Errimak Exkaxko taldearen garaipenarekin eta 500 bertsozale giro bikainean bildu izanak utzitako ahogozoarekin amaitu zen, atzo arratsean, Leitzako pilotalekuan, Bardoak 2012 Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. Nafarroako Bertsolari Txapelketa bi urtetik behin antolatu eta txapelketarik gabeko urteetan taldekako txapelketa informalagoa jokatzea erabaki dute Nafarroako bertsozaleek, eta aurten egin duten aprobak emandako emaitzarekin oso pozik daude. Horregatik, oraindik balorazio ofiziala egin gabe eta erabakia hartu gabe baldin badago ere, hurrengo urtean banakako txapelketa egin ostean, bi urte barru Bardoak 2014 antolatuko dutelakoan daude.
Estitxu eta Eneko Fernandez neba-arrebek eta Iñigo Olaetxeak osatu dute talde irabazlea, Lesakako Errimak Exkaxko. Bi talde izan dituzte lehiakide: Etxarri Aranazko Bilixkorriko, Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriatek osatua; eta Oronoz-Malerrekako Erauntsi, Iker Gorosterrazu, Alazne Untxalo eta Amaia Elizagoienek osatua. Txapelketa izaerak garrantzi handirik ez zuenez, ez dute bigarren eta hirugarren posturik bereizi.
Saio bizia izan zen finalekoa. Talde guztietan eskarmentu handiko bertsolari bat zegoen; beste bat, aritua baina ez hainbeste; eta beste bat hasiberria. Baina denek erantzun zuten ondo, nor bere mailan.
Bertso saioa amaitu eta puntuazioak biltzen ziren bitartean, Manuel Lasarteri omenaldi bat egin zioten, haren jaioterrian zeudela gogora ekarriz. Leitzako bertso eskolako gaztetxoek bertso bat kantatu zuten haren omenez, eta, gero, Jaione Olazabal akordeoilariak bi bertso sorta abestu zituen jendeak lagunduta.
Oier Eizmendi Leitzako alkateak, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak banatu zituzten sariak.
Errimak Exkaxko taldea nagusitu da Bardoak 2012ko finaleko saioan
Antolatzaileak pozik daude ekitaldiak izan duen harrerarekin, eta espero dute bi urte barru ere antolatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu