Ixabel Etxeberria antzerkigintzako doktoreak (Urruña, Lapurdi, 1960) Euskal Herriari loturiko emakume ahaltsuen bila ari zela egin zuen topo Nafarroako azken-aurreko erreginarekin. Haren alaba Joana Albreten biografia lantzen ari da orain.
Zer helburu zenuen Margaritaren biografiari heldu zenionean?
Lehenik, garaia ezagutzea; XVI. mendea, gaurko gizaldiaren antzean, aldaketa handikoa izan baitzen, maila guztietan gainera: sinesmenetan, erlijioan, teknikan... Hori aztertzea interesatzen zitzaidan, baina Euskal Herritik betiere. Alde batetik, bazen Nafarroako historia, estatu gisa, eta Frantziatik zer zetorren ere ikusi nahi nuen, hots, zer mundu zen, eta Euskal Herriarekiko lotura zein ote zen. Pertsonalitate garrantzitsua zen Frantziako Erresuman, eta Nafarroako erregina ere izan zen, baina, Ipar Euskal Herrian bederen, batere aipatua ez da izan. Diplomazia kontuetan, gehiago defendatu zituen Frantziako Erresumaren aldeko interesak Nafarroarenak baino, baina Nafarroako historian ere badu bere tokia, eta hori landu nahi nuen.
Antzerkigintzatik heldu zara harengana.
Literaturaren ikuspuntutik garrantzi handikoa izan zen; haren obra ezagunena Heptameron da, jakina, baina antzerki obra asko sortu zituen. Hain zuzen ere, XVI. mendeak izugarrizko sorkuntza ekarri zuen, baita berrikuntza handia ere, eta Margarita erdi-erdian da. Antzerkian sekulako urratsak egin zituen, eta haren obra batzuk, bederen hautatu ditudanak, biziki entzungarriak dira gaur egun ere.
Gutunei ere egin diezu tokia.
Nafarroako Gortean biziki erabilia zen gutun trukaketa, eta, beraz, hori ere interesgarria zen, bereziki alaba Joana Albretekin izan zuena, Nafarroako azken bi erreginak izan baitziren. Bien arteko harreman hurbila eta pertsonala dakarte. Hori dena potoloa zen niretzat, elementu anitz baitziren begiratzeko.
Zer erakusten du biografia batek?
Kasu honetan, garai bateko elite bat nola bizi zen, nola pentsatzen zuen. Elite batek zer ekar lezakeen ikustea zen asmoa. Denboran urrun da XVI. mendea, eta zaila da jendea nola bizi zen eta nola pentsatzen zuen jakitea. Aztarna idatziak utzi zituzten horiei esker lotzen ahal da hobeki konprenitzea garaia eta eguneroko bizimodua; zer sentimendu zuten, eta zer begirada. Bost menderen buruan gauza asko aldatu da, baina finean ez horrenbeste. Elite horren bidez ez da dena esplikatzen ahal, baina elementu batzuk eskaintzen dituzte bederen. Garaiaz gehiago ikasteko bide bat da biografia.
Nafarroako erregina eta emakume ahaltsua izanik, zer-nolako hurbilpena da zurea?
Idealizaziorik ez dago. Margarita erregina zen, eta pentsa liteke ez dela gure mundua, baina elementu batzuk ateratzea interesgarria da beti. Bestalde, euskaldun batek Euskal Herritik kontatua da, eta hori du balioa. Azken bolada honetan sarri aipatzen da, eta jende anitz bada Nafarroako historiari buruz idazten duenik, baina gaztelaniaz. Guk behar dugu gure historia idatzi gure ikuspuntutik. Idealizazioa baino gehiago, ikuspegia da garrantzitsua, nondik abiatzen zaren, Espainiatik, Frantziatik edo AEBetatik; eta norena den narrazioa. Errelato asko behar dira gaur mundua konprenitzeko.
Hitz gutxitan esan beharko balitz, nor izan zen Margarita?
Margarita familia, erlijioa, diplomazia eta literatura zen. Bere ardatzak horiek ziren.
Intrigetan ere ageri ziren emakumeak, nahiz eta gero ez diren askorik aipatzen historiako lerroetan.
Haren ama, Maria Luisa Savoiakoa, ez zen formatua erresuma bat kudeatzeko, baina Frantziako Erresuma osoa eramaten zuen, erregea beti baitzen gerlan, epaitua edo preso.
Zer garrantzi izan zuen Margaritak?
Berak salbatu zuen anaia, Karlos V.aren presondegian zelarik, Madrilen. Bere anaiaren alde edozer egingo zukeen, eta Nafarroako erregearekin ezkontzea proposatu ziolarik, ez zuen zalantzarik izan. Familiak eskatzen ziona egiten zuen, baina oso emazte argia zen, bazekien noren interesak defenditu behar zituen. Bere familia osatu zuelarik, beste interes batzuk sortu zitzaizkion, Nafarroa ere jokoan sartu baitzen, eta hori zaila eginen zitzaion, bere seme gazteena Frantziako errege bihurtuko baitzen, eta ez zukeen halako etorkizunik pentsatuko Nafarroarentzat. Elite baten ikuspuntua zen, baina eliteek ere badute beren rola gizartean, onerako eta txarrerako.
«Margaritak, egiazki, problematika arruntak hunkitzen zituen, eta, bere obrak idatzi ez ezik, taularatu ere egiten zituen»
Haren antzerki obraren bat edo beste itzuli duzu.
Alde batetik, anaia hil zitzaiolarik idatzi zuena hartu dut: bere penak, zalantzak, jainkoarekiko harremana... Hain zuzen ere, anaiarekiko harremana eta fedea atera ditut hor. Bigarren antzerkian, maitasunari buruzko kezkak ageri dira, maitaleak eta abar, eta ez zen batere beldurtu garai hartan gai hori plazaratzeko eta taularatzeko. Eritasunari buruzko bat ere bada, pandemian heldu nion horri, eta oso ohargarria atzeman nuen: taulan medikua, belarrez sendatzen duena eta fedearen bidez zaintzen duena jartzen ditu aurrez aurre. Gaurko ikuspegitik oso irakurgarria da. Egiazki, problematika arruntak hunkitzen zituen, eta, bere obrak idatzi ez ezik, taularatu ere egiten zituen.