59. jazzaldia: MARCO MEZQUIDA / GREGORY PORTER
Eguna. Uztailak 26. Ordua: 21: 00.
Marco Mezquida:Tornado. Marco Mezquida (pianoa), Masa Kamaguchi (kontrabaxua), Ramon Prats (bateria). Gregory Porter. GregoryPorter (ahotsa), Chip Crawford (pianoa), Emanuel Harrold (bateria), Tivon Pennicott (saxoa), Jahmal Nichols (baxua), Ondrej Pivec (Hammond).
Mezquida jaunak (Mao, Balear uharteak, 1987) Tornado batekin hasi du bere kontzertua, eta pianoko notak haize ufada ikaragarriak bezala zabaldu dira. Pianoaren erraietatik enbata erraldoi bat sortu du, non Xalbadorren Heriotza entzuten dugun haize itsaso horren barrenean zurrunbilo amaigabe batean. Mezquidaren pianoa ez da dagoeneko piano bat, haratago dagoen zerbait da, urakan hilgarri bat akaso. Agian ez dago hain gaizki tornado batek eraginda hiltzea (hala zioen berak).... Hunkigarria hasiera hori. Indartsua. Ikusleria hasieratik liluratuta Menorcako piano jotzailearekin. Tornado disko berria aurkezteko era bikaina aukeratu du. Mezquida Jazzaldiko kutun horietako bat da. Jaialdiak asko zor dio hari, pandemia garaian egin zuen lan ikaragarriagatik, eta berak ere zor dio jaialdiari, eman dion proiekzioagatik. Gazte zena sendotzen ari da, hazten, handitzen handitzen, bai eta izar bihurtzen ere. Bejoindeizula, Marco. Aspaldiko laguna duen Masa Kamaguchi jaunak (Wakkanai Hiria, Japonia, 1966) laguntzen dio, kontrabaxua era sendo eta adierazkorrean jotzen du. Sarritan izaten omen dira elkarrekin Japonian kontzertuak ematen, eta joan izan diren bakoitzean Tornadoren bat hurreratu omen zaie, hortik disko honen izenburua. Ramon Prats (Banyoles, Girona, Herrialde Katalanak) bateria jotzailearen laguntza zoragarria izan da, fin jo du, teknika zehatzarekin, eta Mezquidaren unibertsora porturatzeko ezinbestekoak bihurtzen dira bere makilen kolpeak eta Gong-en dardarak.
Kontzertuak aurpegi ugari izan ditu, oparoa izan da, estiloak nahastea gustuko du Mezquidak, eta Free, eta swing, eta kolore klasikoagoak, denak datoz bata bestearen atzetik, eta denetan badu zerbait berria, badu zer adierazi, badu denetan zer esana. Gizon honen irudimenaren iturri musikalak ez du etenik. Pianoaren kolpeek doinu berriak dituzte, klasikoena egiten ari bada ere. Pandemiaren ondoren galdutako amonari ere eskaini dio konposaketa maitekor bat. Gorenera joan gara Marco Mezquida eta lagunen doinuekin.
Erraldoi bat bestearen atzetik. Eta honek ere bidaian eroango gaitu bere ufada indartsuarekin. Gregory Porter (Sacramento, AEB, 1971) handiaren txanda dugu. Ahots ikaragarria du abeslariak. Baita bihotz ikaragarria ere. Seguruenik orain dagoen musikari interesgarriena dugu Porter jauna, Kokapen espresibo erakargarri batean dago, ez da sentsiblekeria errazean erortzen. Ama klerikoa du, baina Porterren abestiek ez dute erlijio lurrunik, nahiz eta laguntasunari, adiskidetasunari, gertutasunari, eta maitasunen erresumei buruz mintzatzen diren haren letrak. Fina da, naturala. Ardoa aipatzen du behin baino gehiagotan, bizitzako plazer sinpleei begiratzen dio zeharka, edo zuzenean. Eta aurrez aurre begiratzen dio munduari, harrokeriarik gabe. Gerrako danbor hotsei lehen lerroan zutik jarri, eta maitasun abesti sendoekin aurre egiten dieten horietako dugu Porter jauna. Pennicott jauna saxo tenorrarekin, bizi eta jostagarri, orkestra zuzendari bihurria zirudien. Crawford jaunak, pianoan, errepaso dotore bat eman dio jazzaren historiari porrusalda berezi batekin. Jahmal Nichols baxu jotzailea ere berezia da: bakarkakoa moztu, eta tarteka Porterren abesti arrakastatsuen zatitxoak eskaini ditu.
Ederra kontzertua. Ederra Porter jauna. Sarritan etorri zara Jazzaldira, eta zurekin sarritan egotea espero dugu. Gero eta solteago, gero eta sortzaileago. Aurten hala sumatu zaitut. Nola izango ote da hurrengoan? Zain egongo gara.