Haurtzaroko urtebetetze festa batek bultzatu du Egoitz Sanchez aktorea Erreka mari antzerkia osatzera. «Autofikzio» bat da antzezlana, Sanchezen ustez: bere bizitzaren errealitatea irudikatzen duen fikzio bat. Andoainen (Gipuzkoa) estreinatu zuen 2023ko abenduaren 15ean, gazteleraz (Cola de pez), eta Getxon (Bizkaia) euskaraz. Madrilen hainbat emanaldi egin ondoren, Bilbon aurkezteko aukera izango dute bihar, BBK salan, arte eszenikoen programazioaren azken pieza moduan. Javier Lararekin batera idatzi du Sanchezek ikuskizuna, eta Natalia Huarte da beste zuzendaria. Doña Perfectita konpainiak ekoitzi du Erreka mari.
Pertsona bakarreko ikuskizuna da Erreka mari, eta Sanchezek «kopleroa» dela adierazi du. «Txikitako bideo batzuk aurkitu nituen duela gutxi, lagun baten urtebetetze festan. Bertan, nire lagunak eta ni agertzen ginen, Lide lagunaren amaren jantziekin eta soinekoekin dantza eta jolasean. Kamera aurrean telebistako influentziak imitatzen genituen, indizio sexual handia erakusten genuen. Garai hartako normatibitate zorrotzaren barnean galduta zegoen haur bat izan nintzen», azaldu du Sanchezek. Aktoreak adierazi du haurtzarotik heldu izan arte izandako bilakaeran oinarritzen dela antzezlana, bertan parte hartu duten faktoreek osatzen dutela Erreka mari. Horretarako, hainbat iturri irakurri zituzten egileek, hala nola queer teoriaren inguruko informazioa.
Itsasoarekin lotura handia du antzezlanak. Itsasertzean girotuta dago ikuskizuna. «Itsas hondoa beti bazterretan bizi diren pertsonekin lotu izan da, disidente guztiekin. Badirudi azalean bizi direnak normatibitatearen barnean bizi direla, eta itsas hondokoak bazterretan. Iluntasun puntu hori dauka itsasoak, lehorrak ez daukana». Itsasoaren protagonismoan ikusten da fikzio bat dela antzezlana, eta askotan «onirikoa» dela esan du Sanchezek. Sirenatxoaren istorioa oso garrantzitsua izan da antzezlana osatzeko, zuzendariaren ustez: «Andersenek idatzitako eleberriak erabat zeharkatzen du Erreka mari».
«Txikitan, ez zen samurra izan nire gustuak eta jarrera zituen ume bat izatea, 90eko hamarkadako Euskal Herrian. Lehen ez zegoen onartua ume batek Lola Flores imitatzea ala Barbiekin jolastea, eta orain ere ez dakit asko eraldatu garen gai horietan. Hala ere, uste dut gai horiek gaindituak ditudala, eta argi daukat haserrez kontatu ezin den istorio bat dela». Bullyng-a, transexualitatea eta jazarpena jorratzen dira ikuskizunean; autofikzioa izanik, Sanchezek iraganean pairatutako arazoak dira.
Antzezlanean behin baino gehiagotan aipatzen da ume batek ezin diola uko egin maitasunari, eta zuzendariak nabarmendu nahi izan duen kontzeptu bat da hori. «Denari uko egiteko gai gara, maitasuna bada gure helburua. Sirenatxoak, adibidez, bere isatsari uko egin zion, bere maitasunarekin lehorrera joan ahal izateko». Hausnarketa batetik dator ikuskizuna, zuzendariak dioenez: belaunaldi baten biografia inguratu duten gai batzuei buruzko hausnarketa batetik. «Zenbat leku dago askatasunarentzat arauaren barruan? Zeri uko egiteko prest gaude besteen onarpena lortzeko?», galdetu du Sanchezek.
Desmuntatzea
Emanaldiaren bukaeran, desmuntatze bat egin izan ohi dute, hau da, hausnartzeko momentu bat. Ikusleen eta emanaldiko protagonisten arteko elkarrizketa bat sortzea da helburu. Horretarako, desmuntatzearen haria antzezlanean planteatutako ideiak eta kontzeptuak izango dira. Bertaratutako bakoitzak bere hausnarketa egin eta horrekin solasaldi bat egin nahi izaten dute. Desmuntatzean moderatzaile baten presentziaz baliatuko dira.