Urruñako Herriko Etxearen borondatez (Lapurdi) eta Bertsularien Lagunak elkartearekin partaidetzan, Errexil sariketa berriz abiaraziko dute irailean eta urrian. Bertsularien Lagunek, hain zuzen, duela berrogei urte antolatu zuten lehen aldikoz Errexil sariketa, 1984an, Errezilgoa zen eta Urruñan bizi eta zendu zen Juan Jose Eizmendi Goenaga (1918-1965) bertsolariaren omenez.
Sailkatzeko bi saio izanen ditu sariketak, eta finala. Lehen saioa irailaren 20an eginen dute, Urruñako Postako gelan, 19:00etan, ondoko bertsolariekin: Ramuntxo Christy, Eneko Lazkoz, Maddi Ane Txoperena, Oihane Perea, Eneritz Artetxe eta Aitor Servier. Amaiur Lujanbiok emanen dizkie gaiak. Bigarren saioa aste bat beranduago izanen da, irailaren 27an, tenore eta leku berean. Patxi Iriart, Eneko Abasolo Abarkas, Maddi Sarasua, Josu Sanjurjo, Aissa Intxausti eta Miren Artetxe bertsolariek kantatuko dute orduan, Xalbat Altzugaraik eman gaiekin. Finala urriaren 4an iraganen da, beti Postako gelan eta 19:00etan, Aritz Bidegain gai emaile dela.
Sariketaren 40. urteurrena markatzeaz gain zer beste helburu nagusi duten adierazi dute antolatzaileek: «Bertsoa bera hauspotu, eta Ipar Euskal Herrikoak eta Hego Euskal Herrikoak diren bertsolariei txoko honetan lekua ematea».