«Betiko formatura» itzuliko da, aurten, Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia (Nafarroa), atzo antolatzaileek Iruñean egindako aurkezpenean azaldu zutenez. Uztailaren 15etik 31ra eginen dute, 22 konpainiaren lana ikusgai izanen da bertan, eta musika, zirkua, dantza eta bertze arteak uztartuko dituzte. Sarrerak salgai dira, online zein fisikoki.
Euskal Herriko, Espainiako, Boliviako eta Mexikoko konpainiek parte hartuko dute aurten. Nafarroako 11 konpainiaren proposamenak daude programazioan: La casa cuartel de Bernarda Alba lana (Bernarda Albaren etxe kuartela), Nafarroako Cardo Producciones konpainiaren ekoizpena; eta La vida vivida y por vivir (Bizitako eta bizitzeko dagoen bizitza), Nafarroako Unibertsitate Museoaren produkzioa, bertzeak bertze.
Euskarazko pieza bat aurkeztuko dute, Tafallako Kulturgunean (Nafarroa): uztailaren 16an, 19:00etan, Ilargiaren atzean ikuskizuna; familian gozatzeko antzerkia izanen da, Malas Pulgas Teatro konpainia nafarraren eskutik.Emanaldien artean, Federico Garcia Lorca eta William Shakespeareren obra moldatuak izango dira.
Bertze behin, Erriberriko La Cava aretoa izanen da antzerki klasiko festibalaren oholtza nagusia. Jaialdiaren inaugurazioa uztailaren 15ean izanen da, ostiralean, Sandra Ferrus artista katalanaren lanarekin, La panadera. Oholtza horretaz gain, jaialdiakgainerako egoitza hauek hartuko ditu: betikoak —Erriberriko Teobaldoen plaza eta kultur etxea, eta Tafallako kultura etxea—, eta horiei batuko zaizkie Beireko (Nafarroa) Ezpeleta jauregia eta kultur etxea, Erriberriko Ronda del Castillo, Jauregia eta Karlos III.a plaza, eta Tafallako Kondearen parkea. Karrika artean ere arituko dira artistak. Bi aste horietan Erriberri «epizentro kultural» bihurtuko dela hitzeman du Lorenzo Garcia Etxegoien Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak.
«Paritarioa eta feminista»
Lehenbiziko aldia da Erriberriko jaialdiak zuzendaritza artistiko partekatu bat duena. Iaz, Maria Goirizelaia eta Ane Pikaza izendatu zituzten zuzendari, «arte eszenikoei loturiko espazioetan prestakuntza eta eskarmentua duten bi profesional».
Pikazaren hitzetan, izendapen hori aukera ezin hobea da «emakumeek antzerkiaren munduan duten eragina handitzeko». Hain zuzen ere, aurten, guztira, 38 emanaldi eta 22 ikuskizun programatu ditu jaialdiak, eta horietatik 11 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte. «Inklusibotasunaren aldeko apustua egin dugu, hau da, espazio paritario eta feminista baten aldekoa». Ziurtatu dute badakitela herritarrek «kalitatezko» proposamenez gozatzeko premia dutela. «Ikuslearen jakin-mina piztu, astindu eta hunkitu nahi duen jaialdi bat irudikatu dugu. Espazio kritikoagoa eta irekiagoa izanen da».
Atzo, jaialdiaren aurkezpena amaitzeko, Led Silhouette dantza konpainiak bere ikuskizunaren zati bat eman zuen Iruñean, Erriberrin uztailaren 27an egin baino lehen.
Erriberriko antzerki jaialdiak inklusibotasuna izanen du ardatz
Uztailaren 15etik 31ra egingo dute antzerki klasikoaren jaialdia. Espazio «paritario eta feminista» baten alde egin dute apustua aurten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu