Erresistentziaren ahotsak

Yurre Ugartek eta Joseba Larratxe 'Josevisky'-k 'Joana Maiz' eleberri grafikoa kaleratu dute

Joana Maiz komikian, egileek zalantzan jarri dute historia kanonikoa. YURRE UGARTE-JOSEBA LARRATXE 'JOSEVISKY'.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Batetik, Joana Maiz: Casting zuzendaria Donald Fisherrek Euskal Herriaz, «Santimamiñeko kobazulotik Bilboko Athleticera» luzatzen den historiaz, egin nahi duen dokumentalean. Bestetik, Laura Odriozola Lauren. Etxetik kaleratua izatekotan den andre zahar bat, garai batean pop izarra izan eta gaur egun bere burua artista polifazetikotzat jotzen duen seme bat ere baduena. Bi emakume, belaunaldi oso batek eta bizipenek bereizten dituztenak. Bakoitza bere erara bada ere, erresistentzian bizi direnak.

Erresistentzian bizi izateari buruzko gogoeta baita, neurri handi batean, Joana Maiz, Yurre Ugartek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) eta Joseba Larratxe Josevisky-k (Irun, Gipuzkoa, 1985) lau eskutara egin duten eta Harriet argitaletxeak kaleratu duen eleberri grafikoa. Maizek Polaroid kamera erabiltzen du dokumentalerako casting horietan, eta argazki horietako batean harrapatuta geratuko da Laurenen irudia. Fisher hil ondoren, eta Jerry haren semeak dokumentalaren egiletza bere gain hartu nahi duela ikusita, Maizek bere lan propioa eramango du aurrera. Eta hor azalduko da Lauren. Ugarte: «Joana Maizek erabakiko du baztertua izan den emakume bat berreskuratzea bere lanaren ardatz bihurtzeko».

Izan ere, Euskal Herriaren historia jaso nahi duen dokumentalaren hastapen proiektuan historia horren protagonista batzuk ikusiko ditu Maizek: Inazio Loiolakoa, Eneko Aritza, Sabino Arana, Jorge Oteiza, Txabi Etxebarrieta... Denak, salbuespenik gabe, gizonak. «Topikoak baztertutako errealitatea» azaleratzeko nahia ere badago-eta komikian. «Nork baztertu du errealitate hori? Nork idazten du historia? Hori bakarrik da historia? Eta gaur egunari begiratzeko ere balio dute galderek. Gaur egungo jendarte plurala eta kontrastez beteriko errealitatea ere ez dira batzuek erakutsi nahi duten hori». Horri lotuta, Paul Klee artistaren aipu bat ekarri du Ugartek: «Arteak ikusgarri egiten du errealitatea».

Lauren ezagutzeak barrua astinduko dio Maizi. «Atso hori ezagutzeak Joanarengan eragiten duena da istorioaren motorra», azaldu du Ugartek, «baina geruza gehiago ere sartzen ditu argumentuan». Hain zuzen ere, Lauren ezagutzean, Maizek bere nortasuna ere zalantzan ikusiko du: «Polaroida sartzea ez da kontu hutsala, identitateari eta nortasunari buruz ari baikara. Polaroidarekin pertsonen identitatean arakatzen du Maizek, baina, Lauren ezagutzean, bere identitatea jarriko du zalantzan». Azken batean, Laurenengan ikusiko du bere «ifrentzua».

Ideia narratiboak

Ez da hau Ugartek eta Joseviskyk elkarrekin lan egin duten lehenengo aldia. Katu hegoduna komiki digital laburra egin zuten 2014an, Saure argitaletxearentzat, eta Xabiroi aldizkarian ere aritu dira elkarrekin lanean. Bat idazten eta bestea marrazten.

Orain dela urte batzuk, beste proiektu handi bat izan zuten esku artean, «zientzia-fikziozkoa eta 200 orrialdetara iristen zena», Joseviskyk azaldu duenez, baina bazter batean utzi zuten, eta Joana Maiz-i heldu zioten.

Ugartek istorio orokor bat proposatu zuen, baina sormen prozesuan berean joan da garatuz komikia. «Yurrek gidoiaren parteak pasatu, nik zirriborroak egin, bion artean aldaketak proposatu... Lan egiteko modu organikoa izan da, sormen bikote batena».

Hiru kolore erabili ditu marrazkilariak istorioa ilustratzeko: zuria,beltza eta urdinaren eta berdearen artean dagoen beste bat, «urdin turkesa». Horrek balio izan dio kontakizunaren denbora ezberdinak bereizteko, flashbackak zuri-beltzean irudikatu baititu. «Nire nahia da gidoiak ematen dizkidan gakoak erabiltzea narrazio gisa», zehaztu du Joseviskyk; izan ere, elementu estetikoez harago, kontatzen duenari eman dio garrantzia: «Ideia estetikoak ideia narratibo bihurtu behar dira».

Liburua Getxoko Komiki Azokan erakutsi zuten Ugartek eta Joseviskyk, eta han izandako harrerarekin pozik dago marrazkilaria, nahiz eta haren ustez Durangoko Azokan aurkituko duen liburuak bere publiko naturala.

Hori baino lehen, hilaren 13an, Donostiako Tobacco Days liburu dendan aurkeztuko dute, solasaldi baten bitartez.

Harrieten uzta

Joana Maiz-ez gain, Harriet argitaletxeak beste lau lan aurkeztu zituen atzo, Donostian eginiko ekitaldian: Gregorio Muro Harriet-ek idatzi, Alex Machok marraztu eta Garlukek koloreztatutako Lotsa eta ahaztea; Didier Quella-Guyotek eta Sebastien Moricek osatutako bikotearen Oroiminaren uhartea; Mk Devillek idatzi eta Christophe Girardek marraztutako Virginia Hill eleberri grafiko biografikoa; eta Isaline, Sorginkeri izoztua, L'Hermenier eta Yllyaren haurrentzako lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.