edo euskal melodia bere obran». Irazokiz gain, biharko sorkuntzan parte hartuko dute Beñat eta Julen Axiarik ere —ahotsean lehenak; ahotsean eta baterian bigarrenak—, bai ere Oihan Oliarj Ines baxu jotzaileak, Itxaro Borda idazlearen poema bildumaren inguruan: Zerotik abiatzeko. «Zerotik abiatuko gara, deus ez bageneki bezala», dio Bordaren poemak. Memoriaren atabala gerezien denboran eman diote izena Errobiko festibalerako partikularki sortu elkarlanari, eta etzi emango dute, Atharriko plazan, 19:00etan.
Ondotik, 21:00etatik aitzina, plaza hartuko dute Kimu txalapartari bikoteak, Bilaka dantza konpainiak, Old School Funk Family funk-afro-beat zortzikote frantsesak, eta, 23:30etatik goiti, Petites Planetes bikoteak. Baina Maddi Oihenart eta Jeremie Garat arituko dira lehenik, 18:00etan, elizan.
«Badakizu, erranairu zaharrak dioen gisan: 'Iturri zaharretik ur berria edaten dut'. Horrek gaitu denok lotzen Errobiko festibalean. Funtsean, ikertzen dugu zer egin daitekeen daukagun ondare guziarekin», gehitu du Axiarik.
Berezkotasun berezia
Petites Planetes bikotearen lana «bereziena» dakusa Axiarik. Frantses nomada gisa definitu ditu, hamar urte baino gehiago baitira ari mundua kurritzen. Bidaietan grabatu filmez baliatzen dira zuzeneko musika gehitu eta obra berriak kausitzeko: «Aldi oroz musikari eta dantzariak gomitatzen dituzte taula gainera, eta haien irudiak uztartzen dituzte saioan, film berri bat sortuz. Harrigarria da egiten dutena: materia filmatzen dute, eta objektu artistiko bat sortzen dute horrekin».
Larunbat arratsean erakutsiko dute haien uztarketa, Paxkal Indoren suek pindarturik, 23:30etatik goiti, Atharriko plazan; bertzeak bertze, Kimu txalapartariekin, Erwan Keravec kornamusa jolearekin, Eneko Gil dantzariarekin, Linda Rosas eta Anna Rouge sufi dantzariekin eta Haratago laukotearekin batera.
Arrunt bestalde, festibalaren hasmentan bezala, arte plastikoko sortzaileak Atharri gunea biziaraztera jinen dira: Thibaut Quentric, Nicolas Lesur, bai ere zurean zizelkatzen duten Jean-Yves Behotegi eta Jim Messina.
Originaltasunak ez du hutsik eginen ondoko egunetan; konparazione, ostirala eta larunbata goizean goizik, Jordi Cassagne musikariaren doako kontzertua entzun ahal izanen baita Elizaldian, 06:45ean. Eta, igandean, 11:00etan dei egin dute Itsasuko haurtzaindegi aitzinean biltzera, Itsusiko Harrietara joateko. Kaskoan, hara bilduko diren artistek eta parte hartu nahi duen orok inprobisatuko dute «ameskeria kolektiboa».
Errobiren ur zaharretik, berria
Ezkandrai elkarteak Errobiko 25. festibala abiatuko du bihar, Itsasun. Dantza anitz izanen da ikusgai, eta, larunbatean, Bordaren poemen inguruko sorkuntza berezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu