Erresistentziako kulturgileak omenduko ditu 23. Xiru Festibalak

Hiru eguneko festibalak musikaz, artez eta ikuskizunez omenduko ditu garai ilunetan ere sortzaile izandakoak

Mixel Etxekopar, Ander Lipus eta Jean Christian Galtxetaburu. J.ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
Gotaine-Irabarne
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) Xiru festibalak 23 urte beteko ditu aurten. Urtero bezala, Abotia elkarteak gai baten inguruan programatu du hiru eguneko festibala: Ez zirelakoz bat.

Mixel Etxekopar antolatzailearen azalpenen arabera, «ez zirelako ados» ulertu behar da erranaldian: «Beren erresistentzia arte bilakatu zutenak omenduko ditugu. Prefosta, gogoan ditut Francoren denboran ari ziren taldeak; Ez Dok Amairu eta Gaur, adibidez. Nonbait, halako denbora ilunetan poesia eta eskultura batek zerbait botere ukan zezakeen».

Ostiralean Eñaut Etxamendik kantatuko du, eta Jose Anjel Irigarai olerkaria izanen da gaualdi berean Ez Dok Amairu taldearen ordezkaria. Haiekin batean, festibala topaketa gisa pentsatua delako betiere, Alozeko kantariak arituko dira, besteak beste.

Larunbatean, berriz, erresistentzia eta kultura uztartzen dituen beste figura bat omenduko dute, Xiru-Sarri ikuskizunaren bidez. Ander Lipus antzerkilariak, Mixel Etxekopar txirulariak eta Jean Christian Galtxetaburuk prestatu dute Xiru-Sarri ikuskizuna, Joseba Sarrionandiaren testuetatik abiaturik. Uztaro elkartearen oholtzako instalazio eta bideo proiekzioez lagundurik estreinatuko dute ikuskizuna.

Xiru festibalean ohikoa da, bestalde, kanpoko kulturei lekua uztea. Hala, Oudaden ikusiko da larunbatean, sei kantari berberek osatzen duten taldea. Goizean, Chahab artista irandarraren eskultura bat estreinatuko dute, eta asteburuan Pas De Nom Pas De Maison Nantesko (Bretainia) musika bandak joko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.