iSABEL aZKARATEREN ERAKUSKETa.
Non. Kutxa Kultur Artegunea, Tabakaleran, Donostian.
Noiz arte. 2024ko otsailaren 24ra arte.
Kutxa fundazioko fototekak Isabel Azkarateren funtsa osatu du artistak egindako dohaintzarekin; hala, haren omenezko atzera begirakoa osatu dute Tabakalerako Artegunean.
Erakusketa espazioan sartu orduko, alboko horman ikusgai zegoen argazkiaren eskala monumentalak dei egin zidan. Alabaina, irudiaren eskala handia bigarren planora pasatu zen irudiaren protagonistak bereganatzen zuen presentzia zela medio. Emakume gazte baten irudia zen, purpurinaz apaindutako jantzi batekin, zuzen-zuzen begiratzen gintuena. Irudi oniriko bat izan zitekeela senti genezakeen momentu batean, baina figura biltzen zuen paisaiak errealitatera ekartzen zuen berriz ere: zirkuko olana eta haren azpiko lur idorra. Hori da, hain zuzen, erakusketan zehar sumatzen dena, errealitatetik fantasiara aurrera eta atzera egiten duen konposizio sorta.
Irudi hori atzean utzi eta, aurkezpen moduan, Isabel Azkarate bere buruari egindako argazkiak tartekatzen zituen bideoa zegoen horman proiektatua. Artearen Historiako tradizio estetikoaren adierazlea: autorretratua. Tradizioei traizio, bertan agertzen dena ez da pintzela esku artean duen gizon baten irudia, bere isla harrapatzen duen emakume argazkilari bat baizik. Momentu oro, argazki kamera esku artean sostengatzen du emakumeak, eta, hitzik gabe, hurrengoa esaten digu: «Ni naiz jarraian ikusiko dituzuen irudien egilea».
Hainbat espaziotan egituratzen da erakusketa, eta sailka banatzen dira argazkiak. Azkarateren istorioa kontatzen du ibilbideak, era kronologikoan, eta, horrela, haren sormen prozesuaren eboluzioa eta pausoak agerian uzten ditu erakusketak.
Abiapuntua artistaren hastapenak dira, Bartzelona titulupekoak. Bertan, 1970eko hamarkadako Bartzelonako pertsonaiak agertzen dira, beren agerpenei istorio bat ematen dieten eszenografiez inguratuak. Berezitasuna da bertan agertzen diren pertsonaiak errealak direla, eta artistak beren errealitateak istorio bihurtzen dituela. Merkatuko langileen irudiak dira gehienak, eta denbora igaro ez balitz bezala begiratzen gaituzte. Momentu horretan, argazkiak biltzen dituen markoak leiho bihurtzen dira, eta argazkietako pertsonen errealitateetara garamatzate.
Azkarateren erakusketa geruzen bitartez egituratzen dela ere esan genezake. Azaletik azter dezakegu erakusketa, eta gai bakoitzak igortzen duen gainazalekin geratu, edo, kontrara, sail bakoitzak eskaintzen digun mikrokosmosean barneratu gaitezke.
Hurrengo sailean egiturak eraldatu egiten dira: Azkarateren New Yorkeko egonaldikoak dira irudiak, eta eszenen kostunbrismoaren deseraikitzea antzematen da haietan. Kasu honetan, egunerokotasunetik aldentzen gaituzten irudiak ditugu, eta bakoitzak bere berezitasuna adierazten digu. Hala, alternantzia sumatzen da, objektuak batzuetan eta pertsonak besteetan, baina guztietan protagonismoa bereganatzen duen pertsonaia printzipal bat dugu: ezkongai-belen dendako manikiak, zuzen-zuzenean begiratzen gaituen polizia biboteduna…
Prozesu horretan guztiz harrapatuko gaituztenak LGTBIQ+ komunitatearen festei zuzendutako irudiak dira, hain zuzen, askotan ahantzi egin den iruditeria bat izan baita. Hala, New Yorkeko garai haren testigu izan zen Azkarate, eta, hura dokumentatuz, kontrasteetan oinarritutako iruditeriak argitara eraman zituen.
Kontrasteei tiraka, hurrengo sailek Euskal Herriko testuingurua hartzen dute ardatzean, eta 1980ko hamarkadako erradiografia sakona bideratzen dute: herri ihauteriak, ETAren eta GALen atentatuen eszenak, artista askoren irudiak… Hala, sentsazioak eta sentipenak biderkatzen dira, askotan irudien psikologiarekin konektatzen dugun bitartean.
Azkarateren irudiak iraganeko dokumentuak dira, eta etorkizunean haiekin egiten dena izanen da ahotsa emango diena. Hala, urteetan zehar ikusgarritasun eskasa jaso izan duen artista baten erakusketa monografikoa egituratzea, haren ibilbideari beharrezkoa den aitortza egitea da. Halaber, horretaz gain, artistaren lanaren katalogazioak eta Azkarate Funtsaren sorrerak aukerak ematen ditu iruditeria ezezagunen bidezidorretan aurrerapausoak emateko.