Donostiako 69. Zinemaldia. Donostia saria

«Erosoago nago protesien atzean, ni neu izaten baino»

Johnny Depp aktoreak jaso du aurtengo bigarren Donostia saria. Tratu txarren akusazioari buruzko galderei ez die erantzun, eta babesa eskertu dio Zinemaldiari

Johnny Depp aktorea, atzo, arratsaldean prentsaurreko agerraldia egin baino lehen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Pertsonaia ikonikoak antzeztu dituzten aktoreekin gertatzen da ikusleek filmetako pertsonak ikusten dituztela benetan, benetakoen ordez. Johnny Depp aktoreak (Owensboro, AEB, 1963) pertsonaia aski ezagun ugariren rola jokatu du zineman, eta berak ere sentitu izan du nahasmendu hori: «Pertsonaia bat izatearen ustea edukitzen duzu; arraroa da». Batzuen txalo eta besteen isiltasun artean jaso zuen Donostia saria atzo iluntzean, eta aurretik, Kursaalean prentsaren aurrean egindako agerraldian, haren inguruko polemikaren mamua airean zebilen, lehen hitza nork ebakiko.

Donostiako Zinemaldiak saria Deppi emango ziola esan orduko hasi ziren kritikak: Amber Heard emazte ohiak tratu txarrak leporatu izan dizkiola-eta, hainbat eragilek jaialdiari eskatu zioten ez ziezaiotela saririk eman. Zinemaldiak nabarmendu zuen aktorearen ibilbide artistikoari egin nahi diotela aitortza, eta errugabetasun presuntzioari eutsi zioten erabakia justifikatzeko.

Kursaaleko prentsa aretoa bete-beteta zegoela iritsi zen Depp hara, eta esan zituen lehen hitzekin argi geratu zen zer tonutan hitz egingo zuen gai horri buruz: «Beldurtu egin nauzue momentu batean; uste nuen bota egin nahi ninduzuela». Prentsaurrekoaren gidariak ere hasieratik ezarri zituen mugak: «Mesedez, egin Depp jaunari bere ibilbide profesionalari buruzko galderak, horregatik baitago hemen, bere karrerari omenaldi bat egiteko». Kazetari batek zuzenean galdetu zion hainbat eragilek saririk ez emateko egindako eskaeraz, eta gidariak berak adierazi zuen Deppek ez ziola horri erantzungo.

Muga horiei itzuri eginez, aktorearen inguruko zalapartak bere ibilbide artistikoari nola eragingo dion galdetu ziotenean, Deppek barrenak husteko baliatu zuen erantzuna: «Kantzelazioaren kultura kutsatutako airea bezalakoa da. Egia esan, uste dut orain seguru nagoela. Hala ere, egoera gure kontroletik aterata dago, eta inor ez dago seguru; zuetako inor ere ez. Baldin eta norbait prest badago esaldi bat esateko, hori nahikoa da. Jende askok sufritu du horregatik».

Deppek 1980ko hamarkadako film ezagun batean egin zuen debuta: Wes Cravenen A Nightmare on Elm Street filmean (1984). 1990eko hamarkadan, AEBetako film independenteetan aritu zen lanean, eta ezaguna da Jim Jarmuschen Dead Man (1995), baita Tim Burtonekin egindako lanak ere: Edward Scissorhands (1990) eta Ed Wood (1994). Burtonekin harreman oparoa izan du hasiera hartaz geroztik, eta maiz egin dute lan elkarrekin. Pertsonaia gogoangarriak dira Charlie and the Chocolate Factory-ko (2005) Willy Wonka eta Alice in Wonderland-eko Mad Hatter (2010).

Akaso Pirates of the Caribbean sagako Jack Sparrow kapitaina izango da Deppek antzeztutako pertsonaiarik bereziena ikusle askorentzat. Hearden salaketaren ondorioz, Disneyk Depp filmetatik kanpo uztea erabaki zuen. Atzo, esan zuen edozein unetan dela «Sparrowrekin bidaiatzeko gai». «Ez dut enpresarik behar Jack Sparrow izateko eta irribarreak ateratzeko».

Deppek fantasiazko zineman lan egin du batez ere. Prentsaurrekoan esan zuenez, umetatik gustatzen zaizkio beldurrezko film mutuak, eta, Burton ezagutu zuenean, «berehala konektatu» zuten. Fantasiazko rolak egitean, zera interesatzen zaio gehien: «Maskarak makillajearen atzean ezkutatzeko aukera ematen dizu. Ihes egin dezakezu zure zamatik. Ni erosoago sentitzen naiz protesien atzean, neure burua izaten baino. Arraroa da, ezta?».

Aktorea izatez gain, ekoizlea ere bada. Gogor kritikatu zuen atzo Hollywoodeko estudio sistema: «Ez da lehen zena, ezta inola ere». Aktoreak eta ikusleak gutxiesten dituzte, haren ustean: «Erabili eta botatzekoak garela uste dute. Gainera, ikuslea ez dute aintzat hartzen, modu irrigarrian tratatzen dituzte. Uste dut Hollywooden arrakalak begien bistan daudela, eta ni pozik nago arrakala horiek lehenago ikusi izanaz».

Zinemaldiari eskerrak

Deppek atzo iluntzean jaso zuen saria, Kursaalean egindako gala batean. Saria jasotzean norengan pentsatuko zuen galdetu ziotenean, Donostiako Zinemaldiari eman zizkion eskerrak: «Batez ere gogoan izango dut Zinemaldiak nola babestu nauen; Jose Luisek [Rebordinos, zuzendaria], Donostiako alkateak... Usteko banu ni hemen egoteak inor mindu lezakeenik, kezkatuta egongo nintzateke. Baina argi nuen etorriko nintzela, atsegin nuela leku hau. Errespetu handia diot zinemaldi honi, ez dagoelako itxurakeriatan oinarrituta, filmetan eta zinemagileetan baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.