Gutxi-asko, erdibidea egin du jada Bilboko Loraldiak. Martxoaren 12an hasita, apirilaren 7ra arte iraungo du jaialdiak, eta, obrak eman ahala, etortzear direnak aurkezten ari dira antolatzaileak. Hala, azken astebururako gorde duten egitasmo baten berri eman zuten atzo: Dantzaz konpainiaren Larart proiektua. Apirilaren 6an erakutsiko dute, eta bi zutabe izango ditu: Basotik itsasora dokumentala eta Basoa koreografia.
Errefuxiatuen egoera du ardatz proiektuak, eta, horregatik Loraldiko azken asteburuak, «kutsu soziala» izango duela aipatu dute antolatzaileek. Dantzaz-ekin batera, Txikota komunikazioak eta Hotz Zarautzek hartu dute parte ikus-entzunezkoaren ekoizpenean, eta Beñat Gerekak zuzendu du. Errefuxiatuen egoera gizarteratzeko xedearekin, Gurseko kontzentrazio esparruan hasita, Mediterraneo itsasora eramango du ikuslea. Goizean emango dute dokumentala, eta arratsaldean, berriz, koreografia. Iñaki Salvadorrek sortu du musika, eta Josu Mujikak ekoitzi lana. Dantzaz konpainiako kideek interpretatuko dute, La Casilla pabiloian.
Verdes, Zazpikaleetan oasi
Jaialdiaren barruan, ekitaldi berezi bat izango da bihar: Bilboko Verdes liburu dendako azken kudeatzaileak omenduko dituzte—2005ean itxi zuten—. «Euskaltzaleok zorretan gaude eta eskertu behar diegu eman ziguten guztia», adierazi dute antolatzaileek. 1906an sortu zuen Emeterio Verdesek, eta liburu denda eta inprimategia zen hasieran. Hura hil ostean, Pepe semeak hartu zuen lekukoa, baina gerraostean espetxeratu egin zuten. 1942an aske utzi zuten arren, ez zuen inprimategia martxan jartzeko baimenik lortu. 1970ean, lokala zatitu, erdia saldu, eta liburu denda bakarrik geratu zen.
Javier Eskuderok eta Asun Zuluagak alokatu zuten 1973an:«Oasi erakargarri bat eratu zuten Bilboko Zazpikaleen bihotzean. Berehala elkargune ezinbestekoa bihurtu zen euskal kulturgileentzat». Ikastoletan beharrezkoak zituzten euskarazko eskola liburuak lortu eta saltzen zizkieten gurasoei; Euskaltzaindiaren eskariak hartzen zituzten; Atxaga eta Arestiren arteko aurreneko harreman historikoa han izan zen; eta Pott Bandak ere harreman handia izan zuen liburu dendarekin. Hain zuzen, Bernardo Atxagaren ekimenez antolatuko da omenaldia, eta, harekin batera, parte hartuko dute Natxo De Felipek, Ruper Ordorikak, Juan Carlos Perezek, Miren Agur Meabek, Joseba Sarrionandiak (gutun bidez) eta Patxo Telleriak. Arriagan izango da, 12:30ean.
Errefuxiatuen auzia landu du Dantzaz-ek Larart proiektuan
Dokumental eta koreografia bana emango ditu konpainiak, apirilaren 6an, Loraldiaren barruan. Bihar, Verdes liburu denda omenduko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu