1957an belaunaldi oso baten ikur bihurtu zen liburua idatzi zuen Jack Kerouacek, On the Road. Allen Ginsbergen Howl poemarekin batera, Beat Belaunaldiaren lan nagusia da eleberri hori, 40ko hamarkadan AEBetan barna egindako bidaiaren kronika literarioa dena, eta, era berean, pertsonaien barnerako bidaia dena. Kerouacek berak bizi zituen esperientziak dira kontakizunaren oinarria; gazte garaietan Neal Cassady lagunarekin antzeko hainbat bidaia egin baitzituen.
William S. Burroughs eta Allen Ginsbergekin batera, Beat Belaunaldiko ordezkaririk garrantzitsuena izan zen Jack Kerouac, bereziki On the Road lanagatik. Burroughsek zein Ginsbergek zinemarako bidea egina zuten —David Cronenbergek lehenengoaren Naked Lunch moldatu zuen,eta orain dela bi urte Howl-en oinarritzen zen pelikula bat egin zuten. Kerouacen lanak, ordea, oraindik ez zuen bertsiozinematografikorik, irudien bitartez emateko oso testu latza baita.
Nolanahi ere, On the Road zinemara eramateko ideiak aspaldikoak dira. Idazlea bera izan zen lehen saioa egin zuena. Liburua argitaratu zen urte berean Marlon Brandori eskutitz bat idatzi zion, eta Dean Moriarty pertsonaiaren rola eskaini; Kerouacek Sal Paradiserena eginen zuen. Dirudienez, Brandok ez zuen aintzat hartu proposamena.
Handik gutxira, Warner estudioak liburuaren eskubideak erosi nahi izan zituen, baina Kerouacen ordezkariari oso eskaintza pobrea iruditu zitzaion. Gainera, oraindik Brandoren baiezkoaren esperantza izan bazuten. Azkenean, ez Brandok, ezta Warnerrek ere; proiektua ezerezean gelditu zen.
Hainbat urte geroago, 1979an, bere ibilbide artistikoaren gailurrean zegoen Francis Ford Coppola, eta, liburuaren eskubideak erosi, eta gidoia egiteko hainbat gidoilari kontratatu zituen. Gora eta behera ibili ziren batzuk eta besteak, eta hainbat eskuetatik pasatu ziren zirriborroak. Azkenean, 1995ean pelikula prestatzeari ekin zion Coppolak, Allen Ginsbergen laguntzaz. Hasi eta amore eman behar izan zuen, ez baitzuen kontua argi ikusten. Horrez gain, ordurako ez zituen 70eko hamarkadaren amaieran izandako botere eta ahalmen ekonomikoa.
Dena den, ez zuen guztiz etsi. Urte batzuk geroago beste saio bat egin zuen; Brad Pitt eta Ethan Hawkek egin behar zituzten rol protagonistak. Ideia horrek ere ez zuen aurrera egin. 2001ean Coppolak Joel Schumacher zuzendaria kontratatu zuen liburua pelikula bihurtzeko, baina bien arteko desadostasunek berriro ere asmoa alboratzea ekarri zuten.
Che-ren bidaia
Zinemaren historiaren madarikatuen atalean sartzeko itxura hartzen hasia zen On the Road, harik eta Coppolak Walter Sallesen Diary of Motorbike pelikula ikusi zuen arte. Ernesto Guevarak, Che-k Ameriketan barna egindako bidaiaren kronika zen film nabarmen hori, eta On the Road-ek behar zuen zuzendaria zela ohartu zen Salles. Berriro jarri zuten martxan proiektua, oraingo honetan atzera bueltarik gabe.
Hasteko eta behin, pelikula prestatzeko dokumental bat egin zuen zuzendariak, Searching for On the Road. Horretan, Sal Paradise pertsonaia nagusiak egin zuen bidaia berbera egin zuen, eta, horrekin batera, Jack Kerouac ezagutu zuten hainbat idazlerekin elkartu zen.
Horren ostean, pelikula egiteari ekin zion zuzendari brasildarrak. Gizonezkoen bi rol nagusietarako nahiko aktore ezezagunak aukeratu zituen: Sam Rileyk, Sal Paradiserena egiten du, eta Garrett Hedlundek, berriz, Dean Moriartyrena. Hirukotearen hirugarren erpina, aldiz, aktore ezagunagoa da, Twilight-eko Kristen Stewart gaztea. Bigarren mailakoen artean ere hainbat aktore ezagun ditu On the Road-ek: Viggo Mortensen, Amy Adams eta Kirsten Dunst.
Aita hil eta berehala Sal Paradise gazteak Dean Moriarty preso ohia ezagutuko du. Moriarty Marylourekin ezkonduta dago, baina oso harreman librea dute. Paradise eta Moriartyren arteko harremana oso sendo bihurtuko da, eta biek askatasunean bizitzea erabakiko dute, errepidera atera eta mundu berri baten bila abiatuko dira.
'ON THE ROAD'
Zuzendaria: Walter Salles. Aktoreak: Garrett Hedlund, Sam Riley, Kristen Stewart, Amy Adams, Kirsten Dunst, Alice Braga. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 125 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Errepidea amets iturri zenekoa
Francis Ford Coppolak Jack Kerouacen 'On the Road' liburu mitikoaren moldaketa ekoitzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu