1980ko hamarkadan girotu du Susmaezinak bere azkeneko nobela Itxaro Bordak (Baiona, 1959); hemerotekek berunezko urte gisa definitu izan duten garaian, hain zuzen. Iheslariak aterpe bila ari dira Ipar Euskal Herrian, baina badira iparraldeko militanteak ere ETAn, baita komando aktiboetan ere. Bordak komando horietako bateko (Erauntsi) lau kideak bihurtu ditu eleberriko protagonista, baina ez bakarrak, zeren nobelako protagonista baitira, era berean, komandoaren ekintzek eragindako biktimak eta haien senideak ere. Alberdania argitaletxeak kaleratu du liburua.
«Gure historia propioarekin distantzia bat hartu behar dugu». Bordak berak ahalegin hori egin du eleberrian, gatazkak bere barnean dituen ertz ezberdinak jaso nahian. Hain zuzen ere, alde batean zein bestean kokatzen diren pertsonaien larruan sartu da idazlea. «Agian, euskaraz, gauza berria izan daiteke biktima horien, gutarrak ez diren biktima horien bizipenak jasotzea. Beharbada lehen aldikoz irakurriko dira espainiar jeneral batek atentatu bateandituen bizipenak».
Bordarentzat ez da erraza izan ariketa hori, eta idazle gisa ere horrek aldatu egin duela uste du. «Aski erraza izan daiteke, betiere kakotxen artean, ETAko kide baten edo GALek erail duen pertsona baten familiako kide baten buruan sartzea eta horren ikuspegitik gertakariak kontatzea. Baina oraindik zaila da guardia zibil erail baten amaren larruan jartzea».Are gehiago, horrek, etsaiaren azalean jartzeak, «ezinegona» ere eragin diola aitortu du Bordak. «Nire barruan banuen zirrara hori. Zein distantziatatik idatzi behar nuen pertsonaia horiei buruz? Gehiegizko enpatiarekin edo enpatia gutxirekin? Erdibidean gelditu naiz azkenean, eta jende gisa aurkeztu ditut, atentatuak beren haragian eta beren bizitzetan pairatzen zituen jende gisa».
Horrek, fokua ikuspegi ezberdinetan jarri izanak, «osotasuna» ematen dio nobelak kontatzen duenari, idazlearen iritziz. «Ikuspegi oso bat badugu hor. Beharbada, ez gara ohituak halakoak irakurtzera, baina ikuspegi guztiak daude ordezkatuak; etsaiak deitzen genituenenak eta gutarrak zirenenak». Bi ertz horien artean mugitzen diren pertsonaiak dira liburuko protagonistak: komandoko lau kideak, haien lagun, senide eta lankideak, Hipercorreko atentatuan semea galdu duen ama bat... «Patuak gurutzatzera eramaten ditu, patu morbidoak. Ez da ironia edo irririk».
Komunikabideetan argitaratu izan diren albisteek eta erreportajeek elikatu dute Borda liburua idazterakoan, eta, material horrekin guztiarekin, bere «oihala» eraiki du idazleak. «Ez dut bilatu errealitatearekiko fideltasuna, hori baita literaturak baimentzen duen zerbait. Baina uste dut liburuak baduela bere logika eta bere sinesgarritasuna».
Eleberria 25 ataletan dago banatua, eta lehenengoa eta azkena dira narratzailearen ahotsa erakusten duten bakarrak. Lehen pertsonan idatziak daudenak. «Bi atal horiek erakusten dute nobela hau nola idatzia izan den». Gainerako atalak, ordea, nortasunik ez duen narratzaile batek kontatuak daude, hirugarren pertsonan, eta akzioa dute ardatz. Alde horretatik, AEBetan zabaldua den literatura mota batetik jo du Bordak: «Gertakaria gertatu den bezala jaso eta fikzionatu egin dut hainbat eta hainbat aho, gogo eta espiritutatik».
Gertakariek ETAren komando ibiltari bati jarraitzen diote. Ipar Euskal Herrian kokatua egon arren, Hego Euskal Herrira egiten du salto atentatuak egiteko. Alde horretatik, fikzioa izanda ere, kronikagile baten antzera aritu da Borda, eta, haren iritziz, thriller baten gisan ere irakur daiteke nobela; «distantzia hartzen badugu gure istorio propioarekin», gaineratu du. Narrazio molde urrundu horrek, baina, lanak eman dizkio. «Narratzaileak bere ikusmoldea eman gabe jasotzen du istorioa, eta hori ere ez da erraza».
Estilo garbi eta soila
Estilo aldetik, ahalik eta garbien eta soilen idazten ahalegindu da Borda, artifiziorik edo hornidurarik gabe, «literatura-estilo ariketarik» egiteke. «Ene hiztegia ere minimorat eraman dut. Batzuetan hotza eta estilo aldetik eskasa sumatu ahalko da, baina hori izan da ene nahikundeetariko bat». Nolanahi ere, bere lanekin eraikitzen ari den «literatur egoitzari» ekarpena egiten dion «harria» da Susmaezinak, Bordaren iritziz.
Azkeneko bi urteetan idatzi du liburua, baina aurretik ere idatz zezakeela uste du. «Beharbada, ez gara orain arte ausartu etsaiaren ikuspuntuan sartzera... Dena dela, Ramon Saizarbitoriaren Martutene-n ere azaltzen da guardia zibil baten hil kapera... Nik egin dudana da bide horretan sakondu eta adibideak biderkatu». Gatazkaren kontakizunari egindako literatur ekarpen gisa ere ulertzen du Susmaezinak. «Iragan horri buruzko gure ikusmoldea ematea beharrezkoa da. Sortzea errelato ezberdinak, ez bakarra, baizik eta alde batekoak eta bestekoak».
Liburuak izan ditzakeen literaturaz gaindiko irakurketa eta kritikek ez dute kezkatzen Borda. «Kritikari eta irakurle bakoitzak badu bere esperientzia, eta ondo dago beren iritzia ematea. Uste dut irakurleak izango direla, eta horien iritzi positibo eta negatiboak entzungo ditudala. Orain arte egin dudan bezala. Kritika asko izan ditut, baina inoiz ez naiz sartu horretan. Ni halakoetarako prestatua nago. Eta ez naiz gai minbera bat plazara ekartzen duen lehen idazlea ere».
Jorge Gimenez Bech editoreak Bordak bere ibilbidean izan duen ausardia nabarmendu du: «Ausardia hori ez da probokaziorako ausardia, ez da erronkarako ausardia. Bere buruarekiko eta ofizioarekiko ausardia da». Idazteko eta sortzeko garaian, Bordak «askatasuna» maite duela uste du Gimenez Bechek, eta «erosotasun orotatik urruti» ibiltzen dela. Susmaezinak-en ere modu horretan aritu dela gaineratu du editoreak.
Errealitateari so dagoen fikzioa
Itxaro Bordak ahotsa eman die euskal gatazkaren alde bateko zein besteko protagonistei 'Susmaezinak' nobela berrian. 1980ko hamarkadan girotu du liburuko kontakizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu