Fikziotik errealitatera jauzi eginez, bere barruko orrialde batzuetan Euskadi literatura sariak fikziorako gaitzat hartu dituen ipuin liburu batek irabazi du aurten euskarazko literaturako Euskadi saria: Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak ipuin bildumak. Euskarazko haur eta gazte literaturaren arloko saria Miren Agur Meabek jasoko du —bigarrengoz, bera izan baitzen 2002ko irabazlea ere— , Errepidea gazteentzako narrazioarengatik. Gaztelaniazko literaturaren arloko irabazlea nor den ere atzo jakinarazi zuen atzo Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak: Jon Bilbao, Bajo el influjo del cometa ipuin liburuarekin. Gaztelaniazko haur eta gazte literaturako saria eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak, saria mereziko lukeen libururik ez dela aurkeztu iritzita, iaz gertatu zen bezala. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Apalategiren liburuak «maisutasunez» erakusten ditu, epaimahaiko kideen ustez, «giza harremanen argi-ilunak —botere nahiak, arrakastaren obsesioa, amodio kontu gatazkatsuak, hizkuntz konplexuak— euskal literaturaren munduan; baita gure identitatearen iraupenerako funtsezko diren beste zenbait arlotan ere. Idazmolde errealista darabil gehienbat, etengabe haratago jotzen badu ere. Bereziki azpimarragarria, liburuan agertzen den erregistro ugaritasuna: satira eta parodia, ironia zorrotza, umore gordina, kritika soziala, samurtasuna eta dramatismoa. Irakurleari erakargarri gertatuko zaio, oso, bai fikzioaren ausardiagatik, eta bai erabiltzen duen hizkuntza literarioaren gaurkotasunagatik».
Meaberen Errepidea «ausardiaz idatzitako ipuina» da, euskarazko haur eta gazte literaturaren arloko epaimahaiaren iritziz. «Protagonistak autokarabana batean bizi diren ama-alabak dira, 'kaixo' esan orduko 'agur' esatera behartuta daudenak, hegaztiek bezala bizitza askea dutenak, asegarria mila aldiz intentsitate handiagoz, baina baita gogorragoa ere, naturaren zein patuaren gorabeherek gordinago eragiten dietelako. Road movie baten antzera egituratua, idazkera poetikoaren eta gordinaren arteko oreka erakargarrian, betiere sujerentzia indartuz eta pertsonaiei itxaropena kendu gabe, 12 urtetik aurrerako irakurleentzako idazlan paregabe hau nabarmendu nahi dugu».
Jon Bilbaoren lanak «ikuspegi bitxia, narrazioaren zentzu egokia eta sortzeko eta atmosfera inguratzaileak iraunarazteko gaitasun handia» ditu dohainen artean, epaimahaikideen ustez.
Aurretik saritutako egileak
Euskadi literatura sariaren aurretik, Beterriko Liburua saria irabazi du aurten Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak ipuin bildumak, 111 Akademiako irakurleek hala erabakita. Horretaz gain, narratiba arloko Espainiako Sari Nazionaletarako hautagai gisa aurkeztu du Euskaltzaindiak Apalategiren liburua, iaz argitaratutako euskal narratibaren ordezkari gisa, Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak nobelarekin batera. Urretabizkaiaren lana, bestalde, Espainiako Kritikaren Sariaren irabazlea izan da aurten, euskarazko narratibaren sailean, euskarazko literaturako Euskadiko Literatura sarietan finalista izatera iristeaz gain.
Errepidea-ren kasuan, hauxe du liburuak aurreneko saria, baina egileak Espainiako Kritikaren Saria jaso du aurten Bitsa eskuetan poema liburuarengatik. Liburu hori, gainera, finalista izan da euskarazko literaturako Euskadi literatura sarian.
Euskadi literatura sariak
Errealitatearen izterrei ere kosk egin die Ur Apalategik
'Fikzioaren izterrak' ipuin bildumak jasoko du euskarazko literaturako Euskadi sariaMiren Agur Meabe saritu dute euskarazko haur eta gazte literaturaren atalean, eta Jon Bilbao gaztelaniazko literaturarenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu