Musika

Errobi taldea omenduko dute bihar Astigarragan

Atzar Hadi proiektua Astigarragan izango da bihar, Errobi taldeari omenaldia egiteko. Xabi Pery musikariak sortua da proiektua, eta 70eko hamarkadako euskal rocka berriro entzungai izatea du helburu.

Atzar Hadi
Atzar Hadi taldea, 2023ko maiatzean, Atabal aretoan (Miarritze). ATZAR HADI
urko iridoy alzelai
2024ko urtarrilaren 26a
05:25
Entzun

1973. urtean, frankismoak Hego Euskal Herrian zentsura ezartzen zion euskal kulturari; Ipar Euskal Herrian, berriz, Errobi sortu zen garai horretan, askok euskarazko lehen rock taldetzat jotzen dutena. Iaz, Errobiren 50. urteurrena zela eta, Xabi Pery musikariak euskal musikariz osaturiko talde bat eratu zuen omenaldi moduan, batetik, eta 70eko hamarkadako doinuak gaur egungo Euskal Herrira ekartzeko asmoz, bestetik: Atzar Hadi. Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi) jo zuten lehen kontzertua, 2023ko maiatzean. Bihar, Hego Euskal Herrian egongo dira lehenengo aldiz, Astigarragako Oialume biltokian (Gipuzkoa), 22:00etan.

Peryk estimu handiz gogoratzen du Errobi: «Gaztea nintzenean, Errobiren eskutik entzun nuen euskal rocka lehenengo aldiz. Hasieratik liluratu ninduen haien musikak, Mixel Ducauren gitarra doinuek zehazki. Nire ibilbide profesionalean pisu handia izan du Errobik, eta bereziki Ducauren estiloak, niretzat erreferente handia izan baita musika sortzeko orduan». Gaur egun, ia 60 urterekin, Peryk ibilbide luzea egina du euskal musikan. Itoiz eta Akoka taldeetan ibilitakoa da, eta Fermin Muguruzarekin ere aritu zen. Azkeneko urteetan produkzioan jardun da, hark sortutako Laguna estudioan. «Nire ibilbidea errepasatuz, aurreko urtean konturatu nintzen zerbait gauzatzea falta zitzaidala: Errobi taldeari omenaldi bat egitea, niretzat hain garrantzitsua izan zenez gero», azaldu du Peryk.

Peryk esan du ia 50 urte badirela Euskal Herrian ez direla Errobiren doinuak entzuten, baina, hala ere, haien musikak «gaurkotasuna» duela: «Errobik garai hartako gizarte arazoak salatzen zituen kanten bidez, eta, tristeki, arazo horiek gaur egun ere baditugu. Gazteen problematikak, lan arazoak, feminismoa... gai asko jorratu zituzten 70eko hamarkada hartan, eta gaur egun ere pil-pilean daude». Peryk uste du garai hartako musika eta hitzak «goraipatu» egin behar direla gaur egun, musikaren bidez, eta 70eko hamarkada 2024. urtera ekarri.

Taldea osatzeko orduan, Peryk oso argi izan zituen bete beharrekoak: «Errobiren musika jotzeko zaila da, konplikatua. Horregatik, musikari apartak behar nituen Atzar Hadi sortzeko, maila handiko jendea». Zazpi dira Atzar Hadi taldea osatzen duten musikariak: Jojo Bordagarai (ahotsak), Patxi Etxeberri (ahotsak), Xabi Albistur (gitarra akustikoa), Patrick Calvet (bateria), Mikel Artieda (gitarra apala), Javier Perez de Azpeitia (teklatuak) eta Xabi Pery (gitarra elektrikoa eta akustikoa). Zazpiak ibilbide luzeko musikariak dira, Euskal Herriko hainbat taldetan ibilitakoak. Proiektua aurkeztu zienean, denek baiezkoa eman zioten Peryri.

«Motza» eta «kalitate onekoa»

Peryk argi du Atzar Hadi ez dela epe luzerako proiektu bat. Kontzertu «gutxi» eta «kalitate onekoak» egitea du helburu taldeak: «Ez dugu omenezko talde bat izan nahi. Gure omenaldia Euskal Herriko zazpi lurraldeetara eraman nahi dugu. Lapurdin izan zen lehena, eta bihar Gipuzkoan egongo gara. Bizkaitik baditugu proposamenak. Hori da gure helburua, zazpi kontzertuak ahal bezain ondo ematea». Musika egiteaz gain, multimedia bilketako lanetan ibili dira proiektuaren antolatzaileak. Daniel Velez argazkilariaren lan bilduma bat berreskuratu dute, non 70eko hamarkadako manifestazio ugaritako argazkiak agertzen diren. Horrez gain, off-eko ahots batek garai hura eta gaur egungoa alderatzen ditu ikuskizunean. «Ikuskizun berezia da gurea. Ez dugu asko joko, baina egindakoa ondo egina eta kalitate handikoa izango da», adierazi du musikariak.

«Ate bat» ireki zuen Errobik 70eko urteetan: rocka eta euskara uztartu zituen, Peryren ustez. «Mixel Labeguerie izan zen lehenengoa euskarazko musika tradizionaletik at kantak egiten, baina Errobik rocka gehitu zuen eragiketa horretan. Orain, gauza normala eta erraza da, baina duela 50 urte ezinezkoa zen horrelako zerbaitetan pentsatzea. Horren harira, duela urte asko elkarrizketa batean esan nuen urte batzuk barru euskarazko funk edo disco musika entzungo genuela, eta kazetariak barre egin zidan». Euskarak «modernoa» izan behar duela esan du musikariak: «Gazteekin bizi behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.