Erritmoaren distira

Jesus Maria Alberdi konpositorearen hiru piezarekin, 'Diz-diz' diskoa kaleratu du Ensemble Inversak

Laida Alberdi biolin jotzaileak interpretatu ditu Jesus Mari Alberdiren piezak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jesus Mari Alberdi (Donostia, 1947) konpositorearen musika garaikideko hiru obrarekin Diz-diz Werke von Jesus Mari Alberdi diskoa argitaratu du Ensemble Inversa taldeak. Euskal Herriko paisaian, naturako elementuetan eta poesian oinarritutako doinuak biltzen ditu diskoak, horretarako erritmo bizi eta etendura txikiak erabilita. Konpositorearen esanetan, tximisten argi izpien modukoa da bere musika, eta hortik dator diskoaren izenburua. «Mikrodoinuekin osatutako musika da nirea. Entzule bakoitzak interpretazio propioa egiteko sortua da».

Diskoak Alberdiren hiru pieza biltzen ditu. Hirurth, 2007an sortua, trikuharrietan eta Euskal Herriko mitologian oinarritzen da. Elementu primarioak irudikatzen dituzte Alberdik aukeratutako instrumentuek. Pan txirulak airea irudikatzen du, eta biolinak eta pianoak berriz, sua eta lurra.

Oda de Delfos, diskoan jasotako bigarren pieza, soilik biolinarentzat sortutakoa da, eta poesiari egindako omenaldia da. 2010ean sortua, etengabeko erritmo aldaketekin paisaiak eta pertsonaia mitologikoak deskribatzen ditu. Hau da diskoan bildutako obra lirikoena, konpositorearen esanetan. «Mugimenduaren ikuspena eta elementuen transformazioak islatu nahi izan ditut obra honetan. Soinuaren irudia ikustea da nire helburua sortzeko unean».

Diskoan bildutako azken obrabitan zatituta dago. Formak eta koloreak islatu nahi izan ditu Caleidoskopio I y II piezan, eta, horretarako, Pan txirula, zeharkako txirula eta biolina erabiltzen ditu. Instrumentuek elkarren arteko elkarrizketa motz eta biziak dituzte obran, etengabe aldatuz doazen irudi abstraktuak sortuz.

Musika garaikidea izanik, doinuen arteko simetriarik gabeko musika da Alberdirena. Diskoan bildutako piezak «irekiak» direla azaldu du Laida Alberdi biolin jotzaileak: «Musika likidoa dela esan daiteke, erritmo tradizionaletik aldendu, eta etengabe gauza berriak interpretatzeko aukera ematen baitu. Sopranoak diren instrumentuekin soilik sortutako obrak ez dira ohikoak».

Ensemble aldakorra

Alberdi biolin jotzaileak sortu zuen Ensemble Inversa taldea, eta bera da taldeko euskal herritar bakarra. Hanspeter Oggier (Pan txirula), Marielle Oggie (zeharkako txirula) eta Sarah Brunner (pianoa eta organoa) musikariak dira ohiko interpreteak, baina taldea beharren arabera aldatuz doala azaldu du Alberdik. «Musika mota ugari interpretatu ohi ditugu. Esate baterako, honen aurretik argitaratutako diskoa barroko estilokoa zen».

Ensemblearen lanak arrakasta lortu du Alemanian eta Suitzan, eta saritua ere izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.