Irrika bat bazen. JP Lohian & Klonen Klanaren estreinako diskoak musikazale espektro baten arreta eta ikusmina bereganatua zuen, arrazoiz bereganatua ere, Joseba Poncek bere kabuz sorturiko obrak distira egiten baitu une askotan. Asteazkena izanagatik, Bilboko Kafe Antzokia bete egin zen. 40 urte inguruko publikoa bildu zuen batez ere, hots, Ponceren ibilbidea Duten garaietatik bizi izan duena. Baditu Ponceren musika kaxa berriak Duten nahiz Kuraiaren oihartzun leun batzuk, ezinbestean eduki ere, baina soinu eremu zabalagoetarakobide ere egiten du. Hala ere, publikoa aurrez irabaziazuen, eta nabaritu zen hasieratik ezkontza moduko bat, giro beroan, dantza saioetan eta buru mugimendu bidasoatarrean. Erritual baten moduan bizi izan zuen hainbatek Ponce eta bereen zuzeneko agerpena, eta hari erdi ezkutuko batek batu zituen rock erritu horretan publikoa eta taldekideak.
Erritu horri segida eman zion Poncek estreinako lehen kontzertuan, baina antzaldatuta, errepertorio berriz; kantuetan baitu indarra JP Lohianen lehen lanak. Teklatu ia erlijioso batekin egin zioten harrera erritura azaldutakoei, Alperrik da apaintzea kantuaren lehen notei bidea irekiz. Teklatuaren ardura Libe Garcia de Kortazarrena (Libe) izan zen. Beltzez jantzita igo ziren argi hori leuneko lau lanparaz atondutako oholtzara Ponce bera (gitarra), Gorka Sesma (gitarra; Kashbad) Karlos Osinaga Txap (baxua; Lisabo) eta Galder Izagirre ere (bateria; Dut, Kuraia, Berri Txarrak).Talde sendo eta eskarmentuzkoa da inondik ere. Trinkotasun labelduna ematen dio Txapek eta Izagirrek osaturiko oinarri erritmikoak, belarrietatik ez ezik, gorputzeko larruazaletik ere sartzen baita haiek sorturiko soinu harlauza. Anjel Katarain aritu zen soinu teknikari moduan, eta lehen kontzertuari dagozkion gorabehera batzuk izan ziren arren, taldeak soinu indartsu eta konpaktua izan zuen.
Urduritasuna lehen kantuan erauzi zuen Joseba Poncek; dotore aritu zen ahotsean, melodiak eta kantaera basagoak tartekatuz modu erakargarrian eta oihartzun efektu amiñi batez; Sesmak gitarraren bidez erritmoa eta pisua jarri zituen, eta Poncek berak egin zituen melodiak eta marrazkiak. Diskoaren ordenan joan ziren kantuak. Teklatuak soinu oinarria jarri zuen mantra moduan Alperrik da apaintzea-n, Poncek eta Txapek duoan abesten zuten bitartean. Bitxia egin zen zenbaitetan Txap ohiko oihu moldeetatik kanpo modu leunagoan kantatzen ikustea. Beldurra kantuan bi horiei Libe ere batu zitzaien ahotsetan, post-punk iluneko moldean, bukaeran Kuraiaren erako gitarrak azalduz eta pasarte basatiago bati paso emanez. Kantu itsaskorra da diskoko kanturik itsaskorrena, power poparen bidetik, jendeari errepika kantatzeko aukera ematen diona. Ondorengo hirukoa da, ziur aski, emanaldiko boteretsuena: Hiruko beltza-k rock espaziala eta psikodelia uztartzen ditu (Libek gogotik dantza egin zuen pasarte onirikoenetan); Lobby hilobia-n psikodelia horretatik punk eta garage rockera egiten dute bidaia, Duten azken faseko zertzeladak oroitaraziz, eta Profanazioa eder erabatekoan goia jotzen du taldeak, Poncek «bortitzegia sentitzen naiz, madarikatuen artean» kantatuz. Sekretua udazken tonukoak amaia ematen dio errituari itzaltze eder goxo baten bitartez. Bisetan, Liberen Burdinezko bihotzak kantu berria eta diskotik kanpo geratutako beste bi harribitxi jo zituzten. Atzo Gasteizko Hell Doradon eta gaur Miarritzeko Atabalen (21:00) jarraituko du errituak. Martxoko lau kontzertuez gain, ondo legoke emanaldi gehiagorako aukera izatea taldeak, errepertorioa pieza berriz osatzeko eta musikarien arteko ulermenak sendotasun eta esperimentaziorako bidea errazteko.
Urakenen biluztasuna
JP Lohian & Klonen Klanaren aurretik Mikel Uraken bakarlariak bere folk biluzi eta gordinaren lagin bat utzi zuen. Puntual hasi zen oso, eta jende gutxi bildu zuen hasieran, baina, sartu ahala, itsatsia geratzen zen Urakenen proposamen ausart eta exigentera. Neguaren ostean diskoko bost pieza kantatu zituen gitarraren laguntza soilaz: Ez dok hamahiru, Trapu zaharren mauka, Neguaren ostean, Grina oskolduna eta Anabasak aina. Egitura luzeko piezak dira eta kadentzia errepikakorraren bitartez bere trantzean barneratzera gonbit egiten dutenak, orain aiene, orain irrintzi eta intziri. Gitarrarekin trebe, tentsio eta oldarraldi une bortitzak sortu zituen.
Errituzko rock istorio baten antzaldatzea
JP Lohian & Klonen Klanak estreinako kontzertu indartsu eta laburra eskaini du Bilboko Kafe Antzokian, rock eta poparen hainbat aldaera psikodelia eta hard-rock ukituz onduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu