Erritmoz beteriko aukerak

En Tol Sarmiento taldeak 'Aukera berriak' lana ondu du. Pello Reparazek ekoitzi du diskoa

En Tol Sarmiento musika taldeko kideak, atzo, Bilboko kaleetan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Bilbo
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Bi urte eman ditu En Tol Sarmiento taldeak (ETS) Aukera berriakdiskoa egiten. «Krisi moduko bat pasatu nuen azken diskoarekin, beti estilo berbera jorratzen genuelako. Baina orain ez dut beldurrik eduki, adibidez, runba bat sartzeko abestiren batean», azaldu zuen atzo Iñigo Etxezarreta abeslari eta gitarra joleak, Bilboko Kafe Antzokian, diskoaren aurkezpenean. Taldearen seigarren lanean, aurreko diskoetako ska estiloa mantendu dute, baina runba, popa eta elektronika erritmoak ere sartu dituzte.

Bide berri bat aukeratu dutela berretsi du Etxezarretak: «Aldaketa bat egon da hasi ginenetik gaurko garaira arte». Abeslariak bere ohiko lana alde batera utzi, eta musika sortzeari eskaini dio denbora guztia. «Ametsetan diskoa eta dokumentala aurkeztu genituenean, esan genuen denbora bat behar genuela. Ez genekien taldearekin zer egin, eta bizipoza berreskuratzeko zer edo zer egin behar genuela erabaki genuen». Erabaki horietako bat izan zen ekoizpen etxe batekin lan egitea. Erabakia hartu eta bi astera, Pello Reparazek (Vendetta, Zetak) ETSrekiko interesa adierazi zuen, eta lanean hasi ziren. Halere, ez dituzte agertokiak utzi duela gutxira arte, diskoaren grabazioa egiteko, hain zuzen.

2008an hasi ziren musikan, eta gaur arte elkarrekin jarraitzen dute Iñigo Etxezarreta, Ruben Campinun, Floren Diaz, Ruben Terreros eta Javier Lucas taldekideek. Produkzioan eta arlo teknikoan aurrerapauso handiak eman nahi izan dituztela azaldu du Etxezarretak, eta estiloan ere «salto kualitatiboa» egin dutela: «Barrutik taldea profesionalizatu dugu. Estilo patxangero hori alde batera utzi nahi izan dugu, musika serioagoa egiteko. Halere, ezin dugu ahaztu nondik gatozen eta taldearen osotasun eta freskotasun hori mantendu nahi izan dugu». Hain zuzen, diskoaren izenburua beste erritmo batzuei eta musika egiteko moduei atea zabaltzeko aldarri bat da.

Oraingoan, antzokietan eta hainbat aretotan jotzeko asmoarekin azaldu dira taldekideak, aurreko diskoak plazetan soilik aurkeztu baitituzte. Abenduaren 5ean Durangon (Bizkaia) joko dute, Plateruenan, eta hilaren amaieran, Hatortxu Rock jaialdian, Atarrabian (Nafarroa).

Dantzarako prest

Etxezarretak adierazi du Euskal Herriko jaietan jotzeko aproposa dela lantzen duten musika mota: «Gure musika oso dantzagarria da; musika guztiak bezala, sentimenduak adierazteko balio du. Baina hori alde batera utzi gabe, beste leku berri batzuetan gure lana probatzea gustatuko litzaiguke». Euskal Herritik kanpo ere arituko direla aurreratu du.

Musika estilo aldaketarekin bat etorri dira diskoaren beste elementu guztiak. Etxezarretak koloreari garrantzia eman dio: «Metafora bat bilatu nahi izan dut aukeren eta kolorearen artean». Aukera berriak da diskoaren izenburua, baita euren seigarren lana aurkezteko zabaldu duten abestiarena ere. Bertan entzun daiteke koloreen eta aukeren arteko metafora hori: «Margotuko ditugu kolore berriak, orri zuri batetik ipuin ederrenak», dio abestiaren errepikak. Sintetizadorearen erabilera eta Reparazek egindako nahasketak agerian uzten ditu kantu horrek.

Etxezarretak berak idatzi ditu kantak, eta, azaldu duenez, hainbat gai jorratzen dituzte: «Inoiz ez da berandu aukera berriak sortzeko. Hori da transmititu nahi izan dugun mezurik orokorrena. Abesti guztietan daude hausnarketa txiki batzuk: gure itxurak sortzen digun ezinegonaz, lasaitasunaz edo maitasunaz». 1936ko gerrari buruzko pasarte bat ere kontatzen dute Isiltasunaren indarra abestian, Arabako Iekora herrian gertatutakoa. Bi urteko bidean, halere, diskoan laguntzaile asko izan dituztela esan du Etxezarretak: Green Valley taldeko Ander Valverdek kolaborazio bat egin du, eta Beste behin abestiari Jon Maiak jarri dizkio hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.