Antzerkiak errituala izan beharko luke, Ander Lipus antzerkigile eta aktorearen ustez. Hala adierazi zuen Jaime Valverde ikerlari eta filologoak atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean emandako Ander Lipusen antzerkigintza: errituala, kultura eta ikuskizuna hitzaldian. Valverdek izenburu bereko tesina proiektua egin du, Ander Lipusen antzerkigintza aztergai izanik. «Errituala esaten duenean, erreferentzia egiten die aldi berean espiritualtasunari, herriari eta tradizioari. Esan genezake hiru errealitate horiek Lipusen hirutasun santua direla: horietako bakoitza ezinbestekoa da bestearentzat eta, nolabait, bat egiten duten hiru errealitate dira», nabarmendu zuen Valverdek.
Lipusen espiritualtasuna paganismo edo neopaganismo batekin lotu beharko litzateke, Valverderen ustez. «Erlijio bitalista, animista ez-dogmatikoa, naturari atxikia eta unibertsala» da Lipusek bultzatzen duen espiritualtasuna. Lipusek herriaz hitz egiten duenean, berriz, komunitateaz pentsatu behar da: «Lurrak eta ondare kulturalak definitzen duen komunitate bat; hau da, hizkuntzak eta tradizioak identitatea ematen dioten giza-taldea». Tradizioa aipatzen duenean, ostera, «herriaren nortasunaz» ari da: «Tradizioa herriaren berezko ahotsa da, zahar-zaharra eta sakratua. Lipusek uste du tradizio unibertsal bat dagoela. Baina hori ez da, inondik ere, Mendebaldeko tradizioa, baizik eta, hain zuzen ere, Mendebaldeko tradizioak ezabatu duen tradizio zaharra».
Valverderen iritziz, Yuri Sam. Otoitza (2003) da Ander Lipusen «obrarik onena eta adierazgarriena». Antzerkiola Imaginarioa taldearekin zuzendu eta antzeztu zuen Jon Gerediagak idatzitako obra hori. «Lipusen filosofia agertzen du; bere ikerketak azaltzen dira, eta Lipusek markatzen dituen hiru kategorien —errituala, ikuskizuna eta kultura— barne-loturak ikus daitezke». Lipusen ustez, ikuskizunaren barruan geratzen dira katxe bat duten obrak, sistema ekonomikoak kontrolatutako espazioetan antzezten direnak; ohiko antzokietan, alegia.Yuri Sam. Otoitza ikuskizunaren barruan ezarri den erritual bat da, Valverderen iritzian. Lipusek antzezten du Yuri Sam heriotzatik bueltatzen den xamanaren rola. Eta taula gainean, bizitzaren balioa goratzeko egingo du erritual bat. Obraren gaietako bat da galdutako mundu mitikoaren aienea: alegia, paganismo zaharreko mundua». Obraren formak kulturen arteko elkarrizketetatik ateratzen dira, Valverderen iritzian: «Lipusek, Eugenio Barbaren teatro-antropologiaren ildotik, uste du munduko antzerki forma guztiak eta, ondorioz, erritual guztiak, funtsean, printzipio berberetan oinarritzen direla. Ideia horiek direla eta, Yuri Sam antzezlana obra mestizo edo transkulturala da: Maputxeen errituak, Kathakali eta Noh teatroa eta Baliko maskara dantzak zantzu euskaldunekin nahasten dira».
Oteiza eta tradizioa
Lipusek mailegu kulturala baliatzen du obra horretan: maputxeen errituak eta India, Bali eta Japoniako teatro tradizioak; eta guztiaren sintesia egin du. «Hau da, bere identitatearen sustraiak topatzeko, besteen tradizioak baliatu ditu». Horren ondorioz, «paradigma aldaketa» markatzen du Lipusek, adibidez, Jorge Oteizarekin, Valverdek dioenez. «Lipusentzat, Oteiza oso aurrekari garrantzitsua da euskal artean; Oteizak egin zuen bezala, Lipusek ere ikerketa sakon bat egin du bere identitatearen sustraiak aurkitzeko. Baina, helburu bera izan duten arren, bidea desberdina izan da, eta, nolabait, kontrajarria. Oteizaren ustez, euskal arima errealitate esentzial bat zen, gainerako arima guztiez desberdina; Lipusen arabera, berriz, herri guztiek arima bat eta bakarra dute, nahiz eta gero bide kultural desberdinak hartu dituzten».
Ander Lipusek —Iñigo Ibarra, benetako izenez— (Markina-Xemein, Bizkaia, 1971), esperimentazioa izan du bere antzerkigintzaren ardatz. Horretarako, Mendebaldeko kultur tradizioetatik kanpoko antzerki eta kultur ereduak ezagutu ditu. «Lipusek kultur maileguak ez ditu hartzen edozein kulturatatik, baizik eta India, herri maputxe, Bali edota Japoniatik; hots, hierarkia kulturaleko maila berean dauden kulturetatik. Hau da: nolabait, elkartasunezko sare horizontal bat sortzen da kultura ez-hegemonikoen artean: elkartasunezko erresistentzia moduko zerbait».
Erritualera hurbildu nahi duen antzerkia
Esperimentaziotik eta ekialdeko kultura tradizio herrikoietatik edanez osatu du Ander Lipusek bere antzerki ikuskera, Jaime Valverde ikerlariak Donostian egindako hitzaldi batean esan duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu