Arte garaikideko zentro bat, hiriko periferian; lau emakumek gidatuta; ekoizpenera, ikerketara eta esperimentaziora bideratua; artistak zaindu eta sareak sortu nahi dituena. Ez da edonolako proposamena Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa (Nafarroa). 2016ko abuztuan hartu zuten haren kudeaketa Nerea de Diegok, Betisa Ojangurenek, Oskia Ugartek eta Elisa Artetak, zentroaren zuzendaritzarako lehiaketak hala ebatzi ondoren, lau urtetarako kontratuarekin, 2011tik eta 2016razuzendari izandako Javier Manzanosen lekukoa hartuta. Arduradun berriak kultur kudeaketatik, ikusizko artetik, arte eszenikoetatik eta hezkuntzatik zetozen, eta espazioaren ordura arteko eredua goitik behera aldatzeko erronka hartu zuten.
Lau urte igaro dira ordutik; urte zailak, lan handia eskatzen zuten helburuekin, baina baita «gogobetegarriak» ere. Eta orain, atzera begiratu eta balorazioa egiteko garaia ez ezik, aurrera begirako urratsak zehaztekoa ere heldu zaie zuzendaritzako kideei, fundazioko patronatuak aho batez erabaki baitu bi urte gehiagorako luzatzea haien kontratua. Ariketa hori egiteko bildu dira zentroan.
OINARRIAK
Elkarlana, zaintzak eta sareak
Uharteko zentroko zuzendaritza taldeak garatu duen kudeaketa eredua erroetatik da berritzailea: elkarlana eta horizontaltasuna ditu oinarri, eta sareak jomuga. «Beste praktika eta espazio batzuetan egin izan ditugu halakoak aurretik, eta galdetu genion geure buruari: zer gertatuko da eredu horiek erakunde publiko batera eramaten saiatzen bagara?», adierazi du Ojangurenek. «Eta horretan dihardugu ordutik».
Funtzionamendu hori instituzioetara eramate hutsa erronka handia izan dela aitortu dute lau arduradunek. De Diegok azaldu duenez, prozesuak motelagoak dira: «Dena poliki lantzen da, elkarrizketa eta eztabaidaren bitartez, ezagutzak hainbat lekutatik heldu behar dira... Eta erabakiak horrela hartzea zailagoa da, baina baita aberasgarriagoa ere». Hortaz, urratsak egin ahal izateko denbora behar izaten dute, «instituzioek normalean dutena baino denbora gehiago»; eta hori da haien zailtasunetako bat.
Bestalde, hasieratik garrantzi handia eman diete zaintza lanei. «Geure artean elkar zaintzeari eta artistak zaintzeari; espazio bizigarri bat sortzeko eta, bertan, jende asko elkartu ahal izateko». Artetak eman du azalpena. «Eta hori errazagoa da talde bat izanik, harremanak oinarri dituen eredu batekin».
Halaber, zaintzekin lotuta, artearen prozesuak errespetatzen saiatzen dira, eta emaitzari ez ezik, prozesuari berari garrantzia ematen. «Arte pieza bat ez baita bat-batean sortzen: aurretiazko prozesu bat dago, eta hori ere garrantzitsua eta baliagarria da», azaldu du Ojangurenek.
Baina, artistak «etxean» senti daitezen saiatzen diren arren, badakite zentroak ez diola uzten erakunde bat izateari, eta besteek harekiko duten begirada aldatzea ez dela egun batetik bestera lortzen den zerbait. «Zentroa bat-batean lurreratu zen arte komunitatean; horregatik, eraldaketa prozesua ezin da espaziora bakarrik mugatu, komunitatera ere eraman behar dugu», adierazi du Ugartek. «Agian, zatirik zailena da hori, pertsonekin lantzen delako», gaineratu du De Diegok. Hain zuzen ere, proiektuaren beste oinarrietako bat da «sareak» sortzeko xedea, lurraldearekin nahiz beste komunitate batzuekin, betiere testuinguruari lotuta, zentroa ez dadin gizartearen errealitateetatik kanpo gera.
Horiek dira zuzendaritza taldearen helburu nagusiak, eta horiei heltzen saiatzea «eteten ez den ikasketa prozesu bat» dela azpimarratu du Ugartek: «Ez baita proiektu itxi bat, etengabeko eraldaketan eta eraikuntzan dagoen proiektu bat baizik».
LORPENAK
Sendotu izanaren emaitzak
Zentroaren jardunak hiru bloke nagusi dituela diote arduradunek: artistentzako babesa eta sostengua; trebakuntza eta heziketa; eta artisten eta herritarren arteko elkarguneak sustatzeko jarduera irekiak. Zaila egin zaie zerrenda bat egitea, baina blokeetako bakoitzean garatutako egitasmo nagusiak aipatu dituzte.
Batetik, sostenguari lotutako atalean, laborategiak dituzte artistei baliabideak eskaintzeko, eta urtez urte handituz joan dira. Horiek erabiltzeko egonaldiak antolatzen dituzte, bai eta aldi baterako egoitzak ere. De Diego: «Eskaera badago: beraz, argi dago komunitateak lanerako espazio baten beharra eta gogoa zuela».
Egoitzen artean Idensitat elkarte kataluniarrarekin antolatzen dutena nabarmendu dute: Zeharkako estetikak-Fikziozko ekosistemak. Gertuko lurraldearekin—Uharte, Atarrabia eta Burlatarekin— lan egitea du helburu, ibaitik abiatuta. Halaber, jakinarazi dute Europa Creativa programak Uharteko zentroa hautatu duela Who Cares? izeneko proiektu europarra koordinatzeko; egitasmoan Europa osoko bost arte zentrok parte hartuko dute, eta zaintza lanen nondik norakoakaztertuko dituzte hainbat erakundetan.
Bestetik, artistentzako prestakuntzaren atalean, trebakuntza teknikoa eskaintzen dute, eta, horrez gain, Zero Azpitik izeneko programa dute, ikasturte osoko iraupena duena. Gainera, horretan lantzen dituzten edukiei tiraka, master bat jarri dute abian NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera, hiru ardatz dituena: gorputza, afektuak eta lurraldea. Masterrarekin diziplinarteko ikerketa esparru bat eskaini nahi dute, «praktika artistiko garaikideak birpentsatzeko».
Heldu den ikasturtean hasiko da masterra, urritik ekainera. Ojangurenen hitzetan, arte komunitatearen «urteetako aldarrikapen bat» zen masterra; «behar bat». Hori zein Europa Creativaren programa lorpen garrantzitsuak dira zuzendaritzakoentzat, zentroaren «sendotasuna» erakusten baitute.
Azkenik, prozesuak jendaurrean jartzeko ildoaren barruan, ardatz nagusia Habitación erakusketa programa da. Erakusketek eskatzen duten bitartekaritzaren inguruko ikerketari zuzenduta dago: artistek denbora tarte bat igarotzen dute espazio horretan, eta astean behin publikoari erakusten diote egiten ari direna. «Beraiek erabaki behar dute zer eta nola erakutsi, eta hori erronka bat da», azaldu du Ugartek.
Aperitifak da jendaurrekoen blokearen beste ardatz finko bat: hilean behin egiten duten topaketa bat, zeinetan zentroan dauden artistek beren lana modu informalean erakusten duten.
Horiez gain, iaz martxan jarri zuten Uholdeak izeneko erakusketa ibiltaria, bertako artisten lanari bultzada emateko eta arte garaikidea Nafarroan zehar hedatzeko helburuarekin. Zenbait hilabetez herrialdeko lau udalerri «periferikotara» hurbildu ziren: Agoitz, Tutera, Altsasu eta Tafallara. Horietan bost artista nafarren lanak jarri zituzten ikusgai, eta zenbait jarduera antolatu zituzten, toki bakoitzeko komisarioekin, bertako jendea lan horretan murgiltzera bultzatzeko. Lurraldeari estuki lotutako proiektu bat izan da.
BALORAZIOA
Jendea da handiena
Programazioan eta eskaintzan izandako lorpenetatik harago, laurek bat egin dute proiektuaren arrakastarik handiena alde gizatiarra dela: «Egunero lan egiten duen jendea, gurekin ikasten duena, gurekin esperimentatzen duena», esan du Ugartek, hunkituta. Ojangurenek eta De Diegok adierazi dute «zirraragarria» dela ikustea orain Arte Ederrak ikasten ari diren gazteak zentrora doazela eta espazioa erreferentziatzat dutela, edota beste leku batzuetatik zentrora joandako artistak Iruñean geratzen direla. Artetak gaineratu du «oso handia» dela zentroa jendez beteta ikustea: «Iritsi ginenean ez zen hori gertatzen».
ERRONKAK
Bide berean aurrera jarraitzea
Orain, bi urte gehiago izango dituzte ildo berean lan egiten jarraitzeko. Kontratua luzatzeko erabakiari dagokionez, neurri batean espero zutela esan dute, «argi ikusi delako merezi duen eta behar den proiektu bat dela», eta, horrez gain, «ez litzatekeelako erraza orain beste talde batek hartzea». Halere, aitortu dute beldurra zutela ez ote zioten amaiera emango proiektuari, «kulturan dagoen injerentzia politikoaren ondorioz», baina pozik agertu dira kasu honetan administrazioan ulertu dutelako zer epe eskatzen dituzten halako egitasmoek, eta zer denbora behar duten sendotu ahal izateko.
Aurrera begira, taldearen helburua da hasieratik ezarritako erronkei eustea, urteotan landuz joan diren proiektuak sendotzea, beste batzuk ahaliketa azkarrena aurkeztea, eta gehiago sortzen jarraitzea. Baina, batez ere, Ojangurenek azpimarratu duen moduan, «gihar» gehiago izatea: «Pertsonak. Hori baita guretzat beharrezkoena».
Erroak bota dituen arte zentro bat
Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko zuzendaritzak lau urte bete ditu karguan, eta beste bi egingo ditu. Egin dutena eta egiteko dagoena aletu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu