ERRESKATERAKO SEI ARTELAN

Museoek ateak itxiak dituzten honetan, zuzentzen duten erakundearen bildumako pieza bana erreskatatu dute BERRIArentzat Artium zentroko, Bilboko Arte Ederren Museoko, Bilboko Guggenheim museoko, Oteiza museoko, San Telmo museoko eta Bonnat-Helleu museoko zuzendariek.

Gabriel Deluc. 'Lakua', 1912. Olioa oihalean. A. VAQUERO.
Inigo Astiz
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Korrikaldi betean, eta tartean behin zaintzaileren bati edo besteri izkin eginez, guztira, bederatzi minutu eta berrogeita hiru segundo behar izan zituzten Jean Luc Godard zinemagilearen Bande A Part filmeko hiru protagonistek Parisko Louvre museoa alderik alde gurutzatzeko. Erraz gainditzekoa dirudi markak orain, koronabirusaren hedapena geldiarazteko neurrien ondorioz Europako museo gehienek bisitariei ateak itxi behar izan dizkietenetik. Hori da kasua hemen ere, eta, horregatik artelan bana erreskatatzeko eskatu die BERRIAk Euskal Herriko arte museo nagusietako zuzendariei. Gidatzen duten erakundeko bildumaren parte den pieza bana hautatu, eta hari buruzko testu bat idatzi dute Gasteizko Artium zentroko, Bilboko Arte Ederren Museoko, Bilboko Guggenheim museoko, Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoko, Donostiako San Telmo museoko eta Baionako Bonnat-Helleu arte ederren museoko zuzendariek. Euskal ondare artistikoa zeharkatzen duen sei piezako korrikaldi bat da emaitza.

1. Beatriz Herraez (Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoko zuzendaria)
Esther Ferrer. Gorputz Ekintzak, 1975. Bideoa, 38'. minutu (goiko irudia).

Zaila da lan bakarra hautatzea, baina, behin hori onarturik, Esther Ferrer (Donostia, 1937) artistaren Gorputz ekintzak (1975) lana erreskatatzea erabaki dugu. 2019an bihurtu zen lana museoko bildumaren parte, eta otsailean inauguratu zen Zeru bat hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketaren parte da orain. Ferrerren lau ekintza enblematiko jasotzen dituen bideo erregistro bat da pieza. Aitzindaria da dokumentua, hau baita artistaren hastapenetako lanen lekukotza eskaintzen duen lan bakarra. 2013an zaharberritu zuten, Frantzian egindako erakusketa baterako.

Erakusketako komisario taldeko kide den Miren Jaiok ondorengo hau zioen lan honi buruz: «Bideoak artista biluzia erakusten du gela baten barruan hara eta hona dabilela. Azken minutuetan, ordea, artista eta kamera leihora joaten dira, eta Parisko zeruaren eta hiriko teilatuen ikuspegi bat zabaltzen da, ekintza-eremu mugatu horren beste ikuspegi bat eskainiz». Iradokitzailea da irudi hori, pantailaren aurrean gertatuko diren ekitaldi sorta amaigabe bat eskaintzen dizkiguten konfinamendu egun hauetarako. Espero dezagun birtualitate telematiko hori iragankorra izatea, kasu askotan arteak ezinbesteko izaten baititu bestelako bide batzuk, eta obraren materialtasunarekin topo egin ahal izateko espazio eta presentzia bat eskatzen baitu.

2. Benjamin Couilleaux (Baionako Bonnat-Helleu arte ederren museoko zuzendaria)
Gabriel Deluc, Lakua, 1912, olioa oihalean.



Gabriel Delucek 1912an pintatu zuen Lakua, artean artista gazte, distiratsu eta etorkizunez betea zenean, zenbait urte lehenagotik jadanik Leon Bonnatek igarri bezala. Baina, Lehen Mundu Gerrak bestela erabaki, eta 33 urte bete gabe dituela hilko da, La Marneko frontean, 1916. urtean. Patu tragiko horrek, paradoxikoki, are hunkigarriago bilakatzen du Lakua koadroaren harmonia. Ideal bat mirestera gonbidatzen gaitu Delucek. Zibilizazioaren kaosetik babestuta, natura guztiz bare batean hedatzen da bere biluztasunaren lotsarik gabeko gizatasun inuzente bat. Artzainen dantzen urratsak besterik ez da entzuten, beren bildots zurien artean. Zalantzarik gabe, Gabriel Delucek Maurice Ravel herrikidearekin zuen laguntasunak azaltzen du Lakua-k duen musikaltasun hori; pintorea Donibane Lohizunen sortua baitzen, eta konpositorea, berriz, Ziburun. Euren doinu zein irudietan artista zinez berritzaileok zoriontasunik sinpleenak ospatzen dituzte katastrofe ikaragarri baten egunsentian, eta, esango nuke, haien esperantzaren berdina dela egungo sasoiotan bizi duguna.

3. Juan Ignacio Bidarte (Bilboko Guggenheim museoko zuzendaria)
Richard Serra, Denboraren materia, 1994-2005', altzairu herdoilkorra.



Bildumako artelanen artean, kariño berezia diot Richard Serraren Denboraren materia lanari. Zortzi pieza monumentaleko lan honek maisuki erakusten du eskultura bat nola bilaka daitekeen esperientziak bizitzeko espazio bat. Obraren osotasuna ikusi eta haren benetako dimentsioaz ohartzeko, adibidez, beharrezkoa da bigarren solairuan daukagun balkoira igotzea. Handik, esku hartze urbano bat balitz bezala ikus daiteke pieza, bere eraikin, kale eta plazekin.

Baina obrak eskaintzen duen bizipen fisiko eta sentsoriala benetan bizi ahal izateko, ezinbestekoa da hura zeharkatzea. Espazioaren eta denboraren oso bestelako pertzepzio bat eskaintzen du bolumen erraldoi horietan ibiltzeak, eta orientazioa galtzera ere eraman zaitzake.

Bada, ordea, obra hau aukeratzera eraman nauen beste arrazoi bat; zeren eta Serraren lanak beste ezein obrak baino hobeki irudikatzen baitu museo honek izan nahi lukeena: bisitariei arkitektura bikain batean artelan bikainez gozatzeko aukera eskaintzen dien espazio bat izan nahi luke, bisitariak bertan bizi ahal izan ditzan beren obrarik onenak eskaintzen dizkiguten bi jenio garaikidek —Richard Serrak eta Frank Gehryk— topo egiten dutenean sortzen diren une magiko horiek. Niretzat hori da Denboraren materia.

4. Gregorio Diaz Ereño (Oteiza museoko zuzendaria)
Jorge Oteiza. Laborategi esperimentala, 1950-1970.



Neurri txikiko 2.000 piezak osatzen dute Laborategi esperimentala bilduma. Hamaika klasetako materialak erabili zituen Oteizak esperimentazio hauetarako, eta, maiz, aurrez egunerokoan erabilitako objektuak ere baliatzen zituen horretarako.

Txikiak dira Laborategi esperimentala osatzen duten piezak, baina neurriz bakarrik, kontzeptualki handiak baitira, eta Oteizaren esentzia biltzen du haietako bakoitzak. Artistak, urregin baten pare, bere eskuz egindako moldaketekin artelan bilakatzen du objektu horietako bakoitza, eta, horregatik, bere bilaketen lekuko ere badira piezak, gainera, Oteizaren beraren hitzetan: «Hatzekin klera bat airean kokatzen dut; objektu solido geometriko hori lehen ez zen artea, baina orain bai, zeren eta ikuslearentzat prestaketa horrek apurtu egiten baitu haren independentzia geometriko eta itxia, eta obra ireki bilakatzen baitu, inguruarekiko izan ditzakeen parte hartzeetarako egitura bihurtuz. Ume batek ere ikusiko luke airean dagoen klera horrek nolako lotura estua duen nire eskuko marrekin...». Jolasteko, eskultura deskubritzeko eta asmatzeko aukera eskaintzen digu pieza horietako bakoitzak.

Esan daiteke Laborategi esperimentala formen unibertso bat dela, eta bertan bat egiten dutela hala Oteizaren osotasunak nola, aldi berean, pieza bakoitzean sortzaile gisa utzitako lorratzak. Lagungarri izan dakigukeen errealitateari begiratzeko modu berri bat proposatzen digu guri zein obra handi hau ikustera hurbiltzen diren bisitariei ere, gure mundua eta dauzkagun erronka berriak birpentsatu ahal izateko.

5. Miguel Zugaza (Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria)
Francis Bacon. Figura etzana ispiluan, 1971, olioa oihalean.



Francis Baconek 1971n Parisko Grand Palaisen egindako erakusketarako pintatutako Figura etzana ispiluan koadroan jarriko nuke arreta nik, egun bizi dugun egoera izugarri eta berri honi buruz gogoeta egiteko. Baldintzen eraginez, ezberdin ikusten dut orain koadroa, bi arrazoirengatik. Batetik, obrak bere barnean biltzen duen istorioagatik; egun bizi dugun afektuen itxialdia irudikatzen baitu lanak, ispiluak gure eta figura biluziaren artean ezartzen duen distantziaren bidez. Noli me tangere profano bat balitz bezala.

Baina, aldi berean, obra honek aukera ematen dit nire aitak museoari egindako ekarpenari omenaldi pertsonal bat egiteko eta, haren bidez, baita orain hain zaurgarri den belaunaldi oso baten eredu baliotsua gogoratzeko ere. Bilboko Arte Ederren Museoaren modernizazio prozesuan mugarri nagusietako bat izan zen Baconen koadroaren erosketa. 1982. urtea zen, pintore britainiarra oraindik bizirik zegoen, eta, gogora dezagun, orduan ere krisi batean murgilduta geunden; egungoaz bestelako krisi batean, baina hura ere gogorra eta nahasgarria. Izan dadila keinu ausart hura etorkizunerako akuilu.

6. Susana Soto (San Telmo museoko zuzendaria)
Esther Ferrer. Denboraren haria, 1997, teknika mistoa.



Haria oso astiro erortzen da, etengabe, eta aulki bateko eserleku hautsia zeharkatzen du, lurrean pilatuz. Obra sinplea da, eguneroko bizitzako objektuekin egina: aulki zahar bat eta harizko karrete bat, denboraren joan-etorriaren irudi bat helarazten digutenak.

Obra iradokitzailea da; niri denboraren igaroaldi hautemanezinaz hitz egiten dit, normalean pasatzen eta oharkabean joaten den denboraz; erabilerak higatutako aulkiak eta lurrean pilatutako hariak iragandako denboraz hitz egiten dute, zenbat eta zaharragoak izan orduan eta denbora gehiago bizi izan gara; itxaronaldia ere markatzen du, zerbait gertatzeko itxaroten ematen den denbora, «bizitza itxaroten pasatzen dugu», artistak nabarmentzen zuenez.

Aulkia eta haria elementu errepikakorrak dira Ferrerren lanean, denbora eta espazioa artista donostiarraren ibilbide luze eta berezian behin eta berriz jorratutako gaiak diren bezala. Agian inspirazio gisa balio diezaguke, eta, orain, konfinamendu honek askori eragiten digunez, sormen ariketa bat egin genezake, eta pentsatu zein eratan irudikatuko genukeen denboraren joana, baita gure obra propioa sortu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.