Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak. Aitor Bizkarra Ruiz. Bertsolaria

«Eroso egon nintzen oholtzan, kanturako jarioarekin»

Bizkarra 693,5 puntu eskuratuta nagusitu zen igandean, Lizarrako saioan. Hortaz, zuzenean sailkatu da azaroaren 12an Durangon jokatuko den finalaurrekorako.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Oholtzara igo eta listua irentsi orduko, indartsu ekin zion kantuari Aitor Bizkarrak (Abadiño, Bizkaia, 1996). Ariketa guztietan izan zituen ateraldi politak, eta Lizarrako Los Llanos aretoko (Nafarroa) oholtzari tamaina hartuta nagusitu zen igandeko saioan. Goitik behera josi zituen bertsoak, zehaztasun eta egiazkotasun zantzuekin, kolpe bakoitzean ale gogoangarriak utzita. Aise gailendu zen, gainera: bigarrenari 27,5 punturen aldea aterata. Amaierako agurrean borobildu zuen egindako lana: «Saiatzeak dakarren/ lortzeko arriskua». Arriskatu eta lortu. Hala egin, eta zuzenean lortu zuen finalaurrekoetan kantatzeko aukera.

Igandeko final-laurdena irabazi ondoren, zer moduz zaude?

Ondo. Buruko min apur batekin, baina oso pozik.

Zure ariketa puntuagarriak amaitzerako, espero zenuen irabaztea?

Sentsazio onak eduki nituen saio osoan. Hotzean pentsatuta, egia da ikusi nizkiola neure buruari hobetu beharreko gauza dezente.

Bertsokideek esan zidaten ondo nenbilela, eta goitik ikusten nindutela. Ni ez naiz saioan besteen bertsoak asko entzutekoa, baina sentitzen nuen Maialenekin izan nezakeela lehia puntuetan. Koitaduari, baina, ganbarako lana ez zitzaion nahi bezain ondo atera. Hor sentitu nuen irabaz nezakeela, bai.

Zer moduz sentitu zinen oholtza gainean?

Ba, nahiko eroso sentitu nintzen oholtzan, egia esan, bertsotarako jarioarekin. Ez dakit zelan esan...

Erraz?

Bai, erraz aritu nintzela esango nuke: bertsoak nahiko erraz etorri zitzaizkidan. Agian, kalterako ere izan zen hori; saioan zehar ez bainuen sumatu neure burua lanean, eta, azkenerako, ordaindu egin nuen hori.

Nola nabaritu zenituen oholtzatik entzuleak?

Bero. Ez ninduen harritu, hala ere: espero nuen aurretik. Azken final-laurdena zen, eta denek zekiten saioaren amaieran erabakiko zela zein bertsolarik kantatuko zuten finalaurrekoetan.

Ia ariketa guztietan zuk lortu zenuen puntu gehien. Halere, ganbarako lanean nagusitu zinen nabarmen. Hau zenuten gaia: «Zure egoera orain arte ezkutuan mantendu duzu. Gaur, laguntza eskatu beharrean zaude». Honela amaitu zenuen lehen bertsoa: «Kaixo, Aitor naiz/ ta depresioa daukat». Argi ikusi zenuen zer ikuspegitatik kantatu?

Egia esateko, bai. Argi neukan ez nintzela ibiliko erabakitzen hainbat aukeraren artean. Beraz, otu zitzaidan lehenengo gaiari kantatu nion, depresioari. Banekien burura etortzen zitzaidan lehen gaiari, horrexeri kantatuko niola. Eta hala egin nuen; berehala hasi nintzen bertsoak horren gainean moldatzen.

Hor amaitu ziren zure ariketa puntuagarri guztiak. Arnasterik izan zenuen orduan?

Eseri nintzenean, kideek zoriondu egin ninduten; ondo egin nuela esan zidaten. Gustura nengoen. Gainera, hasieran uste nuen saio osoan aritu nintzela nahiko ondo. Gero konturatu nintzen ez zela guztiz horrela izan.

Zer dela eta?

Ohartu nintzen zortziko txikian ez nuela eta ez genuela bereziki asmatu. Batez ere azken bertsoan, baina bigarren biak ere nahiko txapapera joan ziren.

Zalantza daukat ez ote zidaten zigortu hamarreko txikiko ariketa ere. Egia da jarioz aritu ginela bertsotan, baina gaitik kanpo. Abiapuntu gisa hartu genuen gaia, baina abiapuntu gisa bakarrik.

Abiatu ondo abiatu zineten, baina agian ez zenioten ondo heldu gaiari, ezta?

Ez genion askorik heldu, ez. Hamarreko txikian hobeto aritu ginela esango nuke; horrela sentitu nuen nik behintzat. Gustura, beraz, baina beldur pixka batekin ere bai. Kideek esaten zidaten, hala ere, ondo ari nintzela eta nik irabaz nezakeela.

Zortziko txikia eta hamarreko txikia aipatu dituzu. Dena dela, fin aritu zinen zortziko handian, Maialen Akizurekin batera. Puntuazioa da horren erakusgarri. Unibertsitateko bi ikasleren rola jokatu behar izan zenuten. Gradua uztekotan zinela kantatu behar izan zenuen zuk.

Bai. Aipatu ditudan bi ariketa horien gorputzaldi bertsuarekin aritu nintzen hor ere bertsotan. Lehen bertsoan, adibidez, gustatu zitzaidan amaiera nola gelditu zitzaidan.

«Ba niretzat da galera huts bat/ hau da bizi injustua/ desilusio bikoitza baita/ ilusio zapuztua». Hori izan zen lehen bertsoaren amaiera.

Birritan pentsatu gabe hasi nintzen, eta nahiko lan izan nuen lehenengo bertsoa moldatzen. Beste batzuetan, adibidez, tokatzen da ez zaizkizula bertsoak parean suertatzen, eta lan eta lan aritu behar izaten duzu. Atzo ez zen hala izan, eta horrek alde onak eta txarrak dauzka. Indarka ibili nintzen lehen bertso horretan, baina dezenteko amaiera bat neukan buruan, eta horrela bota nuen.

Puntuak alde batera utzita, bertsolarien helburua izaten da zeuenetik ahalik eta gehien ematea edo zeuen estiloan aritzea. Noiz lortu zenuela esango zenuke?

Ariketa guztietan izan zen ale politen bat, edo hala sentitu nuen nik behintzat. Puntu erantzunetan, adibidez. Pare-parean suertatu zitzaidan jaiotza tasaren gaia. Argi neukan gaia, eta, lehen puntua entzun nuenetik, argi nuen ez nuela demografiaren inguruko inolako hausnarketarik egingo. Atzeko bostak guraso izan berritan zeudenez, horri heldu, eta umorearekin nahastea erabaki nuen lehen kolpean.

Arrakasta izan zuen horrek.

Bai. Baina egia da ez nituela hiru puntu erantzunak onak bota. Akaso lehenbizikoa eta bigarrena izango ziren balekoak, baina hirugarrena eskas samar joan zen: ihes egin zidan. Beraz, noiz lortu nuen gustura sentitzea eta neuretik ematea? Bada, ganbarako lanean, ziurrenik.

Baduzu finalaurrekoetan kantatzeko eguna: azaroaren 12a, Durangoko Landakon [Bizkaia]. Bertsolari hauek izango dituzu kantukide: Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. Nola begiratzen diozu egun horri? Nola entrenatuko zara?

Orain arte aritu bezala arituko naiz: ez dut asmorik ezer berezirik edo aparteko ezer egiteko. Lagunekin geldituko naiz bertsotan egiteko, orain arte egin dudan bezala, eta egunkaria irakurriko dut goizero. Ezer gutxi gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.