'gogora ekarri, deitu'
Ez dut ezagutzen harilkatzea gustuko duen jende askorik. Egia esan, orain dela gutxira arte ez nuen guztiz argi zertan zetzan... Bi oihalen arteko lotura prestatzen duen josteko puntua da, dirudienez. Behin oihalak elkartzen direnean, ehuna ez da mugitzen eta piezaren eraikuntza prozesua hasten da. Ekintza horrek abian jarri ditzakeen hainbat metafora datozkit burura: ideiak harilkatu daitezke argumentu bat osatzeko, hausnarketak batu iritzi ezberdinak ulertzeko, edota emozioak saretu ondokoen egoerekin enpatizatzeko.
Hain zuzen, hori da Gogora ekarri, deitu komisariotza proiektuan arnasten dena. Haren komisario den Maisa Covaledak hainbat artistaren lanak harilkatu ditu, eta, behin elkartuta, horiekin erakusketa bat ehundu du Iruñeko Antartika kultur espazioan.
Hilvanario izeneko proiektu zabalago baten emaitza da mostra. Ehungintza ardatz duten elkarretaratze espazioak sortzea da horren helburua. Bertan, sorkuntzaren eta saretzearen bitartez, horren parte diren emakumeen artean memoria objektuak sortzen dira. Hain zuzen, proiektuaren mediazioaren ardatza hori da, eta ondorio materiala erakusketa. Baina ez da gure marko espazialera mugatzen, proiektu transozeaniko baten emaitza baita.
Hala, mostrak Nafarroako, Kolonbiako, Txileko eta Palestinako hainbat emakumeren piezak biltzen ditu, eta horietako batzuek aktibismoaren eta ekoizpen artistikoaren artean kulunkatzen diren ekoizpenak plazaratzen dituzte. Artisten artean dira Natalia Alzate, Carolina Anfibia, Estela Carvalho, Virgelina Chara, Isabel Gonzalez, María Jimenez, Ana Milena Gomez, Julieth Morales, Vanesa Nieto, Teresa Sabate, Daniela Tobar eta Misakeko emakumeak. Halaber, ekintzailetza helburu duten zenbait kolektiboren presentzia ere badago.
Aktibismoaren eta artearen arteko suturak eraikinera sartu baino lehenago arnasten ziren. Oihal batek estaltzen zuen eraikina bera. Kolonbiako Union de Costureros taldeak landutako memoria lana zen hori, eta barruko erakusketa kitzikatzailearen berri ematen zuen. Tamalez, kontatzen diren istorioekiko dagoen enpatia eskasaren adierazle den norbaitek/norbaitzuek hura suntsitzea erabaki ona zela ondorioztatu zuen/zuten. Beraz, mostrara gerturatzen zaretenok ez duzue hura ikusteko aukerarik izango...
Ehuna zaurgarritasunarekin lotu izan bada ere, oraingoan bertan brodatzen diren istorioek puntaden zuzentasunaz, eta, zenbaitetan, gordintasunaz ere ohartaraziko gaituzte. Horren abisua dira mostran barneratu baino lehen zeharkatu behar ditugun estetika leuneko hainbat banderilla. Orduan, gerturatu ahala izenak, datak eta testuak agertzen dira: Virginia Silva. 7/01/2020. Páez, Cauca. Líder y médica – Magdalena Coculama. 02/09/2019. Tame-Arauca. Seminómada Makaguan... lerroak biderkatzen dira, eta istorioak ere bai. Piezak Kolonbiako Ojo de la Aguja kolektiboaren lana dira, zeinak erailak izan diren ekintzaile sozialen memoria mantentzeko helburuarekin beren izenak ehuntzen dituen. Ekintza kolektibo baten emaitza da hau, zeinetan ehuleek ez duten zertan artistak izan.
Izan ere, erakusketan aurkezten diren piezetako hainbatetan sumatzen da kolektibitatetaranzko ikuskera hori. Komisarioak, nolabait, agerian utzi nahi baitu ehotzeak, hitzezko elkarrizketak sortzeaz gain, ikusizko diskurtsoak ere sor ditzakeela. Ehungintzak erresistentziarako eta eraikuntzarako espazioak sortzen baititu. Ehuntze prozesuak bideratzen duen denbora tarteak entzutearekin uztartzen dira, eta erakusketa konposatzen duten pieza guztiak uztartze horren metaketa bisuala dira.
Halatan, mostrak jakintzak elkartzen eta nahasten diren lekuak esploratzen ditu. Lan batzuk ehungintza testigantzatik datoz. Alde horretatik deigarriak dira teknika ezberdinek igortzen dituzten memoriak eta erresistentziak ere. Egungo gizarte kapitalistak eta aspalditik diharduen kolonialismoak bideratutako memoria ezabatzearen ondorioz desagertzeko arriskuan dauden identitate eta kulturen erresistentzia espazio bihurtzen baitira hauek ere.