Errebeldiaren apologia

Katherine Mansfieldek burgesiaren erretratu gordina egiteagatik eskuratu zuen sona, hein handi batean. XX. mendeko ipuingilerik nabarmenetakoa izan zen. Hil zela ehun urte beteko dira bihar.

Katherine Mansfield, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Arriskatu. Arriskatu beldurrik gabe. Ez kezkatu ingurukoek zutaz zer uste duten, ahaztu ahots horiek. Egin ezazu munduko gauzarik zailena dena zuretzat». Emakumeak eta haien indarra defendatzen zituen Katherine Mansfield idazleak bere lanetan. Zehaztasun handiz deskribatzen zituen pertsonaiak eta giroak, eta, sarritan, deskribapena gailentzen zitzaion tramari berari. XX. mende hasierako genero rol ugarirekin hautsi zuen idazleak. Egia da errebeldia horren errepresentazio handirik ez dagoela haren idatzietan, baina, beharbada, horixe zen errebeldiarik handiena garai hartan: literatura hartu zuela ofiziotzat. «Idazlea naiz lehenengo, eta emakumea gero», esaten zuen. Zendu zela ehun urte beteko dira bihar.

Wellingtonen, Zeelanda Berrian jaio zen Mansfield, 1888an, familia dirudun batean. Hala ere, Ingalaterran eman zuen bizitzako zatirik handiena. Gazte hasi zen ipuinak aldizkarietan argitaratzen, baina, batez ere, 1910eko hamarkada hasieratik aurrera hartu zuen indarrik handiena haren lan literarioak. Anton Txekhov idazle errusiarraren lana ezagutu zuen sasoi hartan, eta eragin handia izan zuen geroztik bere testuetan. Horren erakusle da In a German Pension (Alemaniako pentsio batean) bere aurreneko ipuin bilduma. Garai hartan, ia oharkabean igaro zen liburu hori, eta ez zuen arrakasta handirik izan.

Handik urte batzuetara hasi zen pixkanaka sona hartzen. 1920an argitaratu zuen Bliss and Other Stories (Zoriona eta beste ipuin batzuk) bigarren ipuin liburua, eta, lehenengoaren aldean, sekulako oihartzuna lortu zuen. Bi urte geroago, beste liburu bat kaleratu zuen, hirugarrena: Lorategiko festa (The Garden Party jatorrizkoan). Eguneroko bizitzako egoerak islatzen dira liburu horretan, noizean behin halako ezinegona sortzen duten elkarrizketekin tartekatuta.

Garai hartako arau sozialei aurre egiteagatik baztertu zuen bere familiak, eta gertaera horixe baliatu zuen, gerora, inspirazio iturri gisa: XX. mende hasierako goiko klasearen erretratu gordina egiten du ipuinetan. Betiere, ironiaz: «Izugarria da bakarrik egotea, bai, noski, baina ez jaitsi zure maskara, azpian, beste bat prest izan arte. Nahi duzun erakoa, baina maskara bat».

Lasai egiten dute aurrera haren narrazioek, eta zehaztasun txikiei garrantzia emateko abilezia zuela nabarmendu izan diote, kontatu nahi duen bizitza zatia xehetasun osoz irudikatzeraino. Horrez gainera, sarritan txalotu izan zaio pertsonaia protagonista sendoak eraikitzeko ahalmena zuela: ondo egituratuz, eta haien bizitzako une jakin bat kontatuz, gainerakoa nolakoa izan den asmatu dezake irakurleak.

Burgesiaren bizitza gatzgabea erakutsi zuen Mansfieldek bere lanetan. Horren erakusle da, kasurako, Lorategiko festa bildumako Koronel zenaren alabak ipuina. Hil berri den koronel baten alabak irudikatzen ditu idazleak narrazio horretan, haren autoritatetik kanpo bizitzen hasteko gaitasunik ez dutenak. Beste batzuetan, hala nola Lorategiko festa izeneko ipuinean, ustez ezin hobeto pasatzen ari diren pertsonak ageri dira, baina festatik kanpo —eta festan bertan— duten bizitza aspergarria iradokitzen da lerro artean. Liburu hori Anton Garikanok euskaratu zuen 1998an, eta, 2011n, Urrezko Biblioteka bilduman txertatu zuten. Hitzaurrean, hala deskribatu zuen Mansfielden lana itzultzaileak: «Hori da, azken batean, Mansfielden ardura: giza jokabidearen berri ematea, bere kontraesan eta gordintasunekin, modu poetikoan».

Halaber, klase gatazka ere hizpide izan zuen hainbat idatzitan, eta langile klasearen gainean burgesiaren nagusitasuna azaldu. Aurrez aipatutako ipuinean, esaterako, auzoko langile bat hilko da, eta aberatsen lagun talde batek ez du bere festa bertan behera utziko, baina soberakinak bidaliko dizkio hildakoaren familiakoei. «Ez dun langile mozkor bat berpiztuko sentimentala jarrita», dio pertsonaietako batek, langile klasearekiko mespretxuz.

Ipuingilea eta poeta

Virginia Woolfekiko adiskidetasun gorabeheratsua, hori izan zuen garai hartako beste bizigarri ezinbesteko bat Mansfieldek. Grinaz eta amorrazioz hartzen zuten elkar, baina, 1920an aspaldiko partez elkartu zirenean, Woolfek honako hau idatzi zuen bere egunerokoan: «Bakardadeari buruz mintzatu ginen, eta ohartu nintzen neure sentimenduak adierazten zituela, nik sekula entzun gabeak nituen era batean».

Gazte hil zen Mansfield: 34 urterekin, 1923an, tuberkulosiak jota. Urte hartan argitaratu zuten Poems bere olerki liburu bakarra. Bizitza osoan idatzi zuen poesia, eta, ipuinetakoekin alderatuta, pertsonalagoak edo intimoagoak dira olerkietako gaiak.

Gaur egun modernismo ingelesaren izenik handienetakotzat jotzen da, baita XX. mendeko ipuingile nagusietakotzat ere. 73 ipuin idatzi zituen, eta, hil ondoren, haren egunerokoa eta gutunak ere argitaratu zituzten. Baita The Dove's Nest ipuin bilduma ere (Uso habia). Hil baino egun batzuk lehenago, bere egunerokoan idatzi zuen ezen oinazeari aurre egiteko bitartekotzat zuela idazketa: «Lanari ekin behar diot. Nire oinazea beste zerbait bilakatu behar dut, eraldatu behar dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.