Erreparazio artistikoa

Francisco Durrio artistaren katalogatutako ia lan guztiak hartzen dituen erakusketa ireki du Bilboko Arte Ederren MuseoakParisen lagun izan zituen artisten lanak ere bildu dituzte; Gauguinenak, nagusiki

Emakume bat, Bilboko Arte Ederren Museoak Francisco Durrio artistari eskainitako erakusketako eskultura bati begira. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Bilbon ezaguna, Euskal Herrian erdi ezaguna, nazioartean erabat ezezaguna. Ez da bereziki onbera izan artearen historia Francisco Durrio artistarekin (1868, Valladolid, Espainia- 1940, Paris). Bilbon hazi, eta gazte jo zuen Parisera. Abangoardiaren epizentrora: Montmartre auzora. Han ezagutu zituen garai hartako artistarik garaienak, eta bereziki gertu izan zituen bi. Gertuegi, ziur aski, haien itzal erraldoiaren pean ez desagertzeko: Paul Gauguin eta Pablo Picasso. Gertukotasun horregatik da ohiko aipamena Durrio garai hartako arteari buruzko liburuetan. Eta arrazoi beragatik da haren artea ezezaguna. «Tristea eta bidegabea» irizten dio horri Javier Gomez Gonzalez de Durana komisarioak, eta erreparazio ekintza gisa aurkezten du horregatik Bilboko Arte Ederren Museoan jarritako erakusketa. Artista da bertan erakutsi nahi dutena. Irailera arte izango da zabalik Francisco Durrio (1868-1940). Gauguinen aztarnen gainean bilduma.

Juan Crisostomo Arriaga musikagilearen omenez egindako eskultura. Horra, Durrioren lanik ezagunena, Arte Ederren Museoaren atarian bertan. Lira moduko bat eskuetan, zerurantz begira dagoen emakumezko baten figura ederra; iturri bat. XX. mende hasierako Bilboko kulturaren ikono, Gonzalez de Duranak azaltzen duenez, baina baita artistari ezagutzen zaion lan ia bakarrenetariko bat ere. «Urte luzez itzal artean izan da Durrioren obra. Ez da eskura izan, eta, Arte Ederren Museoak haren pieza gehiago dituen arren, gehienez ere sei edo zazpi lan ikustera heltzeko modua izan dugu orain arte. Eta Parisen ia 50 urtez bizi eta lan egin zuen Durrioren neurriko artista baten kasurako, ikuspegi murritzegia da hori, eta baita bidegabekeria bat ere». Beste muturrera jo dute orain. Katalogaturik den artistaren ia lan guztiak bildu ditu museoak, eta baita Durrioren inguruan izandako beste zenbait artistarenak ere. Gauguinenak, nagusiki. Berrehun bat artelan, guztira. Ezezagun dena ezagun bilakatzeko asmoz.

Zeramikagilea, margolaria, zilargilea, eskultorea, bitxigilea... Aurpegi askoko artista da Durrio, eta guztiak bildu dituzte Bilbon. «Motela eta perfekzionista». «Originala eta berritzailea». Hitz horiekin deskribatzen du komisarioak bilbotarraren lana. Eta erakusketarako prestaturiko testuan, gainera, bere garaiko beste artisten lekukotasunak ere biltzen ditu. Benetako artista bati buruz mintzo dira haietariko asko, denborarekin itzalean gelditu den sortzaile bati buruz. Ederra da, adibidez, Charles Morice idazleak egiten duen deskribapena: «Paco [Durrio], idea handiko gizon txikia, lasaia, zeruaren sua begietan». Baina diskrezio hori da artearen historiografiatik kanpo utzi duen faktoreetako bat, Gonzalez de Duranaren hitzetan.

Artista izateaz gainera, arte bildumagilea ere bazen Durrio, eta bere lanez gainera, bere lagunen lanak ere batu ditu komisarioak erakusketan, eta bi adar ditu horregatik bildumak. Artistaren garai eta inguruari eskainitakoa da lehena, eta espresuki haren lanei buruzkoa bigarrena. Argazki orokorrarekin hasten da, beraz, ibilbidea, eta sortzaile partikularrarekin amaitu.

Gauguinen itzala

Besteak beste, Juan Etxebarria eta Antonio de Guezala artistek Durriori egindako erretratu eta karikaturekin abiatzen da bilduma, eta baita bilbotarraren hasierako zenbait lanekin ere. Montmartreko giroa agertzen du bigarren aretoko lan eta sinadura multzoak, eta Gauguini eskainitakoa da hirugarren espazioa. Denbora gutxi eman zuen Gauguinek Durriorekin Parisen, baina nahikoa lagun min bilakatzeko. Maisutzat zuen bilbotarrak frantziarra, eta hura hiltzean, bera izan zen paristarraren lanaren bultzatzaile nagusietariko bat ere. Gauguinen lanen bilduma galanta zuen, gainera. Lagunak emandako piezak, guztiak. Eta mito ere bilakatu zen, azkenerako, Durrioren Gauguin sorta. Haren zati bat ekarri dute Bilbora, eta areto oso bat eskaini diote. Margolanak, marrazkiak eta eskulturak. Guztietan igarri daiteke Gauguinen eskua. Eta agerikoa da haren itzala Durriok sinatutako lanetan ere.

Bilbotarraren ehun pieza inguru batu dituzte, orotara. Eskulturak, erliebeak, zilargile lanak, zeramikazko jarroi erraldoiak... Material ezberdinetan lantzen zituen, eta laugarren aretoan ikus daiteke hori. Egurrean, letoiean eta zeramikan lantzen du irudi bakar bat maiz; Evaren ametsa erliebean, kasurako.

Harribitxiei eskaini diete seigarren aretoa. Piezarik txikienak jarri dituzte, erakusketako gunerik handienean. Orratzak, eraztunak eta belarritakoak. Eta bada haien artean behin eta berriz errepikatzen den irudi bat: begiak itxita, suge bati muxu ematen dion pertsona bat. Beren baitarantz bildutako pertsonaiak, bestela. Malenkoniatsuak guztiak. Eta erakusketako azken aretoa da artistaren jarrera horren adibiderik garbiena. Bertan bildu dituzte Arriagaren monumentuari buruzko dokumentazioa, eta porrot egindako Etxebarrieta familiarentzako panteoi erraldoiaren proiektua. Etsipena nagusi, azkenean, artistaren hitzetan: «Mundua ehorztetxe bat da».

Picassoren cicerone

Picassoren hiru lan ere badaude erakusketan, Dario Regoyos, Ignacio Zuloaga, Franciso Iturrino eta Adolfo Guiardenekin batera. Izan ere, komisarioaren hitzetan, garrantzitsua izan zen Malagako artistaren eta Bilbokoaren arteko harremana. Cicerone lanetan aritzen zen Durrio Parisera heltzen ziren artistekin. Eta hala izan zen Espainiako artista gazte harekin ere. Durriok erakutsi omen zizkion lehenegoz Gauguinen lanak, Durrio aritu omen zitzaion zeramika egosteko lanetan maisu, eta Durriori esker ikusi omen zituen aurrenekoz Van Goghen koadroak. Areago, Gonzalez de Duranaren arabera, bilbotarraren bidez ezagutu zuen Picassok afrikar artea. Durrioren eskultura sortari esker. Eta hor dago, beraz, gerora hain ezagun bilakatu den Les Demoiselles d'Avignon koadroaren hazia.

Hori kontatzen du Pierre Girieud artistak autobiografian. Irudika daiteke giroa: Girieud, Picasso eta Durrio, bilbotarrari Mexikotik heldu berri zaizkion maskara pareari so. Zorrotza da azterketa: haren azalera geometrikoa, haren ezpainak... Eta Girieuden harridura gero, egun batzuetara Picassoren estudioan sartu eta maskarari ikusitakoak haren margolan batean ikustean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.