Oparoa izan ohi da udazkena euskal kulturaren uztari dagokionez, urte osoan ereindako eta landutako hazi horien fruitu ugari jasotzen baititugu bolada honetan. Izan liteke Durangoko Azoka gainean daukagula, udako festibal guztien ondoren nazioarteko talde famatuen birak alde batera gelditu direla, edota, eguraldi aldaketarekin, herriko festetako plazetako kontzertuetatik areto txikietakoei eta gaztetxeetakoei paso ematen zaiela. Musikari ugarik dakarte, aurten ere, lan berriren bat besapean publiko harberarentzat, eta horietako bat dugu Orbel taldea.
Duela bi urte Beyond There izeneko lan laburra argitaratu ondoren, lehen disko luzea dakarte oraingoan. Gregoire Orio arduratu da musikari irudia jartzeaz, azaleko zuri-beltzeko irudi lauso eta ilunean barruan aurkituko dugunaren isla ezin hobea eginez. Bera izan da abestien bideoklip bikoitza zuzendu duena ere, Itzulera eta Hegan abestiak maisuki azalduz ikus-entzunezko bakar batean. Etxe herdoilduak aurrerapen kantuarekin lan osoa entzuteko irrikaz utzi gintuzten, eta ez da gutxiagorako izan, Hegan izeneko lanak aho zabalik utzi baitu bat baino gehiago. Baionako laukoteak sorturiko zortzi abestietan iluntasuna da nagusi, doinu pisutsu eta motelak; baina, era berean, ahotsarekin gozatutako melodiek presentzia nabarmena dute, eta ezin hobeto moldatu ditu grabazioan Johannes Buffek.
Swans eta Neurosis taldeen ukitua dutela irakurri dut nonbait, eta ez zaie arrazoirik falta, baina are gehiago gustatu zait definizio hau: «Eguzki distiratsu bat ezkutatzen dagoen ozeano ilun batean, kontraste hori argitzen duen horizontea da Orbel».Distortsio luze eta ilunekin erraiak urratzen dizuten bitartean, ahots goxoak laztanduko bazintu bezala sentiarazten baitzaituzte 37 minututan. Hitzek ere badute gordintasunetik ugari: «Ispiluaren aitzinean begirada izozten zait. Zure baitan sartutako labana ahantzi dut jada. Eta orain biziko naiz zure begien islan, zure azken arnasan ireki ditut hegalak». Emeki-emeki hasi eta intentsitatea hartzen doaz abesti gehienak, askotan berriro leunki amaitzeko, baina, lehen segundotik, entzulea sitentizadore, baxu eta gitarrekin lorturiko atmosfera ilunetan barneratzea lortzen dute. Post-rocketik ere asko duen taldeak badaki nondik nora jo nahi duen, eta lana argitaratu dutenetik apenas bi aste pasatu direnean Euskal Herriko publiko asko konkistatu dute jada, baita frantziar estatukoa ere, zuzeneko agendak erakusten duen bezala.
Ez dakit zerk eraman dituen diskoa udazkenean sartu berritan argitaratzera, baina ezin kontentuago gaude zaleak, opor ondorengo sindromea arintzen baitizkigute ia konturatu ere egin gabe datozkigun horrelako altxor txikiek. Udazkeneko uztako delicatessen-a.
Musika. Orbel 'Hegan'
Erraiak urratuz laztantzen
Diskoetxea: Usopop / Dingleberry Records / Urgence Disk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu