Koadro errealista neokostunbrista bat sanferminetan: aurten Iruñeko zerua kasko gorriek dute estaltzen, zapi gorriek bainoago. Polizia-kontrola areagotu dute Hiri Buruzagian, ez-festa ditxosozkoak bermatzeko asmoz, kutsaketek gora egin duten aitzakiarekin. Izan ere, behingoz argi-argi dago batzuek hasieratik ziotena, pandemiaren errudun bakarrak gazteok garela, guk dugula ardurarik zipitzenik gabe birusa edalontziz edalontzi eta gorputzez gorputz transmititzen. Oraindik txertatu gabe dagoen gizarte-taldea izateak zer axola dio, bada, gazteok kriminalizatzeko aukera bat behin parean tokatuta. Oraindik baten batek jakingo ez balu, horrela da pandemia bat geldiarazten: borra-kolpeekin eta ezin sinistuzko isunekin.
Polizia-kontrolaren areagotzeak gutxi dauka ikustekorik osasunarekin, oroitu besterik ez dago musukoaren derrigortasuna kendu baino astebete lehenago Ertzaintzak Gasteizen jipoitu zuen gaztearena. Gutxi dauka ikustekorik pandemiarekin eta asko, aldiz, belaunaldi oso bat indarrez diziplinatzearekin, krisi ekonomikoaren sakontzeak dakarkigun egoera latzerako. Poliziaren funtziorik behinena baita klase kapitalistaren politikak indarrez ezartzea.
Batzuk, ordea, kontrakoan tematzen dira. Iratzar fundazioak Erria aldizkariaren zenbaki oso bat eskaini dio polizia-ereduari, «polizia demokratiko eta komunitario» baten bidean. Errealismoaren izenean egiten omen dute. Baina komunistok bestela ulertzen dugu errealismoa, errealitatea baita polizia demokratikorik ez dela inoiz egongo eta polizia-estatu kriminal hau ezkerreko alderdiek ere baimendu dutela.
MIRA
Errealismoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu