Jende askok ezagutzen du Antonio Lopez artista. Estilo errealistan margotzen dituen Madril huts baten erretratuak nonahi ikus daitezke: posterretan, pelikuletan (El sol del membrillo, adibidez) zein liburuetako portadetan, eta noski, artistak egindako erakusketa mordoetan, besteak beste, 2011n Bilboko Arte Ederren Museoan ospatu zena.
Ez da hain ezaguna, ordea, Lopez estilo berean margotzen zuen talde bateko partaide zela, Madrilgo eskola gisa ezagutua. Isabel Quintanilla, estatuan eskaini zaion lehen atzera begirako erakusketa Thyssen museoan duen artista, talde horretan zebilen orobat. Biek elkarrekin ikasi zuten, Maria Moreno (Lopezen emaztea), Francisco Lopez eskultorea (Quintanillaren senarra) eta Amalia Avia pintorearekin batera. Guztiek estilo errealistan egiten zuten lan, teknika miresgarriaren bidez irudi izugarri errealistak lortuz. Gaietan dago haien arteko desberdintasuna: Antonio Lopezek hiri-paisaiak pintatzen zituen, eta Quintanillak, berriz, etxe barruko irudiak egin zituen batik bat.
Genero irakurketa bazter ezina da bi artisten lanean pentsatzeko orduan. Antonio Lopezek espazio publikoak irudikatzen ditu; Quintanillak, pribatuak eta intimoak. Lopezen lanean arkitektura da nagusi; Quintanillarenean, etxeko objektuak. Izan ere, duralex ur edalontzi bat da lan askoren protagonista, batzuetan lore batekin, besteetan urarekin soilik. Bere beste lan batek josteko makina irudikatzen du etxeko txoko batean; lana Amari omenaldia deitzen da eta emakumeen zein etxeko lanen genealogia irudikatzen du. Zoragarria da arkatzez egindako sukaldearen erretratua ere.
Generoa agertzen da erakusketa planteatzeko moduan ere, azken bi aretoetan Quintanillaren lanak ez baizik berarekin pintatzen zuten Maria Moreno eta Amalia Aviarenak erakusten direlako. Horrela, artista izaki bakarti eta inspiratu gisa aurkeztu beharrean, bere afektu sareak eta eragin artistikoak azpimarratzen dira. Aipagarria da, aldiz, Morenok behin bakarrik izan zuela gela bat senarraren erakusketa batean, hain zuzen, 2020an hil zenean, omenaldi gisa.
Azkenik, aitortzari dagokionez ere genero irakurketa egin beharra dago. Deigarriagoa zen erakusketako lan ia guztiak bilduma alemaniarretan daudela. Izan ere, Quintanillak zein Morenok arrakasta izan zuten Alemanian 1960ko hamarkadan Berlinen ospatu zen Madrilgo Eskolaren erakusketa baten ostean. Quintanilla 2017an hil zen eta Moreno 2020an, eta ez batak ez besteak ez zuten museo publiko batean atzera begirako erakusketarik gozatu. Thysseneko erakusketak argi utzi du kalitate teknikoa ez zela arazoa; beraz, galdetu behar dugu zergatik den hobeagoa bikain margotutako hiri bateko kale bat, bikain margotutako sukalde bat baino.