Zinema estreinaldiak

Errimek gidaturiko borroka

Rich Peppiatt zinemagile ingelesaren lehen film luzeak Kneecap izeneko hip hop taldearen jatorria eta ospea kontatzen ditu; irlanderaren ofizialtasuna aldarrikatzen zuen mugimenduaren irudi bilakatu zen taldea.

'Kneecap' filmeko irudi bat. BERRIA
'Kneecap' filmeko irudi bat. BERRIA
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko irailaren 18a
05:05
Entzun

Naoise O Caireallain grafiti bat marrazten ari zen lagun batekin Belfast hiriko autobus geltoki batean, Ipar Irlandan. 2017. urtea zen, Hizkuntza Irlandarraren Legea onartzeko manifestazioaren bezpera. Naoisek Cearta idatzi zuen grafitian; «eskubideak», irlanderaz. Polizia iritsi, eta Naoisek ihes egitea lortu zuen, baina haren laguna atxilotu egin zuten. Gazteak ingelesez hitz egiteari uko egin zion, eta komisarian igaro behar izan zuen gaua, itzultzaile baten zain. Gertakizuna inspiraziotzat hartuta, C.E.A.R.T.A izeneko kanta kaleratu zuten, etorkizunerako planik gabe, barre batzuk egitearren. Une hartan jaio zen Kneecap.

Liam Og O Hannaidh, Naoise O Caireallain, eta JJ O Dochartaigh gazteek osatzen duten rap taldearen izena da Kneecap. Eszenatoki gaineko jardunean, Mo Chara, Moglai Bap eta DJ Provai izenez dira ezagun. Irlanderaz abesten dute, ingelesezko espresioak tartekatuz, eta satira eta sozialki konprometituak diren hitzak, errealitatea eta absurdoa nahasten dituzte.

Baina Rich Peppiatt zinemagile ingelesak zuzendutako film luzearen izena ere bada Kneecap. Talde irlandarraren istorioa askatasunez fikzionatu du ingelesak, baina taldekide Liam, Naoise eta JJ jarri ditu aktore lanetan, irlandera babestu nahian eskubide zibilen mugimenduaren parte bilakatu zen hirukotea. Filma egiteko gazteek jarri zuten lehen baldintza zera izan zen: elkarrizketek irlanderaz behar zuten izan. Eta horrelaxe estreinatu zen Kneecap, aurtengo Sundance jaialdian, hain justu; jaialdian parte hartu duen irlanderazko lehen filma da.

Moglai eta Mo Chara su-etenaren haurrak deituriko generazioaren parte dira; Ipar Irlandako gatazkan The Troubles izeneko garaiaren ondoren jaiotakoak —1998ko Ostiral Santuko Hitzarmenarekin eman zuten amaitutzat aldi hori—. Droga, festa eta kanta artean, gazteak irlanderaren aldarrikapen garai berri baten irudi izan ziren, pop kulturaren influentziak eta errimek gidatzen duten borroka baten irudia.

Umoreak, historiaren jakitunak direnek ulertuko dituzten bromek, drogak, txandalek eta beren ustez bizitzan ezer onik egiteko ez duten gazteek osatzen dute Kneecap. Maitatu edo gorrotatu egiten den taldea da irlandarrena; baina haiei berdin zaie bata edo bestea aukeratzen dugun.

'Kneecap'

Beste estreinaldi batzuk

Tiger stripes filmeko irudi bat
'Tiger stripes' filmeko irudi bat. BERRIA

'Tiger Stripes'

Zaffan, 12 urteko neskatoa, pubertaroaren aurka borrokatzen ari da, eta bere fisikoari buruzko sekretu beldurgarri bat aurkituko du. Saihetsezina zaion hori ezkutatzen saiatzen da Zaffan, baina lagunek ikusiko dute nor den benetan, eta eraso egingo diote horregatik. Komunitateak eraso egingo dio, eta Zaffan laster konturatuko da bere benetako izaera onartzea izango dela aske izateko modu bakarra.

'Treasure' 

1990a da. Ruth musika kazetaria jaioterritik —Poloniatik— atera da aitarekin bidaia bat egitera. Aitak Edek du izena, eta Holokaustotik bizirik ateratako gizona da. Bidaiak Varsovia, Lodz, Krakovia eta Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio esparrura eramango ditu. Ruthek bere sustraiak aurkitu nahi ditu, eta familiaren historia arakatu. Edek, garai hartan Polonia betiko utzi eta iragana atzean uzteko erabakia hartu zuena, alaba zelatatzeko doa bidaian.

'Noémie dit oui'

Noemi adingabeentzako zentro batean bizi den nerabe bat da, eta handik ihes egingo du amak erabakitzean ez dela bere kargu egingo. Lea lagunaren bitartez, Zach proxeneta ezagutuko du, eta harekin maiteminduko da. Zach saiatuko da Noemi konbentzitzen, eta, lagunak egin bezala, escort lanetan has dadin. Horrela, kaletik atera eta libre izateko dirua lortu ahal izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.