Bailey 12 urteko gaztea da. Kenten bizi da bere aita Bugekin eta anaia nagusi Hunterrekin. Hirurak bizi dira grafitiz betetako etxe batean, baina sekula ez daude bakarrik. Izan ere, Bugen lagunentzat haien bigarren etxea dirudi, eta, festak egiten ari ez direnean, aitak erosi duen apoak haluzinogenoa den substantzia isur dezan saiatzen ari dira. Baileyk bere gela dauka, anaiarekin partekatzen duena, baina apenas du intimitaterik, eta arraroa da aitarekin soilik egon daitekeen unea.
Bailey jendez inguratuta bizi da, baina haurtzarotik nerabezarorako trantsizioan bakarrik dago. Oraindik ere haur bat da, baina erantzukizunez beteriko bizitza bat egokitu zaio, eta haurrak diruditen helduen artean helduegia den haurra da Bailey. Egun batean, Bird izeneko pertsonaia bitxi batekin topo egingo du Baileyk; gona bat eta motxila jantzirik, hitz egiteko era lasaia du, ia inuzentea, eta bere gurasoen bila dabilela esango dio neskari. Birdek ez du Baileyren ingurukoen antzik, eta gazteari ordura arte ezagutu ez duen zaintza eskainiko dio.
Andrea Arnold ingelesa telebistan hasi zen lanean, dantzari eta aurkezle. Kamera aurrean eroso ez, eta 1990eko hamarkada amaieran zineman hasi zen. Los Angelesen (AEB) eta Kent jaioterrian (Ingalaterra) zinemagintza eta gidoigintza ikasi ondoren, bere lehen laburrak idatzi eta zuzendu zituen: Milk 1998an, eta Dog 2001ean. 2003an zuzendutako Wasp lanarekin film laburrik onenaren Oscar saria jaso zuen, eta 2006an iritsi zen haren lehen film luzea: Red Road. Haren lanetan, zenbait ezaugarri etengabe azalduz joan dira ibilbide osoan, hala nola emakume protagonistak, baliabide askorik ez duten familiak, heldu arduragabeak, biolentzia, eta galduta dauden pertsonaiak. Aktoreei beren pertsonaiak sortzeko askatasuna emateagatik da ezaguna zinemagilea, aktore ez profesionalekin egin izan du lan, eta horixe izan da Nykiya Adams gaztearen kasua ere; Baileyrena izan da zinemarako antzeztu duen lehen rola.
Errealitate zail bat bizi duen nerabea du erdigunean Arnolden azken film luzeak. Biolentziaz inguraturik, inork ez du Baileyren ardura hartzen, eta azkarregi hazi behar izan duen gazteak ezagutu berri duen Birdengan topatzen du arnasgunea. Errealitatearen eta irudimenezko mundu baten artean dantza egiten du filmak, eta, gordintasuna alde batera utzi gabe, sentsibilitatez erretratatzen ditu pertsonaiak.
'bird'
Zuzendaria: Andrea Arnold. Gidoilaria: Andrea Arnold. Aktoreak: Nykiya Adams, Barry Keoghan, Franz Rogowski. Argazkia: Robbie Ryan. Generoa: Drama. Iraupena: 119 min. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian, eta urtarrilaren 1ean Ipar Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:
'reas'
Zuzendaria: Lola Arias. Gidoilaria: Lola Arias. Aktoreak: Yoseli Arias, Ignacio Amador Rodriguez, Estefy Harcastle. Argazkia: Martin Benchimol. Generoa: Dokumentala. Iraupena: 79 min. Herrialdea: Argentina.
Reas Argentinako zenbait kartzelatan atxilotuta egon ziren emakumeak eta transak protagonista dituen filma da. Caseroseko kartzela ohia orain abandonatua dago, eta urteetan han askatasunik gabe egon ziren pertsonek iraganeko bizitzaren eszenak berregingo dituzte, eta beren etorkizuneko bizitza imajinatuko dute, musikal baten forman: beraiek abesten, dantzatzen eta antzezten duten musikala.
'En attendant la nuit'
Zuzendaria: Celine Rouzet. Gidoilariak: William Martin, Celine Rouzet. Aktoreak: Mathias Legout Hammond, Elodie Bouchez, Jean-Charles Clichet. Argazkia: Maxence Lemonnier. Generoa: Drama. Iraupena: 104 min. Herrialdea: Frantzia.
Philemon ez da besteak bezalako nerabea. Familiarekin kanpoaldeko auzo lasai batera joan da bizitzera, eta integratzeko ahalegin guztiak egiten saiatuko da. Auzokide Camilarekin maitemintzean, ordea, zaila egingo zaiobere ezberdintasun nabariak ezkutatzen jarraitzea.
'Por donde pasa el silencio'
Zuzendaria: Sandra Romero. Gidoilaria: Sandra Romero. Aktoreak: Antonio Araque, Mona Martinez, Javier Araque. Argazkia: Angello Faccini. Generoa: Drama. Iraupena: 98 min. Herrialdea: Espainia.
Antonio, 32 urteko gizona, Ecijara itzuliko da, kanpoan denbora asko igaro ondoren. Aste Santua da. Bertan, familiarekin eta anaia biki Javierrekin aurkituko da. Anaiak desgaitasun fisiko bat du, eta bere laguntza behar du. Antoniok egoera hori kudeatu beharko du, eta erabaki zail bati aurre egin beharko dio: geratu eta familakoei lagundu, edo kanpoan eraiki duen bizitzara itzuli.