Ez da idazle hasiberria Ruben Ruiz (Gasteiz, 1973), hainbat lan argitaratuak baititu haur literaturaren arloan, baina helduentzako lehen eleberria ondu du orain: Beti mugan. Abenturazko nobela historiko bat da, errealitatean oinarritutako fikzioa. Bigarren Mundu Gerran girotuta dago, eta bi istorio paralelo kontatzen ditu, ondoren gurutzatu egiten direnak: Comete sarearen egitekoa eta kontrabandisten jarduna ditu ardatz, eta kontrabandoan arituko den Mattin izeneko umezurtz bat izango da pertsonaia nagusia, istorioak lotzeko haria. Ipar eta Hego Euskal Herriko mugan girotuta dago. Liburua Elkar argitaletxeak kaleratu du, eta, Xabier Mendiguren editorearen arabera, badu berezitasun bat: gaia eta garaia.
Eleberria idazteko grina nola piztu zitzaion kontatu du Ruizek; irakaslea da ogibidez, eta Nafarroako herri ugaritan aritu da lanean: Elizondon, Erronkarin, Donezteben, Ultzaman... Zerikusia izan zuen hango esperientziak: «Garai batean, paisaia horietan kontrabandista asko ibili ziren. Haien xuxurlak iritsi zitzaizkidan, eta, nolabait, horren inguruan idazteko gogoa piztu zitzaidan». Hasi zen idazten ere, baina «kaxoi batean» geratu ziren hasierako testuak. Gero, horiek berreskuratu, eta idazteari berrekin zion.
Ruizek nabarmendu du eleberria fikzioa dela, nahiz eta gertaera errealetan oinarrituta egon.Dokumentazio lan sakona egin zuen liburua idazteko. Azaldu duenez, kontrabandisten inguruko hainbat lan irakurri zituen: hala nola Ramuntxo, Zalacaín el aventurero, Kafea hartzea Iruñean, El contrabando en Baztan contado por sus protagonistas, Historias del contrabando en Baztan, Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean... «Gaia kokatzen eta ideiak hartzen lagundu zidaten».
Horretan ari zela, EITBko Mugalariak saioa ere ikusi zuen, eta hala izan zuen Comete sarearen berri. «Leiho bat ireki» zion horrek. Badago, ordea, nabarmendu duen lan bat, Juan Carlos Jimenez de Aberasturiren Camino a la libertad liburua: «Hasieratik bukaerara arte oso-oso landua dago: datu pila bat ditu. Juan Carlosek egindako lana ikaragarria izan da. Nik Cometeren biblia bezala hartzen dut». Hain zuzen, 1940. urtean sortu zuten Comete sarea, Belgikan, Alemaniako tropek Brusela hartu eta gutxira. Andree de Jongh eta Arnold Deppe gazteek abiarazi zuten, Belgikan harrapatuta geratutako Erresuma Batuko soldaduei laguntzeko; hots, naziak atzetik zituzten soldaduei gatazka gunetik ateratzen laguntzeko. Frantziara pasatu, Euskal Herrira iritsi eta Espainian barrena Gibraltarrera ailegatzea zuten xede, berriro ere Erresuma Batura itzuli ahal izateko. «Cometekoek muga pasatzeko Euskal Herriko kontrabandistak ere erabiltzen zituzten; orduan, bat egiten zuten bi egitasmoek».
Ruizek azaldu du Comete sareak hasieran muga «Gipuzkoako zonatik» pasatzen zuela, baina, hainbat atxiloketaren ondoren, Nafarroa aldetik igarotzen hasi zirela. «Oso zaindua zegoen eremu hori, eta beste bide batzuk behar zituztela ikusi zuten. Nafarroa aldera jo zuten, eta horrek bi istorioak batuko ditu: Cometerena eta mugalariena; kasu honetan, Mattinena».
Izan ere, nobelako protagonista da Mattin. Umezurtz geratu, eta Baztanen bizi den osaba batek etxean hartuko du. Kontrabandotik bizi da osaba hori, eta gaueko lanean sartuko du iloba ere. «Bidaia iniziatiko bat da. Babesgabe izatetik gaitasun guztiak garatzera pasatzen da. Esperientzia bortitz samarrak biziko ditu, eta horrek guztiak heltzen eta garatzen lagunduko dio. Oso pozik geratu naiz Mattinek liburuan egiten duen bidearekin». Bestalde, argitu du saiatu dela pertsonaiak erabat lauak ez izaten, eta egoeraren arabera «modu batean edo bestean jokatu» zezatela lortzen.
Badago beste pertsonaia berezi bat ere: haizea. Hala azaldu du idazleak: «Beste pertsonaia bat bezala kontsideratzen dut. Haizea iparrekoa edo hegokoa izan, abentura lasaiagoa edo bihurriagoa izango da». Naturak ere badu, hala, nolabaiteko garrantzia.
Esaera zaharrak
Liburua 33 kapituluz osatuta dago, eta guztiek esaera zahar bat daukate izenburutzat: besteak beste, Deabrua adintsu, horregatik jakintsu; Asko balio du indarrak, gehiago buru azkarrak; Hitzak joan egiten dira, idatzitakoa ez; eta Eroriz ikasten da oinez. Ruizen arabera, «oso ondo biltzen dute gero gertatuko dena», eta aitortu du bizpahiru asmatutakoak direla. «Uste dut horiek ere adierazgarriak direla». Esaera zaharrekin batera, tokia eta data daude zehaztuta; idazleak azaldu du istorioa kronologikoki kontatua dagoela. Horiek horrela, Beti mugan liburua gazteentzako eta helduentzako nobela historiko gisa aurkeztu dute.
Errealitatean oinarritutako fizkiozko lana
Ruben Ruiz idazleak bere lehen eleberria ondu du: 'Beti mugan'. Nobela historiko bat da, Bigarren Mundu Gerran girotua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu