Homo homini lupus (Gizakia otsoa da gizakiarentzat) adierazi zuen XVII. mendean Thomas Hobbes filosofo ingelesak. Lau mende geroago, Malenkonia Oñatiko (Gipuzkoa) musika taldeak esaldi hura berreskuratu du bere hirugarren diskoa izendatzeko, «orduko balio bera duelako», taldekideen aburuz. Izenburuaren gordintasun berekoak dira zortzi kantuen hitzak eta diskoaren azala. Azalean, ume baten gainean bonba erraldoi bat ageri da.
«Disko gordina eta ezkorra da», aitortu du Iñigo Ugarte gitarra jotzaileak. «Egunero ikusten ari garen errealitatearen isla da. Gizakiak, sortu zenetik, zein kalte handia egin duen ikusi besterik ez dago. Etorkizunari begira, gainera, ez dago asko aldatuko den itxaropenik». Ugartek Iñaki Goitia taldekidearen hitzak ekartzen ditu gogora Hobbesen esaldiaren egiazkotasuna berresteko: «Gizakia da desagertzea merezi duen espezie bakarra». «Disko antropologikoa» eta «gizakiarekin oso kritikoa» da. Ekintza historikoak aipatzen dituzte: Hiroshima eta Nagasakiren suntsiketa atomikoa eta Stalinen garaiko errepresioari buruzko istorio bat, besteak beste.
Egungo gaiak ere landu dituzte. Kondena kantuan, adibidez, metafora baten bidez, bankuei buruz hitz egiten dute, «bizitza osorako kate batekin lotuta edukitzen gaituzten putreak».
Lau urte igaro dira Hegazkadak dakar ekaitza (2009) bigarren diskoa plazaratu zutenetik. Denbora tarte horretan, piano eta biolin jotzaileak taldea utzi dute, eta Alain Anton baxu jotzaile berria ere batu da taldera. «Horrek taldearen dinamika gelditu du, eta, pianorik gabe, kantuen konposizioa erabat desberdina da», ohartarazi du Ugartek. Biolin eta pianorik gabe, bere estiloa nabarmen egokitu behar izan du laukoteak. «Orain talde klasikoagoa gara: bi gitarra, bateria eta baxua. Ez dugu lehen beste musika estimulurik, baina ditugunak hobeto antzematen dira», erantsi du. Zortzi kantu horietatik, Farenheit 451 dute kutunenaMalenkoniako kideek. «Konposatu genuen lehenengo kantua da eta denbora gehiena horri eskaini diogu, mimo handia jarri diogu», azaldu du gitarristak.
Homo homini lupus lana 2012ko abenduaren eta 2013ko urtarrilaren artean grabatu zuten, Mutrikuko (Gipuzkoa) AME estudioetan. Irailean kaleratu zuten. Hilabete horietan, «moldaketak, azalaren diseinua... xehetasunak zaindu nahi genituen, presarik gabe».
Kontzertuen moldaketa
Laukote bihurtuta, zuzeneko emanaldiek lehen zuten indarra galtzeko beldur ziren. «Pianoak eta biolinak identitatea ematen ziguten, eta hori galtzeko beldur ginen. Hala ere, orain ditugun musika tresnei efektu gehiago ematen dizkiegu: punteo eta distortsio gehiago egiten ditugu, bigarren ahotsari garrantzi handiagoa ematen diogu...».
Aurreko diskoetako kantuak ere moldatzen ari dira zuzenean jo ahal izateko. «Beste ukitu bat eman diegu, gure kantuen bertsioak egiten ari gara», azaldu du.
Diskoa kaleratu zutenetik, duela hilabete bat, hiru kontzertu eman dituzte. Urte amaierara artean, gutxienez beste bi lotu dituzte: azaroaren 26an, Gasteizen; eta Durangoko Azokako Ahotsenea gunean, abenduaren 5ean.
Errealitatearen beraren gordintasuna
Bere ibilbideko hirugarren diskoa kaleratu berri du Malenkonia taldeak: 'Homo homini lupus'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu