Nekatutak ikuskizuna aurkeztu zuen 2021ean, eta biran aritu ondoren bideoan grabatu zuten Donostiako Antzoki Zaharrean. Interneten dago ikusgai. Stand-up komedia asko kontsumitzen eta egin nahian aritu ostean, ausartu zen Antton Telleria (Tolosa, Gipuzkoa, 1993) bere lehen lan luzea plazaratzen, eta goranzko joera izan du ordutik. Lehenbizikoa hain ondo atera izanaren presioarekin, bigarren lana aurkezteko bira abiatuko du orain.
Ba al dago umore goserik Euskal Herrian?
Bai, jendeak hori adierazi dit behintzat. Ikuskizuna bukatu nuenetik dezente ibili gara laukote edo boskotean plaza asko egiten, eta ondo hartu gaituzte. Beste diziplina batzuetan jendeak agian proposamenak bultzatzen ditu eta gertatzen da hain erantzun oparorik ez jasotzea. Beraz, gosea badago, nabarmen, eta zorionekoak gu halako erantzuna izateagatik.
Lehen stand-up special edo bakarrizketa luzea grabatu duzu euskaraz. Aitzindaria sentitzen zara?
Lotsa ematen dit horrek. Jendea aritu izan da lehenago, eta esango nuke aitzindariak horiek direla, inor ez zebilen garaian ere ari zirenak. Ion Txiki eta Jon Plazaolaren lehen bakarrizketak, Bea Egizabalenak, Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik ere denbora asko daramate batetik bestera. Baina nabaritu izan dudana da ez zegoela egonkortuta formatua, edo ez zela gehiegi ikusten. Nik argi nuen apustu sendoa egin nahi nuela honen alde, ondo eszenaratu eta landu. Serio heldu nahi izan diot, asko maite dudalako formatu hau. Eta uste dut jendeak nabaritu duela apustu hori, esan izan didate profesionaltasuna nabaritzen dela. Bestela ere, komedian loraldi bat ematen ari da Euskal Herrian, eskertzekoa da.