Kritika. Musika

Erretirorik ez

Anestesia taldea, larunbatean, Orion. URKO ANSA
Anestesia taldea, larunbatean, Orion. URKO ANSA
2024ko uztailaren 8a
08:35
Entzun

ANESTESIA eta Bellum

Non: Orioko Etxeluze gaztetxean.

Noiz: Larunbatean.

Fenix izeneko bira pandemiak eta osasun arazoek zapuztu zuten arren, 2023 hasieran taldea berpizteko ahalegina etorri zen berriz ere. Imanol Beloki betiko bateria jotzaileak taldea utzi zuenean, ordea, Anestesia berriz kolokan jarri zen. Hala ere, Jon Albizu bateria jotzailea fitxatu, eta Azken heriotza bira txikiari egin zioten, aurreko biran egin gabe geratu ziren kontzertuak osatzeko. Gauzak horrela, eta, bira ekainaren 8an amaitu bazen ere, larunbatean Orioko gaztetxean bizi genuena estra moduko bat izan zen. Ordu eta laurdeneko deskarga zapaltzaile hau ikusi eta gero, aldiz, gauza bakarra daukagu buruan: erakutsitako maila ikusita, ezin dira erretiratu!

Hasierako taldea, berriz, Getariako Bellum hirukote gaztea izan genuen. Oraindik diskorik atera ez duten arren, deigarria da oso zer burrunba ateratzen duten kantu propioekin zein bertsioekin. Batzuetan, laukotea edo boskotea dirudite, kontzertu osoan abiada bizia eta oldarkeria maila goi-goian mantendu baitzituzten. Post-punka lantzen dutela irakurri dugu, baina gehiago iruditu zitzaigun hardcore basatia. Amaieran Zaramaren Iñaki, ze urrun dagoen Kamerun-en bertsio harrigarria egin zuten, deabruzko abiaduran, baina kantuaren baliabide melodiko guztiak ezin hobeto aprobetxatuta. Gertutik jarraitzeko moduko taldea.

Gaueko hamaika eta erdiak aldera Anestesia taularatu zen azkenik. Gaztetxe dotorea ia beteta, hurrengo minutuetan erruki askorik gabeko oldarraldia eskaini ziguten, kasik espero baino oraindik eta handiagoa. Mikel Kazalis oholtza gainean ikustea, gitarrari sua atereaz eta txima luzeak airean, energiaz beteta eta irribarrea ezpainetan, morala igotzen duten horietako gertakizun bat da. Eta Dani Aizpurua, beti oholtzaren beste aldean, pasio hutsez eta teknika harrigarriz kantuen oinarriak behin eta berriz eraiki eta deseraikitzen. Zer esan Ibon Esteibar abeslariari buruz? Gisa honetako errepertorio bati aurre egitea ez da erraza, erraza ez denez. Ikusgarria da grabeak eta guturalak egiteko modu basati hori emanaldi osoan horrela mantentzea, eta indarkeria hutsa da zer oldarkortasun ematen dien kantuei. Benetan aparta.

Horrela, Zure txanda eta antzeko kanta zuzen, bizkor eta motzetan erasoaren etekina guztiz biderkatzailea da. Korapiloak pultsazio bortitzez eskaini ziguten. Anestesiaren kantu guztiek ez daukate errepika garbirik, baina kantu hau eta beste zenbaitetan teknika hori ondo menderatzen dutela erakutsi zuten. Aurrekoa motza dela esan dugu; bada, azken hau zein beste batzuk nekez pasatzen dira minututik. Badaude motzagoak, hala ere. Eutanafrika ere errepika moduko baten jabe da, eta lehen urteetan erabiltzen zuten atabal kolpe motaren adierazlea ere bada: kaxa oso bizi zigortu eta bonboari ere etengabe egurra ematen dioten horietakoa.

Anestesia taldea
Mikel Kazalis, larunbateko kontzertuan. URKO ANSA

Badugu, bide batez, bateria jotzaile berriari buruz hitz egiteko garaia: Jon Albizu zarauztarrak ere alimaleko kolpea dauka, eta bortizki erasotzen du errepertorio osoa; ez nioke ihes egiten utziko, inola ere. Kantu astunetan ere ez dira batere atzean gelditzen. Beraz, eta abiada hiltzailez armatutako oldarrei kontrastea egiteko, Kontraesanak eta Erantzun bezalako piezak eskergarriak dira oso. Bi kantarik berrienak (Fenix, 2022koa, zitala; eta Azken heriotza, aurtengoa, astuna) ere ez ziren falta izan, eta argi geratu zen ikusleek ondo baino hobeto ezagutzen zutela. Lehen lerroetako anabasa ikusgarria izan zen, bafleak eta argiak ere kolokan jarri zituena, baina ez zen, zorionez, benetako arriskutsurik bizi izan. Azken diskoko bortizkeriak ere ez ziren faltan izan: Maite zaitut, hil nazazu astakeria edota 36 segundoko Zaborra gara zigortzailea.

Ez gara askoz ere gehiago luzatuko, baina R.I.P. taldearen Brigada criminal gaueko hunkigarrienetako bat izan zen —oker ez bagaude, taldeak 1990eko maketan ere grabatu zuen kanta hori—. Ultra-komunikatzen taldearen onenetakoan ere, sekulako oldarraldia sentitu genuen lehen lerroetan. Zaborra gara kantatu eta gero, deskantsu txiki bat hartu zuten, ia ezinezkoa baita erritmo horri eustea. Gatibutasunean-ekin agurtu gintuzten, bisetan ohiko urrezko tetralogiarekin amaitzeko: S.T. instrumentala, Begi bat klasikoa, Gu —minutu erdiko urakana—, eta akaso ezagunena, Agur eternala. Etxeluze gaztetxean ikusitakoaren ondoren, lau musikariek elkar hartzeko duten modua, indarra eta bultzada kontuan hartuta... zer nahi duzue esatea, bada? Erretiroa orain hartzea ia ezinezkoa iruditzen zaigu. Oraina beraiena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.