Errealitatearen oihartzunak

Luis Candaudapen erakusketa antologikoa inauguratu dute Rekalde aretoan, 90eko hamarkadatik gaurdaino sortutako obrekinJudas Arrietaren Pekingo lantegian eginiko egonaldian sortutako lanak ere bildu dituzte

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ez du erretratu moralik egin nahi. Ez krisia gaitzat harturik, ez bestelakorik hizpide izanik. Pasatzen zaiona eta ikusten duena pintatzen du Luis Candaudapek (Bilbo, 1964). «Eta saiatzen naiz ezer ez asmatzen, eta nire pentsabideari eusten, munduan gertatzen den hori bere hartan gerta dadin margolanean ere. Baina huts egiten dut maiz», aitortu du artistak. Ehizaren legeak izenburupean, Bilboko Rekalde aretoan jarri ditu 90eko hamarkadatik gaurdaino sorturiko lanak: akrilikoak, olioak eta filmak. «Munduan gertatzen denaz mintzo arren, ez dira albistegi bateko atalak», ohartarazi du Candaudapek; «ezer izatekotan, kontra-albistegi bat dira. Errealitatearen oihartzunak».

80ko urteen hondarrean eginiko film batzuk daude erakusketaren amaieran, eta horren aurrean paratuta hartu du hitza Candaudapek: «Kolapso bat eduki nuen. Ez nuen asmatzen, ez nuen argi ikusten nola gauzatu pinturan burura zetozkidan irudiak, ezabatu besterik ez nuen egiten. Filmak egiteari ekin nion, irudiak elkarren ondoan jartzeko beste modu bat delako». Blokeoa hautsi zuen horrela. «Film hauek ondoren datozen obra guztien sorburua dira». Kino Moskwa 1990eko lana Polonian egin zuen.Filmen ondoan jarri du, erakusketako lanik zaharrenen aldamenean, baina lanik berrienen «berdina» dela dio. «Agian ikusten dena ez da gauza berbera; irudia desberdina da; baina, niretzat, lan berbera da», azaldu du. «Horrek pozten nau eta tristatzen nau, biak aldi berean. Pozik nago, ez naizelako niretzat garrantzitsua den horretatik aldendu; eta triste, agian beste gauza batzuk ikusi ez ditudalako».

Erakusketan dauden lanik berrienak Txinan egin zituen: Ehizaren legeak eta Gosea eta gaizkileria margolanak. Judas Arrietaren lantegian hasi zituen, Pekinen. Bilbon amaitu zituen, alabaina. Ekartzea nekeza izan zen. «Bildu behar izan nituen. Eta txineraz hitz egiten zuen pertsona batek lagundu zidan, eta hark azaldu zien mugazainei artista nintzela. «Artista? Arazorik ez!», esan zioten. Utzi ninduten pasatzen, eta ez zioten begiratu ere egin nirekin neraman misil horri», barre egin du artistak.

Txinako egonaldiak arrastoa utzi du pintorearen obran. «Kolore gorri-arrosak hangoak dira. Baita narrazio luzeekiko gustua ere. Nire obra, ezabatzea eta behin eta berriro saiatzea da, horretan oinarritzen da; aldiz, Txinako pintura tradizionala lurretik sortzen den eskuaren kolpea da, kolpe bakarra, sormenari bidea egiten uzten diona, ezer ezabatzen ibili gabe».

Bere sortzeko modua «erabat Mendebaldekoa» dela dio Candaudapek. Obra narratiboak dira. Elkarri loturiko irudiak eta eszenak agertzen dituzte. Esanahaiak, kritikak, sentipenak, gertaerak. Gauza txiki eta handiak. Objektuak-pertsonaiak eta paisaiak. Oroitzapenak eta gaur-gaurkoak. Collage itxura emanez egituratzen ditu margolanak. Planoak gainjarriz. Atzealdea eta aurrealdea nahasiz. Ardatz bertikalik eta horizontalik ez dute batzuek. Oinarrian bueltak emanez pintatzen ditu, behea eta goia bereizi gabe, lau planoak plano berean kokatuz. Picasso komunista da horietako bat.

Materialak izugarri baldintzatzen du artistaren lana. Aprhogenia, San Juan Patmosen eta Politonoak margolanetan nabarmena denez. «Akrilikoa leunagoa da, eta eszena batetik besterako jauzia, ondorioz, mailaz mailakakoa da. Olioak beste molde batera darama. Koipeak hausturak areago indartzen ditu, eta eszena batetik besterako igarotzea drastikoagoa da. Apurtzeak daude. Eta lan batzuek erraiak edo haragi gordina dirudite».

Artistak esan duenez, aurrena marrazkiak egiten ditu, eta ondoren, pintura baliatuz, irudiak egin eta ezabatzen ditu. Horregatik, sarri askotan lau metroraino luzatzen diren margolan handien jatorrian kaier txiki bat baino ez dago. Eta kaieratxo horretan daude lehen zirriborroak, kolore probak eta ideia erauntsiak gordetzen dituzten hitz solteak. Beira arasa batean daude liburuxka horietako batzuk. Artistaren sormen prozesua erakusten dute, baina artelan ere badira berez. Candaudapek garrantzi handia eman die: «Nire bizitzaren egia hemen dago».

Planoekin jokatuz

Planoekin jokatzeko joerak, eskemak iraultzeko premiak obra batetik bestera egiten du jauzi, eta etengabea da erakusketa osoan. «Zer da atzealdea eta zer aurrealdea?».

Herriak ez du barkatuko margolanari begira esan du hamabost urtean pintatzea gehien kostatu zaion lana dela, «buru-nekagarri gehien sortu didana. Pinturaren ehizaren legeei itzuri egiten setatu nintzen, baina pinturara emana den edozeinek daki ezin dela ateko heldulekua pintatu atea bera pintatu gabe, edo etxea bera, edo auzo osoa. Irudi batek bestera zaramatza, eta margolana bizia hartuz doa, osatuz. Tematu nintzen: erdigunea aldatu nahi nuen, eta perimetroa bere hartan utzi. Zazpitan aldatu nuen erdigunea. Ez ninduen konbentzitzen. Ez ziren ondo lotzen. Eta ohartu nintzen ez dela posible bata aldatzea bestea aldatu barik. Ez da zenbakizko kalkulua, ezin du izan, nahita ere». Perimetroa aldatu zuen azkenean, eta orduan erdietsi zuen erdigunea nahi bezala adieraztea. Azken emaitza: Herriak ez du barkatuko obra.

Candaudapek ez du telebistarik etxean. Tabernetan ikusten duela dio. «Pelikula zabor horietako asko ematen dituzte, eta nago iruditeria horrekin elikatzen dela Mendebaldeko mundua. Horiek ikusita, esloganak, topikoak eta esaldi eginak etortzen zaizkit burura, eta horiek baliatzen ditut koadroarekin eskandalizatzeko, eta kanpoan gertatzen denarekin mimesis bat lortzeko», adierazi du Ehizaren legeak margolanari begiratzen dion bitartean. Izenburuak ez dira apaingarriak Candaudapen obran. Oihala ederlan bihurtuz doan heinean, definituz doaz. «Izenburu bat agertzen da, eta hark dakar irudi multzo bat. Denek ez dute bidea egiten koadroan, baina batzuk bai. Eta hartzen dute forma zehatz bat. Arazoa gero dator, ez baita erraza hierarkia bat ezartzea. Halakoetan, sentitzen dut ur handietan ari naizela igerian». Otsailaren 10a arte izango da erakusketa Rekalden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.