Urrezko mendera itzuliko da gaur Erriberri herri nafarra. Antzerkigintzarekin batera egingo du herriak iraganerako jauzia, arratsaldean hasten baita Erriberriko antzerki klasikoaren 25. jaialdia. Abuztuaren 2ra bitarte antzoki bilakatuko da Erriberriko Erregearen Jauregia. Jauregiaren kanpoaldean kokatutako La Cava antzeztokian izango dira antzezlanak; baina horiek egoteaz gain, ikusle espezializatuentzako hitzaldiak, tailerrak eta ikastaroak ere antolatu dituzte.
Besteak beste, Quevedo, Lazaro, Cervantes eta Shakespeareren lanen bertsioak ikusteko aukera izango da. Antzerki obra gehienak Jauregiko Bitxiak eta Bertako Klasikoak zikloetan banatu dituzte. Hala ere, Nafarroako Ganbera Abesbatzaren Michael Navarrus kapera errenazentistaren Navarra Shall be the Wonder of the World ikuskizuna eta Fuenteovejuna, Veladas de leyenda eta Al filo de Lope antzezlanak ikusteko aukera ere izango da. Javier Coracinen Gustavo Adolfo Bequer y el Palacio Real de Olite hitzaldiarekin hasiko da jaialdia, gaur 18:15ean.
Nafarroako antzerki konpainiak ere izango dira oholtza gainean. Bertako Klasikoak zikloaren barne, lau antzezlan prestatu dituzte. Astelehenean izango da lehenengoa: La Nave Producciones eta Limboescena taldeen Lope de Vegaren El Pleito de Areúsa o gallina vieja hace buen caldo. Iluna taldea asteazkenean ariko da, Ñaque, o de piojos y actores ikuskizunarekin. Uztailaren 29an, berriz, Kilkarrak taldeak William Shakespeareren El sueño de una noche de verano obra antzeztuko du. Eta 30an izango da azkena: Puntido konpainiaren El gran teatro del mundo.
Jauregiko Bitxiak zikloan Espainiako konpainien estreinazko antzezlanak izango dira. La Cantera Producciones eta Erriberriko Musika Udal bandaren La Banda de Lazaro ikusteko aukera egongo da gaur, 22:30an. Bihar, berriz, La escuela de los vicios de Francisco de Quevedo antzezlana izango da. Zikloaren barne antzezlan ospetsuak izango dira, baina baita aktore ezagunak ere: Carmen Machi, Veronica Forque, Macarena Gomez, Joaquin Notario eta Carmen Ruiz, esaterako.
Adituentzako ikastaroak
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, hainbat ikastaro ere antolatu dituzte. Alfredo Sanzolek Sormen Dramatikorako tailerra, eszenan: Aktore-narratzailearen teknika ikastaroa emango du, Erriberriko ikastetxe publikoan. hantxe izango da, halaber, Irudimenezko mundua: hitza bistaratzea tailerra. Aktore sortzaile eta profesionalentzako ikastaroa da, eta Carmelo Gomez, Norberto Lopez Amado, Emi Ekai eta German Roda irakasleek eskainiko dute. Cervantesen El retablo de las maravillas lana izango dute oinarri.
Antzerki saioetarako sarrerak abuztuaren 2ra bitartean egongo dira eskura, Interneten eta leihatiletan. Jauregiko Bitxiak zikloko saioek 15€ balio dute sarean erosiz gero, eta 18€ leihatiletan eskuratuta. Bertako Klasikoak, berriz, 5€ balio dute Interneten, eta 7€ leihatiletan. Fuenteovejuna antzezlanak 10€ balo du Interneten, eta 12€ Erriberrin erosita.
Erriberriko jauregia antzoki bilakatuta
Gaur arratsaldean hasiko da Erriberriko antzerki klasikoaren 25. jaialdia.Antzezlanak ikusteko aukera emateaz gain, ikusle espezializatuentzako hitzaldiak eta ikastaroak ere antolatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu