Erortzen ari den munduaz

81 urte betetzear dela, John Calek segitzen du pauso bat aurretik, 'Mercy' bere azken diskoak erakusten duenez. Klasizismoaren eta abangoardiaren artean beti.

Gaur egungo musikariez inguratu da John Cale Mercy disko berria ontzeko. MADELINE MCMANUS.
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Musikari gutxik daukaten curriculum baten jabe da John Cale (Carmarthenshire, Gales, 1942). 1960ko abangoardietan hazi zen; undergroundeko rocka asmatu zuen The Velvet Undergroundekin; The Stooges, Nico nahiz Patti Smithen ekoizle izan da; eta pop barrokotik rock suharrenera doan eremu zabalean mugitu izan da mende erdi baino gehiago dirauen bakarkako bidean. Eman lezake dena esanda eta eginda duela dagoeneko, baina hasi berri den urtean atzera begiratzen ez duen disko batekin itzuli da (Mercy), zeinetan elektronikarekiko zaletasuna eta belaunaldi gazteekiko miresmena biltzen diren.

Izan ere, gaur egungo musikariez inguratu da Cale diskoan, nahiz eta haietako inor ez den artista galestarraren gainetik jartzen kolaborazio horietan. Baina zerrendak argi erakusten du Calek egun egiten den musika segitzen duela: Weyes Blood, Sylvian Esso, Animal Collective, Laurel Halo, Fat White Family, Actress, Tei Shi... Kolaborazio horiek guztiak pandemia betean bururatu zitzaizkion: «Azkeneko bira egin aurretik, kantuak idatziak eta amaituak nituen. Pentsatzen nuen kontzertu haiek bukatu eta lan pixka bat egin ahalko nuela estudioan. Baina pandemia iritsi zen. Eta horrekin egoera deseroso bat, oso arraroa. Esan nion neure buruari: 'Tira, honek nire grabazio asmoak izorratzen ditu'. Ondorioz, kantu guztiak entzun, eta hasi nintzen neure buruari galdetzen zeinek egin zezakeen bere ekarpena».

Diskoan parte hartu duen musikari bakoitza arrazoi batengatik aukeratu du Calek. Fat White Family talde ingelesak, adibidez, agerikoa du The Velvet Undergrounden eragina bere musikan. «Edozein aldetatik etorri ahal zaizun talde zaratatsua da, eta horrek berak erakargarri egiten du haiekin lan egitea». Animal Collectiveko kideak, berriz, haien ahots harmoniengatik hautatu ditu bereziki Everlasting Days kanturako. «Oso talde dibertigarria da, eta asko gozatzen dut haiekin. Harmonia ugari erabiltzen dituzte, eta nik ere The Beach Boys maite ditudanez... Ez dira ortodoxoak; zentzurik onenean».

Geldi egoten ez den musikaria izan arren, hamarkada batean kantu berriz osatu duen lehenengo diskoa da Mercy Calerentzat, bere azken-aurreko lana (Shifty Adventures in Nookie Wood) 2012koa baita. Hura art-rockera lerratutako lana zen, konbentzionalismoei izkin egiten ziena, eta rock nahiz elektronika uztartzen zituena. Mercy-k, aldiz, bestelako Cale bat aurkezten du, rocketik urrun mugitzen dena, eta elektronika batzuetan leun eta besteetan trinko baten bitartez, nolabaiteko giro itxia proposatzen duena, ia narkotikoa. Alde horretatik, gehiago lotzen da Music For a New Society (1982) diskoaren bertsioak biltzen zituen MFANS (2016) lanarekin, hark ere elektronika geruza soil baina, aldi berean, estrainio batekin janzten baitzituen Caleren diskorik garrantzitsuenetako bateko piezak.

Mundu gaixo bat

Ez da Mercy disko erraz bat, eta bere hamabi kantu luzeek —bost eta zazpi minutuen artean daude denak— arreta berezia eskatzen diote entzuleari, azkar identifikatzen diren leloen gainetik —eta badira, halere—, giro bat proposatzen dutelako. Batzuetan lasaigarria eta besteetan aztoragarria. Alde horretatik, eta distantziak distantzia, David Bowieren Blackstar-ekin loturak izan ditzake, nahiz eta hura heriotzak eta gaixotasunak zeharkatutako diskoa izan, eta Caleren azkenak bestelako gaitz batzuk azaleratzen dituen.

Izan ere, musikariak berak aitortu du munduak hartu duen norabideak akuilatutako kantuek osatzen dutela Mercy. Beti hitz literalez ez bada ere, diskoan Brexitaren, klima larrialdiaren eta eskuin muturraren gorakadaren arrastoak antzematen dira, batzuetan ezkortasunez —The Legal Status of Ice-n poloetako izotz urtuaren jabetzaz galdetzen du—, eta, beste batzuetan, enpatiaren eta laguntasunaren aldeko aldarriak eginez —«Ez ote gara gai elkar salbatzeko, sekula ezagutuko ez dugun Jainkoak baino gehiago?» galdetzen du Weyes Bloodekin abestutako Story of Blood-en»—.

Diskoak baditu, gainera, lagun izan zituen eta zendu ziren bi musikari omentzen dituzten beste horrenbeste pieza. Bata Moonstruck (Nico's Song) da, The Velvet Undergrounden lehenengo diskoan parte hartu zuen abeslari alemaniarra gogora ekartzen duena: «Ez nuen omenezko kantu gisa egin. Idatzita nuen, eta ohartu nintzen norbait ekartzen zidala gogora, baina kantua amaitu arte ez nintzen konturatu zein zen. Gero agerikoa egin zitzaidan Nicori buruz ari nintzela hizketan».

Bestea Night Crawling da, Calek eta Bowiek 1970eko hamarkadaren amaieran New Yorken elkarrekin bizi izan zituzten gauen oroitzapena. «Gogoratu nahi nuen zerbait da. David Bowie omendu nahi nuen, besterik gabe». Kantuaren hitzetan Ziggy Stardust-en egilearen aipamen zehatzik egiten ez bada ere, abestiaren animaziozko bideoklipean Cale eta Bowie bera azaltzen dira oroimenera ekarritako gau horietako batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.