Isobarak zen hasieran, baina Fotosintesia du izena Ainara Lasa artistak Errenteriako Xenpelar kultur etxean erakusgai duen obrak. Ni intimoenetik abiatu zuen prozesua, eta kolektiboaren inguruko hausnarketa egin du bukaeran. Blokeo egoeretan bere buruari argazkiak ateraz hasi zuen lana, eta orain kanpoko horri egiten dio fotoa; naturari. Bere barneko gatazkei eta inguruan gertatzen ari ziren aldaketei tenperatura hartzeko asmoz abiatu zuen bidea duela lau urte; orain, aldiz, mugimenduaren aldeko aldarria egiten du, «paralisi kolektiboaren aurka». Ageri dira aldaketak bere sortze prozesuan, eta hori bera da argazkien bidez Lasak adierazi nahi duena. Mugimendua du ardatz, eta aldarrikatu du posible dela errealitate berriak sortzea; testuinguruaren osagaiak hartuta, fotosintesia egitea.
Ez da izan egun batetik besterako prozesua. Eta areago, ez du uste zikloa itxi duenik ere. Baina Xenpelar kultur etxean erakusgai dituen obrak badira mugimendu horren lagin bat: sei bloke bereizi ditu erakusketan, eta bistakoa da batetik bestera dagoen aldea. Lehen etapan, Lasak bere buruari egiten zizkion argazkiak, aurpegia desitxuratzen zioten zenbait elementu kamera aurrean jarrita: «Autorretratu ia guztiak dira ni hori eraldatzeko. Kristalezko elementuak erabili ditut. Finean, jolas bat da». Bigarren blokean, berriz, txikitako argazkien diapositibak hartu, eta atzean paisaia berria jarrita egin die fotoa. Badira bi bideo ere; batean hondarrezko duna bat ageri da, etengabe itxuraldatzen dena. Bestean artalde bat dago, eta irudien bidez, taldearen eta norbanakoaren arteko tentsio hori azaltzen da. Argazki sekuentzia batek eta Fikziozko paisaiek ixten dute erakusketa. Piezen artean antzekotasun nabarmenik ez egon arren, berbera da mezua: beharrezkoa da mugimendua, eta posible da errealitate berriak sortzea.
«Mikroa eta makroa» erakusketa berean bildu ditu Lasak. Badu kezka bat, gaur egun bere inguruan sumatzen duela ezintasuna errealitatea berrasmatzeko eta aukera posible berriak sortzeko. «Paralisi kolektiboa» deitu dio fenomeno horri. Baina, ezkortasuna gaindituta, aldarrikatu du badirela bide berriak urratzeko. Hori da 40 argazkitan irudikatu duena: errealitate finko bat hartu, eta horien gainean irudi berriak gainjarrita sortu ditu egoera berriak: «Daukagunarekin beste mundu batzuk sortzeko garaia da», azpimarratu du.
Errealitate berri horiek sortzeko, hainbat teknika erabili ditu Lasak. Batzuetan elementu materialak baliatu ditu argazkiak desitxuratzeko. Azken lanetan, berriz, Fikziozko paisaietan, gainjarri egin ditu ateratako hainbat argazki, eta frekuentzia moduko irudiak sortu ditu, une oro adierazi nahi duen mugimenduaren erakusgarri. Hala azaldu du prozesua: «Teknikak etengabeko saiakeraren ondorio izan dira. Igarri da definiziorik eza, baita sortzearen eta desegitearen arteko jolasa ere».
Jolas hori harago eraman du Lasak: «Nik lana harrapatu ordez, lanak harrapatu nau ni. Eta hortik sortu da argazkien eta nire arteko elkarrizketa». Solasaldi horietatik gogoetarako hainbat gako atera ditu artistak: «Trantsizio une batean gaude, baina badirudi paralizatuta gaudela. Gatazkaren eta gatazken ondorioen noraeza sumatzen da. Sinisten al dugu errealitatea aldatzeko aukeran?». Gogoeta horiek eginda, Lasak uste du irudiak sortu eta berrikustearen ariketa badela pentsarazteko bide berri bat.
Elkarrizketa horiek badira nolabait artista bera interpelatzeko ariketa: «Baditut zenbait kezka, eta irudiek ematen dizkidate galdera edo argibide berriak». Hala ere, Lasak aitortu du hasieran baino «kanporago» sentitzen dela lanetik: «Gu-az hitz egin nahi dut orain, eta prozesuan geldiune bat egin hausnartzeko eta ikusteko zenbateraino alda dezakegun testuingurua, eta proposatzeko errealitate berriak».
Hain justu, fotosintesi horren guztiaren ondorio da autorretratuetatik hasi eta naturaren eraldaketara arte egindako bidea. Fikziozko paisaiak azken piezetan ongi islatzen da Lasaren gogoeta: naturatik zuzenean jasotako irudiak dira paisaia guztiak, baina gainjarrita, ia modu piktorikoan sortu ditu irudi eta mugimendu berriak. Badira zenbait hilabete lan horretan ari dela, eta dagoeneko dozenaka dira sarean jarritako Fikziozko paisaiak.
Irudientzako horma berriak
Zergatik jartzen dituen lanak sarean, hausnarketa hori ere egina du Lasak dagoeneko: «Artistok gaur egun leku gutxi dugu geure lana erakusteko, eta nik zerbait egiten badut, erakusteko da. Paretarik ez badugu, horma berriak sortuko ditugu».
Sarean zituen hainbat lan, baina, Xenpelar kultur etxerako ekarri ditu paperera lehenengoz irudiok. Erakusketarako ere egin du fotosintesia.
Errealitate berriak sortzeko fotosintesia
Ainara Lasa artistak 40 argazkiz osatutako 'Fotosintesia' obra inauguratu du Errenteriako Xenpelar kultur etxean. Norberetik hasi du proiektua, baina kolektiboaz hausnartzen amaitu du. Etengabeko mugimendua du ardatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu