Anjel Lertxundik orpoz orpo jarraitu zion Martin Ugalderen lorratzari, eta liburu bat ere eskaini zion 1997an, Ugaldek Rikardo Arregi kazetaritza sariaren ohorezko aipamena jasoko zuela eta. Andoaingo Udalaren enkarguz idatzitako liburu hari, gerora, 1997az geroztikoak batu zizkion Lertxundik, eta, 2021ean, Ugalderen jaiotzaren mendeurrenean, osatuta eman zen argitara berriz; Martin Ugalde: Leialtasun baten historia. Herriminaren prosak du izenburua. Leialtasuna herriari zion Ugaldek, «bereziki herriaren muinari, euskarari», eta bere prosa osatzeko «mamia, akuilua eta tonua» haren minak eman zion.
Ikusi gehiago
Zer nabarmenduko zenuke Ugalderen prosaz?
Bi ezaugarri nabarmenduko nituzke: kaleko hizkeratik oso hurbil jardutea prosak dotorezia galdu gabe, eta gaien hurbiltasuna ingurune sozialetik. Hurbiltasuna Euskal Herriarekin euskaraz ari denean, hurbiltasuna Venezuelarekin gaztelaniaz ari denean. Hizkuntzak etxeak ziren Ugalderentzat. Bestalde, kontatzen duen guztiak zerikusia du bere esperientziarekin: errealitatea eskutik hartuta idazten zuela esango nuke.
Haren ekarpenaz hitz egiteko orduan, ipuingintza aipatzen da gehien. Nobelaz zer esango zenuke?
Euskal ipuingintza modernoaren aitzindari izan zen Ugaldek Caracasen idatzitako Hiltzaileak paregabearekin, ez dago zalantzarik. Euskal Herrira itzuli zenean, ipuinak lantzen segitu zuen (Mantal urdina); nik uste ipuinerako sena zuela andoaindarrak, eta nobela gehiago kostatzen zitzaiola, eta ipuin teknikak baliatzen dituen zatiek erakartzen dutela irakurlea gehien.
«Euskal Herrira itzuli zenean, ipuinak lantzen segitu zuen (Mantal urdina); nik uste ipuinerako sena zuela andoaindarrak, eta nobela gehiago kostatzen zitzaiola»
ANJEL LERTXUNDIIdazlea
Zein zen giroa euskal literaturaren munduan Martin Ugalderen lehen lanak atera zirenean?
Hiltzaileak argitaratu zuenetik bere azken lanera, euskal giro literarioa asko aldatu zen. Ugalderen hasierako jarduna oso deigarria izan zen, eta, nahiz eta euskal literatura ordutik asko aldatu den, Ugaldek bere bidean segitu zuen, haren ekarri nagusiak lehendabiziko lanetan daude. Ugaldek ez zion uko egin bere markari; haren testu guztietan identifikatzen dugu haren luma.
Haren liburuak irakurrita, zerk inpresionatu zintuen gehien?
Bizitasunak. Urte asko pasatu dira Hiltzaileak irakurri nuenetik lehendabiziko aldiz, eta oraindik ere harridura eragiten dit haren prosa biziak, erreketako urak bidea egiten duenean bezala, saltaka, eragozpenak gaindituz, etenik gabe.
Martin Ugalderen liburu kutunik baduzu?
Bi aipatuko nituzke. Bat, Hiltzaileak; uste dut orain arte garbi utzi dudala; eta bigarrena, Erretiradako trena, hori ere ipuin bilduma bat.
Gaurko ikuspegitik begiratuta, zer du on Ugalderen prosak? Zer irakurgai gomendatuko zenioke haren lanik ezagutzen ez duenari?
Hiltzaileak, zalantzarik gabe.
Azpimarratu nahiko zenukeen besterik bada?
Literaturaz aritu gara, baina haren kazetari lanen liburuek aparteko ondarea osatzen dute. Bat azpimarratzeko, euskara batuaren hasieran gertatu zen historia triste mingarriari buruz egindako elkarrizketekin osatu zuen Batasun eta zatiketen artean izeneko liburua. Inportantea da garai hura ezagutu ez zuen irakurlearentzat.